Berrituta dator jolasparkeak.eus atari digitala!

Berrituta eta osatuta dator 2017ko uztailean jaiotako jolasparkeak.eus ataria. Lau urteotan Euskal Herri osoan jasotako 60 bat jolasgune, jolas parke eta urgune biltzen ditu gidak. Zerrenda hori handitzen joango da, eta aurrerantzean ‘heziguneak’ izeneko atala ere eskainiko du atariak. Gainera mugikorretatik kontsulta egiteko egokitu dute ataria nork bere herriko espazioak proposatzeko esteka gehituz webgunean.

2017. urtean aurkeztu zuten  jolasparkeak.eus, Euskal Herriko jolaserako eremuen gida. Txatxilipurdi elkartea, Olgeta egitasmoa  eta Goiena Komunikazio Taldeak elkarlanean sortu eta garatu zuten proiektua. Gaur, 2021eko ekainean gidaren itxura berritzea aurkeztu nahi izan dute.

Egitasmoak bere bidea egin du azken urteetan, eta poliki izan arren joan dira gida elikatzen. Egitasmoari bultzada eman nahian eta parte hartzea sustatzeko asmoarekin gidaren itxura eta edukia berritu dituzte.

Azken urteetan herri askotan ezagutu dituzte jolaserako eremuak oinarri izan dituzten parte hartze eta eraldaketa prozesuak. Naturarekin harremana sortzen duten jolaserako aukerak ere nabarmendu izan dituzte adituek, eta askotariko hezkuntza egitasmoren kanpo espazioen eraldaketa bizitzen gabiltza.  Jolaserako eremu aberatsak bilduko dituen gida osatzen jarraitu nahi dute, eta horretarako lau eremu desberdindu dituzte gidan:

Jolasguneak: Herri guztietan daude  jolaserako egokiak diren aire libreko espazioak dira.

"Norberaren jolas esperientzian atzera eginda hortxe aurkituko ditugu kontzejupeak, parkeak, frontoiak, plazak, bolatokiak, naturguneak… Eta beste hainbat jolaserako espazio. Ez dira derrigorrean eta espresuki jolaserako sortutako jolas parkeak.

Naturarekin jolasa ahalbidetzen dutelako edo tradizioz jolasteko “ere” erabili izan direlako. Euskal Herrian zehar jolaserako aproposak izan daitezkeen guneak bildu ditugu atal honetan".

Jolas parkeak: Jolaserako espresuki sortutako parkeak dira.

"Adituek eta arituek hainbat aldiz esan dute haurrek berezkoa duten jolaserako sena kamusten dutela patroi berdina erabiliz eraiki diren jolas parke hauek: alegia, partxis koloreko ziburuek, txirristaz eta abarrez osatutakoak. Eta aldiz, arituek, hau da haurrek, behin eta berriz erakusten digute jolaserako edozein espazio dela egokia edo egitura berdinez ostatutako jolas parkeei beste erabilera bat ematen dietela. Gora eta behera ibiltzea, makilekin eta lurrarekin errekastoak eraikitzea, hanka bakarrean saltoka aritzea, eta nola ez, ezkutaketan aritzea".

"Jolaserako eraiki diren jolas parkeen artean ere badira ohiko patroi errepikakorretatik at material naturalez egindakoak direnak, moldaerrazak direnak, prozesu parte-hartzaileen bidez egin direnak edo haurraren motrizitatea, sormena eta abenturarako sena sustatzen duten elementu originalez osatutakoak direnak. Horiek bildu ditugu atal honetan".

Urguneak: Ura elementu nabarmen moduan duten jolaserako guneak dira,

"Uda garaian, beroari aurre egiteko ura izaten da jolaserako elementu preziatuena. Jolastu ondoren bainu bat hartzea ahalbidetzen duten naturguneak edo jolaserako ura erabiltzea ahalbidetzen duten parkeak batu ditugu atal honetan".

Heziguneak: Gaur egun hezkuntza proiektu ezberdinetan dabiltza espazioak eraldatzen, jolasa aberastu, harreman parekide eta inklusiboak erdigunean jarri, eta haurren garapen prozesuan lagunduko duten guneak  birsortuz.

"Atal honetan, haur guztientzako aukera anitz eta esperientzia esanguratsuak eskaintzen dituzten eta erabilera publikoa duten espazioak  batu nahi izan ditugu. Modu honetan, hezkuntza komunitatearen artean abiatu eta gauzatutako prozesuak bistaratu eta balioan jartzea nahi dugu".

Norbanako, familia edo taldeentzako erabilgarri izango den gida izaten jarraitu nahi dute. "Jolas libre eta espontaneoa maite dugu, naturan jolastean gozatzen dugu eta honegatik hau sustatzen duten eremuak balioan jarri nahi ditugu". Jolasaren eta espazioaren arteko harremanaz hausnartzeko txokoa ere gehitu diote webguneari, Bloga atalean.

Irakurle eta erabiltzaileak beraien inguruan dauden  jolas eremu aberatsak  proposatzera gonbidatu  nahi genituzke, honetarako aukera ere gehitu dugu webgunean.

 

Argibideetarako:

gurasoak@txatxilipurdi.eus

943 79 54 46