Azken hamarkadetan asko aldatu dira hirian, herrietan eta auzoetan leku batetik bestera mugitzeko ohiturak. Joerak zenbateraino aldatu diren ikusteko hurbileko ikastetxe baten atarira joan besterik ez dago sarrera edo irteerako momenturen batean. Duela ez hainbeste urte arte, haurrak eskolara oinez eta nagusien laguntzarik gabe joaten ziren arren, azken urteotan gutxi batzuen lekualdatzeko modua bilakatu da.
Adituen arabera, jokabide horrek haurrengan gero eta nabarmenagoak diren hutsuneak sortu ditu, hala nola, ingurua ezagutzeko zailtasunak, beren kabuz han-hemenka ibiltzeko arazoak, sedentarismoa, kalean beste haurrekin harremanak izateko ohituren galera eta abar. Aldaketa hori, gainera, gure errepideetako zirkulazioaren areagotzean eragina duen beste arrazoietako bat da. Autoek eta abiadurak hartu dituzte kaleak, eta gero eta gehiago dira hiriak herritar askori –horien artean haurrak– bizkarra emanda garatu direla dioten ahotsak.
Helduak pentsatzen ditu hiriak, baina haurrak ez du helduak bezala hautematen kalea. Francesco Tonucci pedagogo eta marrazkilari italiarraren ustez, “oso garrantzitsua da haurrak lehen urtetatik bakarrik irten ahal izatea kalera. Etxeko segurtasuna atzean uztearen plazera bizitzeak eta arriskuaren bizipenak berebiziko garrantzia dute haurraren hazkundean eta garapenean; kalera jaitsi, lagun bat bilatu, ados jarri zein jolasetan eta nola ibiliko diren; edo naturarekin esperimentatuko duten, edo objektuekin; eta elkarrekin hitz egingo dute, helduei buruz edo nahi duten horri buruz; elkarrekin aurre egingo diete euren neurriko arriskuei, zailtasunak gaindituko dituzte, eta arazoak konponduko; etxera nekaturik iritsiko dira, agian zikinak, kitzikatuak, eta bizi izan dutena gurasoei kontatzeko gogo izugarriekin”.
Isabel Prieto de Blas mugikortasunean adituarentzako ere hiria “tresna gisa” ulertu izan dugu azken hamarkadetan eta modu horretan joan dira hazten gure auzoak: “Hamarkadetan logika hori nagusi izateak ekarri dizkigu orain sufritzen ari garen ondorioak. Kotxez bete dira kaleak, eta hori dela eta auzoak, herriak eta hiriak birpentsatu beharra etorri da, berriro pertsona erdigunean jartzeko”.
Testuinguru horretan loratu dira hainbat herrietan eta hirietan haurrak eskolara oinez eta beren kabuz joateko egitasmoak. Donostian duela 16 urte ekin zioten Eskola Bidea proiektuari. Egitasmo hau Europan arrakasta izan duten hainbat esperientzietan oinarritzen da eta gaur egun, Europako beste bost hirirekin lan egiten dute, Civitas-Arquimedes ekimenaren baitan. Proiektuaren sustatzailea izan zen Prieto eta, gaur egun ere, mugikortasun-eredu horren alde lanean dihardu Donostiako Udalaren Mugikortasun Sailean. Aholkulari lanetan ere aritzen da, eta urte hauetan harremana izan du hainbat udalekin, ikastetxeekin, edota mugikortasun-gaiak lantzen dituzten eragileekin. Konta-
tzen duenez, “proiektua aitzakia bat izan da beste hiri eredu baterantz lerrokatzeko. Azken finean, gure hiria bizileku atseginagoa bilakatzea da helburua, haurrentzako auzo seguruagoa, helduentzako ere halakoxea izango delako”.
Eskola Bidea proiektua abian jartzeko, Tonucciren proposamenari heldu ziotela aipatzen du. Tonuccik La città dei bambini (Haurren hiria) liburuan hiria pentsatzeko beste politika bat proposatu zuen 90eko hamarkadan, haurrari entzun eta berau erdigunean jarriko zuen hiri-eredu bat. Pedagogo italiarrak defendatzen duenez, “haurrek eskolara patrikak altxor txikiz beteta dituztela joan beharko lukete, eta hortik abiatuta dakitena atera, ikasgelan horren gainean lan egiteko”. Patrikak altxorrez betetzeko, ordea, askatasunez eta segurtasunez mugitzeko moduko kaleak behar dituzte haurrek. Askotan, hirian zehar barreiaturiko guneetan pasatzen dute eguna umeek; gune batetik bestera, eta etxetik gune horietara euren kabuz joateko aukerarik gabe.
Prietorentzat, “Tonucciren Haurren Hiria proiektua magikoa da, ez da utopikoa; aitzitik, benetakoa da. Guk helburu horiek ditugu proiektuan abiapuntu, baina Mugikortasun Sailean eskura ditugun tresnekin joan gara osa-tzen Donostian garatu dugun proiektua. Zentzu horretan, Mugikortasun Sailetik bi ardatzetan oinarrituta osatu dugu Tonucciren proposamena: azpiegitura aldaketak eginez, batetik, eta zigorrak aplikatuz, bestetik. Nahiago genuke azken hori egin beharko ez bagenu, baina beharrezkoa dela uste dugu, jarrera batzuek ez dutelako batere laguntzen”.
Urte hauetan zehar Donostiako ikastetxeekin egin dute Eskola Bidea proiektuaren lanketa. Azaltzen duenez, “nahiz eta Eskola Bidea izena eduki, ez da eskolara bakarrik zuzentzen den proiektu bat. Eskola gonbidatuta dago, jakina, baina hiri-proiektu bat da horren atzean dagoena. Horregatik saiatzen gara proiektua eskola inguratzen duen komunitatearekin adosten eta aurrera eramaten”. 16 urte hauetan hamaika esperientzia izan dituztela dio, batzuekin gehiago asmatu dutela, eta beste batzuekin gutxiago, baina beti aurrera egin dutela. Altza auzoko esperientzia aipatzen du arrakastatsuenen artean: “2005ean hasi ginen auzotarrekin proiektua lantzen, eta egia esan, topografikoki auzoak zailtasun dezente zituen mugikortasun-ikuspuntutik. Proiektua auzoan martxan jartzea lortu genuen, auzoko hiru eskoletan, auzo elkartea inplikatu zen, Haur Txokoa, Gaztelekua, Kultur Etxea, dendarien elkartea, emakumeena. Eskolara joateko bideak markatu genituen, zebrabideak hobetu, espaloiak zabaldu, autobusen maiztasunak aztertu... Oinbusa ere Altzan sortu zen esperientzia pilotu bezala, ondoren inguruko hainbat herritara zabaldu dena. Oso mugimendu bizia eta arrakastatsua izan zen, eta auzokideei esker gertatu zen hori”.
Haurren ibilbideak
Teknikariak kontatzen duenez, urratsez urrats joaten dira prozesua garatzen: “Ikastetxearen testuinguruan, lan-talde bat osatzen dugu. Saiatzen gara elkartzeko maiztasun bat finkatzen eta mugikortasunari lotutako gaiez hitz egiten dugu. Ikastetxe inguruko arazo nagusiak elkarlanean aztertzen ditugu, hala nola, sarbideena, segurtasunarena eta gure eguneroko joan-etorrien ohiturena. Haurren ibilbideak detektatzen ditugu, jakiteko lehenengo eta behin nola eta nondik etortzen diren haurrak ikastetxe jakin horretara. Modu horretan, eskolarako bidearen argazkiak beti hartzen du armiarma-sare baten itxura, ez dagoelako ibilbide bakar bat”. Izan ere, eskolarako bidea ez baita haurrak etxetik eskolara egiten duen bidea bakarrik. Arratsaldean haurra eskolatik atera eta, beharbada, kiroldegira joango da, edo gaztelekura, edo liburutegira. Horregatik azpimarratzen du Prietok hiria bere osotasunean: “Eskola Bidea proiektuaren baitan ulertzen ditugu haurrek hirian zehar mugitzeko erabiltzen dituzten bideak”.
Proiektuari jarraipena egitearekin batera hasten dira dinamikak diseinatzen, eta argi dute, teknikariaren hitzetan, horiek tokian tokiko komunitatearekin batera eraman behar dituztela aurrera: “Esate baterako, oinatzak marraztu genituen hainbat auzotan haurrek gehien erabiltzen zituzten ibilbideak auzotarrek ere identifikatzeko. Edota pegatina batzuk diseinatu genituen Eskola Bidea proiek-tua identifikatzeko helburuarekin. Tokian tokiko haurrek beraien auzoko dendariekin harremana egin zuten, proiek-tua azaldu zieten, eta saltokietan jarri zituzten pegatinak. Ekintza horrek dendariak ere proiektuan inplikatu zituen, eta pegatina hori komunitate horrek ere haurrak zaintzen dituenaren adierazle gisa erabili izan da”.
Helduen beldurrak eta kezkak
Haurrak beren kabuz hirian edo herrian ibiltzeak, eta bereziki, kalean aske jolasteak onurak dituela jakinagatik ere, helduengan beldurra nagusitzen da haurrak kalean bakarrik uztean. Prietorentzat norabide honetan aurrera egiteko beharrezkoa da helduen beldurrak eta kezkak ondo bideratzea. Zentzu horretan, badira bi urte Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatearekin elkarlanean gaia lantzen ari direla, eta ikerketatik ateratzen ari diren emaitzen arabera, “askotan erosotasuna da beldurraren
atzean dagoena, modu inkontzientean bada ere. Gure buruan modu inkontzientean eraikitzen diren jarrerek, gure egunerokoa errazago, azkarrago eta erosoago egitea bilatzen dute. Horrela sentitzen dugu, baina hori aitortu beharrean maiz haurra eskolara bakarrik joateak beldurra ematen digula esaten dugu. Eta 7, 8, 9 urtetik aurrera, haurra gai da prozesu horri ekiteko. Gogorra da horrela esatea, baina askotan ez diegu uzten, komeni ez zaigulako”.
Haurrak eskolarako bidea beren kabuz egiteko “prozesua bizitzearen beharra” aldarrikatzen du: “Inork ez du ikasi zapaten lokarriak lotzen egun batetik bestera. Prozesu sinplea izan daiteke, baina egin beharrekoa. Eskola Bidea-ren kasuan ere berdina gertatzen da. Eta Lehen Hezkuntzako garaian ez badiegu uzten, oraindik txikiak ikusten ditugulako edo euria egiten duen egunetan ez bustitzeko kotxez eramaten ditugulako, Bigarren Hezkuntzara pasatzean, jada ez dute nahiko gurasoek laguntzea. Baina bidean galdu dute autonomia eta ardura lantzeko prozesua egiteko aukera, bai haurrek eta baita gurasoek ere”.
Haurrak auzoan beren kabuz jolasean ikusteko, eta hiriak berriro bizileku —topaleku eta jolasleku— bilakatzeko, bestelako mugikortasun-eredu baten aldeko kontzientzia hartzen jarraitzea beharrezkoa da Prietoren iritziz. Tonuccik ere haurra ezartzen du kaleen segurtasunaren berme: “Haurrak kalean jolasean dabiltzanean, eurak bakarrik oinez ibil daitezkeenean, hiriak osasuntsu daudela esan nahi du; kalean ez baldin bada haurrik ikusten, berriz, kontrakoa: hiri hori gaixo dago”. Mugikortasuneko teknikaria ere bat dator ideia horrekin. “Haurrei auzoan autonomiaz eta arduraz mugitzen uzten badiegu, eta hori gure hirian posible dela ikusten badugu, horrek aditzera emango digu bide egokia hartu dugula, edo bestenaz, oraindik hobetu beharrean aurkitzen garela ikusiko dugu”.
"Eskola Bidea" esperientzia
Donostian Eskola Bidearen inguruan egindako 16 urteko ibilian hamaika ekimen garatu dituzte eta badira urte batzuk egitasmoak beste jauzi bat egin duela. 2016an Eskola Bidea Esperientzia jarri zuten abian Udaleko Mugikortasun Sailak eta Ostargi gizarte elkarteak elkarlanean. Begirada berri bat bilatzea zen asmoa, proiektuan protagonista zirenen begiradan jartzea fokua. Francesco Tonuccik esana da, “haurra erdigunean jarriko duen hiri-eredu bat pentsa-tzeko garaian, lehen egitekoa haiei ahotsa eman eta entzutea da”. Ildo horretan, 2016an Intxaurrondon ekin zioten ibilbideari, Aieteko eta Amarako esperientziak batu zaizkie ondorengo urteetan. Oscar Sanz Ostargiko kideak azal-tzen duenez, “ordura arte, hainbat proiektu gauzatu ziren, haurrak eskolara oinez eta beraien kabuz joatea sustatzeko dinamikak. Hala nola, oinezkoen taldeak antolatzea, bide seguru bat bermatzea, Oinbusa, kaleko arauak lantzea, haurren ibilbideak identifikatu eta ikusgai jartzea… Gehienbat helduen ikuspegitik diseinatu dira egitasmo horiek, eta Eskola Bidea Esperientzia-ren bidez haurren sentsazio eta beharretan jarri nahi izan da atentzioa. Haurrak prozesuan protagonistak izatea nahi genuen, hasieratik bertatik parte aktiboa senti zitezen”.
Ez baita sentsazio berdina bizitzen eskolara lagunekin joatean, neba-arrebekin, gurasoekin, autoan, bizikletaz, oinez edota euria egiten duen egunetan. “Sentsazio horiek guztiak jasotzen joan gara eta horrekin guztiarekin konek-tatzen”, dio Sanzek, eta honakoa gaineratzen du: “Prozesu bat bezala ulertzen dugu Eskola Bidea Esperientzia, eta aurretiazko diskurtso bat ezarri gabe aritu gara lanean. Lehenengo eta behin, elkar-entzutea izan da gakoa, elkarrekin konektatu eta jakin nola bizi duten haurrek etxetik eskolarako bidea”.
Elkar-entzute horretatik hainbat bizipen jaso dituzte haurren eskutik: “Haurrek ez zuten bide bakar bat iradoki-tzen; oinez, bizikletaz edo hobeto patinetez. Ez zegoen hobea zen biderik, baizik eta bide asko zeuden. Eta interesgarria izan zen beraientzako ere horren kontzientzia hartzea eta elkarrekin sentsazioak partekatzea”. Momentu eta bizipen asko aipatu zituzten haurrek: “Gurasoekin kotxean joatean, beren gustuko musika jarri eta aitak edo amak ero moduan abesten zuen momentu hori gustuko zuela aipatzen zuen batek, goizetan gurasoen erritmoa jarraitu beharrak eta arreba txikiak oinetakoak jantzi arte itxaroteko momentuak estresa sortzen ziola beste batek, lagunekin joatean eta helduek entzun gabe nahi zutenari buruz hitz egiten zuten momentua azpimarratzen zuen beste batek, edota gurasoekin bizikletaz joaten ikasi eta eskolatik urrutien bizi zen haurra bizikletarekin bere kabuz nola joaten zen kontatzen zuenik ere bazen. Bazeuden, baita ere, eskolara bakarrik joan nahi zuten haurrak, baina ezin zutenak, gurasoek artean ez zietelako baimentzen. Batek aipatzen zuen bakarrik aurrerago joango zela esaten ziotela, baina haurrak aipatzen zuen berak bakarrik joan nahi zuela orduantxe, emozio edo bizipen hori bizi nahi zuela; bazekielako aurrerago ez zela berdina izango. Era berean, bazeuden bakarrik joan nahi ez zuten haur batzuk ere. Edota zenbait familiatan eskolara joateko momentu hori gurasoekin beraien gauzez hitz egiteko baliatzen zutenak, egunean zehar ez zeukatelako beharbada horretarako beste espaziorik”.
Batez ere, 3. 4. eta 5. mailako haurrekin garatu dute Eskola Bidea Esperientzia Intxaurrondo, Aiete eta Amarako ikastetxeetan. Ostargiko kide den Saioa Aginakok kontatzen duenez, “hazte-prozesuaren baitan, aldi hau oso garrantzitsua zela deskubritzen joan gara. Gurasoek konfiantza transferitzen duten garaia izan ohi da eta haurrek beraien autonomian urrats esanguratsuak ematen dituztena. Momentu hori klabea da auzoa lagunekin esploratzeko. Hala eta guztiz ere, etapa honetan guraso guztiek ez diote ematen autonomia hori euren seme-alabei”. Horregatik, interesgarria ikusi zuten haurren begirada gurasoekin partekatzea eta modu horretan hasi zuten lanketa haiekin. “Intxaurrondoko lehenengo esperientzia hartatik jasotzen joan ginenetik ikusi genuen gurasoengana iristea garrantzitsua zela. Bagenekien ez zela erraza izango, beraien egunerokoan tarte bat egitea eskatzen zuelako. Baina hala ere, saiatu egin ginen eta esan dezakegu Aieten eta Amaran lortu dugula hainbat dinamiken bidez gurasoekin ere lanketak egitea”, aipatzen du Aginakok.
Auzotarren inplikazioa
Eskola bide seguru bat lortzeko, baina, auzoaren inplikazioak ere asko lagundu dezake. Horregatik, garbi izan dute Ostargikoek hasieratik komunitate ikuspegi batetik lan egin behar zutela, auzoka. “Haurrek eskolara egiten duten bidearekin konektatzean, beldurrak, sumatzen dituzten babesguneak, distrazioak edota arreta deitzen dieten elementuak atera dira. Kontakizun horiek, dinamika ezberdinen bidez, auzotarrekin partekatzen saiatu gara”, dio Sanzek. Modu horretan, auzoetako kultur etxeetan erakusketak egin dituzte, ginkanak, panelak sortu eta ikusgai jarri edota Amarako kasuan etxerik gabekoen harrera gunean tailerrak egin dituzte. Gaineratzen dutenez, “proiektuaren izaera komunitario horrengatik, auzoko ikastetxeetako ordezkariak biltzen dituen espazio bat sortzea izan da abiapuntua, eta guztien artean, mugikortasunak ukitzen dituen gaiez hitz egitea, eta, batez ere, elkar entzutea”.
Izan ere, ikastetxeak ere protagonista nagusiak izan dira prozesu honetan zehar. Ostargiko kideen esanetan, “ikastetxeen aldetik ez zegoen eskari konkretu eta komun bat, baina esan dezakegu bazegoela mugikortasunaren arloan hausnartzeko gogoa. Ikastetxe batzuk oso inplikatuta ikusi ditugu eta poztekoa izan da hori. Eskola Bidea Esperientzia-ren bidez gai asko atera dira mahai gainera, eta hainbat irakaslek aukera horiek baliatu dituzte ikasturtean zehar zenbait gaitan sakontzen joateko”.
Aldi berean, mugikortasun-jasangarria errazteko soluzio urbanoak bilatu beharraz ere mintzo dira Ostargikoak. “Ezin da urtero eskola barruan autoen aparkalekuari gero eta espazio handiagoa gehitzen aritu. Jakina, hor kontraesanak zeuden, eta apustuak ere bai; momentu oso konpetitibo batean, ikastetxearen ondoan errazago aparkatu ahal izatea erakargarria izan daiteke beste zentroen aldean, edota alderantziz”.
Ingurumari horretan Aginakok denbora aipatzen du soluzio bide bezala: “Eskoletako sarbideetan aldaketa esangura-tsuak hautematen hasteko, denbora behar duten prozesuak aurrera eramaten jarraitu beharra dago. Bizimodua errazago egiteko zenbait ohitura hartu ditugu, baina kontuan izan behar dugu ohitura horiek eragina dutela gure seme-alaben ohituretan. Hori aldatzeko gehiago hausnartu behar dugu, denbora gehiago eskaini gaiari eta kotxea hartu baino lehen apur bat pentsatu”.
Isabel Prietok ere bat egiten du ideia horrekin: “Beharrezkoa da gelditzea, pentsatzea, galdetzea zer nahi duten guraso bezala, zer den haurrek nahi dutena, elkar entzutea, eta erabakitzea zer aldatzeko prest gauden eta zer ez. Egia da bizi garen gizarte honek ez duela asko laguntzen, baina beharrezkoa da gelditzea eta hausnartzea. Haurrek eskertuko dute eta bide batez, hiriari, herriari edo auzoari mesede handia egingo diogu”.
Eskolarako Esperientzia berriak loratzen
Eskolarako bidea mugikortasun-jasangarriago baten norabidean lerrokatu asmoz, hainbat proiektu abiatu dira gure lurraldearen hamaika hiri eta herrietan. Oñatin, esaterako, Bagabiltz-Eskola Bidea izenarekin hasi zuten duela sei urte haurrek eskolarako bidea modu jasangarriagoan egitea sustatzeko proiektua. Udalaren Hezkuntza Sailak eta Oñatiko ikastetxeek elkarlanean gidatzen dute egitasmoa eta bi ardatz nagusi dituzte jomugan: batetik, ikastetxerako joan-etorrietan mugikortasun aktiboagoa, jasangarria eta segurua sustatzea; eta, aldi berean, eragileen artean elkarlana, partaidetza-, hausnarketa- eta eraldaketa-prozesu bat suspertu nahi dute.
Bagabiltz-en sei urte hauetan hamaika ekimen egin dituzte, hala nola: joan-etorrien inguruko datu-bilketak, haurrak bidean elkartzeko Juntalekuen egitasmoa, argazki lehiaketak, espazio publikoaren gaineko azterketak, ikastetxe ondoko ibilgailuen espazioak urtean egun batez haurrei eskaintzea etab. Iaz, ekimenaren 5. urteurrenaren harira, Eskola Bidea-ren inguruko jardunaldiak egin zituzten herrian bertan. Jardunaldien bidez esperientzia eredugarriak ezagutzeko aukera izan zuten eta Oñatin egindako lana balorean jarri zuten. Iñaki Akizu Udaleko Hezkuntza eta Euskara teknikariaren arabera, “Bagabiltz-en ibilian ikastetxeak oso inplikatuta ikusi ditugu eta herritarrengandik ere balorazio oso onak jaso ditugu”. Aipatzen duenez, Oñatin ere eskolarako joan-etorriak motordun ibilgailuetan egiteko ohiturak indar handia du eta joera hori aldatzeko lanean jarraitu beharraz mintzo da, “pixkanaka espazio publikoa pertsonentzat berreskuratzeko”.
Leioan Bizibideak izenarekin egin da ezagun egitasmoa eta herriko hainbat eragilek parte hartzen dute talde eragilean: ikastetxeek, Udalak, osasun zentroak, udaltzaingoak, Euskal Herriko Unibertsitateak, guraso elkarteak, auzoetako elkarteek... Prozesuaren gidaritza lanetan dabil Solasgune Komunitate eta Ikaskuntza enpresa eta bertako lankide den Ane Aramendiak aipatzen du urtero “erronka” izaten dela prozesua berraktibatzea. Aurten, Haur Ibiltarien Topaketa egiten duten bigarren urtea izan da —irailean egin zuten Mugikortasunaren Astearen barnean—, eta jai giroan, herriko ikastetxe guztiak eredu jasangarriago eta aktiboago bateranzko aldarrikapenera batzen dituzte.
Leioan ere duela lau urte hasitako bidea egiten jarraitzen dute eta orain arteko dinamikak aberasteko asmoz, ekimen berri bati ekingo diote ikasturte honetan. Aramendiak aipatzen du, garbi dutela Bizibideak proiektua haurrena dela eta beraiek izan behar dutela eragile nagusiak. Ikuspegi horri erantzuteko sortu dute Mugikortasunaren Haurren Behatokia. Hainbat ikastetxetako 6. mailako haurrak biltzen ditu eta ikasturtean zehar hiru alditan elkartzea aurreikusten dute, herriko alkatea lagun dutela.
Osasun zentroekin egiten duten elkarlana ere esangura-tsua da Leioako esperientzian. Metro minuto dinamikaren bidez, eskolarako bideetan 39 seinale identifikatu dituzte eta batetik bestera dauden distantzia eta minutuak ere bai. Hori guztia gida batean jasota daukate eta pediatrak haurren 10 urteko azterketan familiei banatzen die, ohitura osasuntsuak sustatu asmoz.
Hik Hasi