Ikastetxe feminista batek zein ezaugarri izan behar ditu?

Ikasleek eztabaidatu dute zer botatzen duten faltan eta zein aldaketa egin behar diren euren eskolan, ikastetxe feminista izan dadin, eta dekalogoa osatu dute. Irungo Toki Alai institutuan egin dute eta dekalogoa ikasgela guztietan jarri dute, bidea zein den presente izateko.

Iturria: argia.eus 

“Ikastetxe feminista garela aldarrikatu eta publiko egiteko asmoz” abiatu zuten ekintza, Toki Alaiko Hezkidetza arduradun Beatriz Rubio Peralesek azaldu digunez. 3. eta 4. DBHko Hezkidetza ordezkariek hartu dute parte prozesuan (14-16 urte inguruko ikasleak, gehienbat neskak). Ikasle eta neska gisa zer nabaritzen duzue, zer ezin duzue jasan, zer botatzen duzue faltan, zer nahi duzue aldatu… eskolan? Galdera horiei tiraka ideia zaparrada atera zuten eta zerrenda luze hori hamar puntutara ekarri zuten ondoren, ideia nagusiak laburbilduz.

Ikasgelan nesken ahotsa aintzat hartzea

Ikastetxean aske janzteko, mugitzeko eta maitatzeko eskubidea bermatzea; irain eta eraso matxistarik ez onartzea; irakasleek erabiltzen duten materiala parekidea eta feministagoa izatea; gelan nesken ahotsa kontuan hartzea; patioa, komuna eta ikastetxeko gainerako espazioak berrantolatzea ikuspegi feminista batetik; indarkeria LGTBIQ+fobikorik ez onartzea… eskatu dute dekalogoan, besteak beste (dekalogoa osorik, beheko irudian).

Dekalogoa ikastetxeko gainerako kideekin partekatu ondoren, bai pasilloan, bai ikasgela guztietan zintzilikatu dute. Hurrengo urratsak? “Ikasleek eta irakasleek betetzea bertan idatzitakoa, sinesten dugun horren defentsa egitea eta berau lortzeko ekintzak bultzatzea”, argitu digu Rubiok.

Bikote harreman toxikoen eskaileraz ikastetxe honetako gazteekin egindako lanketaz ere artikulua argitaratu dute ARGIAn.