Oinherri Herri hezitzaileen sarearen aurkezpena, herriko hezkuntza eragileei

Asteazken arratsaldean Subijana etxean izan ginen herriko eragileekin izandako bilkuran. Bertan, Oinherri zer den eta zertan sinisten dugu azaldu genituen.

Udalak herria balioen eremu hezitzaile moduan sustatu nahi du; izan ere, ulertzen du hezkuntza, familiatik eta eskolatik haratago luzatzen dela, eta ez dela haurtzaroan hasi eta haurtzaroan bukatzen den prozesua.

Horregatik, Udala bera ere hezkuntza eragilea dela pentsatzen du, herriko ikastetxe, hezkuntza ez formaleko eragile eta herrigintzako elkarteekin batera. Hori horrela, Amasa-Villabona eremu hezitzaile moduan garatzen hasteko eta elkarlan horizontalak eraikitzeko Oinherri elkartearekin elkarlana bideratu nahi du.

Asteazken arratsaldean Subijana etxean herriko eragileekin izandako bilkuran, herri hezitzailea izateko 7 giltzarriak azaldu zituen Oinherriko ordezkariak: Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzailea eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta ingurumen kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea.

Udalak parte hartzearen kulturan orain arte egindako ibilbidea balioan jarri eta, hitzarmen honekin gobernantza eredu parte-hartzaileen ezagutzan eta hedapenean sakontzen jarraitu nahi du, haurrak erdigunean kokatuz, eta denon ongizatea bermatuko duen herri bat eraikitzen jarraitu.