Eskola kirolaren inguruko hausnarketari ekin diote Urola Kostako hainbat udalerritan

Egoeraren azterketa egiteko, galdetegiak prestatu dituzte eskola kirolarekin era bateko edo besteko harremana duten guztien iritzia jasotzeko. Martxoaren 5etik 12ra bitartean bete beharko dira galdetegiak.

Zumaiako, Zestoako, Arroa Beheko, Aizarnako eta Aizarnazabalgo ikastetxeetako zuzendariek, guraso elkarteetako kideek, udal ordezkariek, eskola kiroleko koordinatzaile zein entrenatzaileek eta haurrek Eskola Kirola berpentsatuko dute datozen hilabeteotan. Pixkanaka, eskola kirola zein norabidetan jarri nahi den adostu nahi dute eskola kirolean parte hartzen duten eragile eta kolektibo guztien artean.

Futbolak, eskubaloiak eta saskibaloiak izan dira eskola kiroleko protagonista orain artean. Pandemia dela-eta bestelako kirol jarduerak txertatu badituzte ere, planteamendu osoa berpentsatzeko beharra ikusi dute herriotan. Aldaketa horiek txertatzen hasiak badira ere, hausnarketa sakonagoa behar dela uste dute, bestelako gaiei ere heltzeko. Hala nola, lehiakortasuna edota entrenatzaile eta hezitzaileen formakuntzan aldaketak egin nahi dituzte.

Aspalditik datozen galderak erantzun nahi dituzte guztien artean. Eskola Kirolaren Kontseiluak, herri hezitzaileen sarearen aholkularitzaz baliatuta eta beste zenbait herritan egiten ari diren bezala, eskola kirolaren inguruko hausnarketa abiatu dute. Talde txiki bat sortu dute horretarako, lanketa diseinatu eta adostasunak bilatzeko.

Galdetegiak, diagnostikoa osatzeko

Egungo egoeraren inguruko iritziak jasotzeko, eskola kirolean parte hartzen duten kolektibo desberdinen iritzia jasoko du Eskola Kirolen Kontseiluak. Diagnostikoa egiteko zenbait galdetegi prestatu dituzte, eskualdeko udalerri guztietan beteko direnak. Online galdetegiak izan dira, eta eskolen zein elkarteen bidez zabalduko dira.

Galdetegi bat haurrei zuzendutakoa izango da; beste bat gurasoei zuzendutakoa; hirugarren galdetegia kirol elkarteetako kideek, eskola kiroleko koordinatzaileek eta entrenatzaileek beteko dute; azken galdetegia, guraso elkarte zein zuzendari taldeek bete beharko dutena izango da. 

Galdetegiak martxoaren 5etik 12ra bitartean bete beharko dira. Erantzunak jasota, talde eragileak emaitzak interpretatu eta ondorioak aterako ditu, hausnarketaren hurrengo pausoak zehazteko.