Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik jardunaldia

Martxoaren 26an Lekarozen bildu gara herri hezitzaileen sarea osatzen dugun herrietako kideak (udala, hezkuntza eta herrigintzako eragileak, hirigintza aholkulariak) baita herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik sakontzeko interesa duten beste kide batzuk ere.

Larunbatekoa egun garrantzitsua izan da guretzat. Herri hezitzailearen filosofian sakontzen jarraitzeko mugarria jarri dugu. Orain arte herri hezitzailea landu ez genuen ikuspegi berri batetik lantzeak, hirigintza edo herri antolamenduaren ikuspegitik lantzeak, aukera berri eta interesgarriak zabaldu dizkigulako. Oinherritik hezkuntza ikusteko daukagun modua aberasteko eta herri hezitzailearen filosofia egituratzen dugun 7 giltzarrietan sakontzeko aukera eman digu ikuspegi berri honek. Eta larunbatean, egindako ibilbide honetan ikasitakoak bertaratutakoekin elkarbanatzeko unea izan da.

Jardunaldi honetan aurkeztu dugun liburuxka; HERRI ANTOLAMENDUA HERRI HEZITZAILEAREN IKUSPEGITIK izenburuduna, eraikuntza kolektibo bat izan da. Hiritik At kooperatibako eta Oinherri elkarteko kideek, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz sortu duguna. Behetik gora eraiki nahi dugun hirigintza eredu berri bat proposatzen dugu liburuxkan. Herriak gertutasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak ematen digun txikitasunaren neurri politikotik birpentsatzeko proposamena osatu dugularik.

Honekin batera, begirada honetatik lanean dabiltzan esperientzia anitzak ezagutzeko aukera izan dugu larunbateko jardunaldian. Hasiera emateko Euskal Herriko 3 errealitate ezberdinetako esperientziak entzun ditugu. Horretarako, Baztandik Joseba Otondok instituzioek herritarren partaidetza sustatzean parte hartzen dutenen profilaz aritu da. Bestalde, Amaia Gabilondo eta Miren Errastik Garaion proiektua ardatz harturik, eragile izatetik harago joateko beharraz aritu dira, beraien burua “traktore” gisa izendatuz. Esperientziekin amaiatzeko Xotil Natkek Zaldibiako “Ertzetik erdigunera” egitasmoa azaldu du, nonbaitera iritsi behar bada orain abiatu behar garela azpimarratuz.

Goizeko bigarren zatian, Denise Najmanovich eta Ula Iruretagoienaren arteko elkarrizketa mamitsua izan dugu. Bere burua polinizatzailetzat duen Denisek, gai konplexuak modu atsegin eta ulergarrian azaltzeko duen gaitasuna baieztatzeko aukera ederra izan da. Hari muturrei tiraka zenbait ideia problematizatu dira; erresilientzia, plangintza vs estrategia, “cuidadania” edo “zaintzatasuna”, elkarbizitza, arkitektura parte hartzailea, etab. Bere ezagutza zabala dastatzeko aukera izan dugularik.

Arratsaldeari Hirigintza eraldatzailea: diskurtsotik praktikara mahainguruarekin ekin diogu. Bertan, Patxi Galarraga (Proiekta Urbes), Izaskun Soto (Hiritik At) eta Gorka Segurolak (Juntura Koop) parte hartu dute eta Ibai Esteibarlanda berriz, dinamizatzaile lanetan aritu da. Mahainguruan, hirigintzan aritzen diren tekniko orojakileen rola gainditu eta, kolaboratzera eta parte hartzera animatu behar garela azpimarratu dute. Aliantzak bilatzera herrietako hezitzaileekin, osasun langileekin, zerbitzu sozialetakoekin... Erramintak baditugu baina hausnartu behar dugu nola erabili nahi ditugun. Ematen zaien erabileraren arabera asko aldatzen delako emaitza. Parte hartzearen inguruko kezkak ere mahai gainean jarri dituzte: nola jaso denen hitza? Jendarteko kolektibo batzuei ahotsa kentzen ari bagara eta baztertzen ari bagara sistematikoki? Nola nahi dugu guk antolatzen ditugun parte hartze saioetan beraiek parte hartzea?

Azkenik arratsaldeari amaiera emateko Ula Iruretagoiena, Miki Lamedica eta Ane Almandozen “Espazio-politiken eskuliburua” irakurketa antzeztuaz gozatzeko parada izan dugu. Feministaldia jaialdiko Kutsatu ediziorako prestatu zuten, arkitektura eta generoaren inguruan hitz egiteko aitzakiz.

Aurrez aipatu bezala, gaur mugarria jarri dugu eta aurrerantzean ere urratsez urrats jarraituko dugu Euskal Herri hezitzaileago bat amestuz, pausoz pauso lortu arte