Herriko erraldoien eta txorimaloen erakusketa izango da ikusgai datorren astean

Oñatik bi konpartsa dauzka: Udalarena eta Atzeko kalekoa. Horietako erraldoi eta txorimalo guztiak katalogatu dituzte eta erakusketan izango dira ikusgai Santa Anan; goizez udalekuetako umeendako eta arratsaldez herritar guztiendako irekiko dute.

Astelehenetik egubakoitzera egongo da Oñatiko erraldoien eta txorimaloen gaineko erakusketa Santa Anan. Goizez udalekutakoendako eta 16:00etatik 20:00etara herritarrendako.

Haurrak eta Gazteria zinegotzi Iker Oñatek azaldu du "aisialdia baino gehiago direla udalekuak, heziketarako gune ere badirelako" eta urtero nahi izaten dutela Oñatiri buruzko gairen bat landu. Gazteria teknikari Ion Lopezek hauxe gaineratu du: "Gustatzen zaigu urtero herri curriculumean gehiago sakontzea. Iaz, Pablo Piccasoren txokolatezko Gernika koadroa izan zen Santa Anan, eta bertan izan ziren. Aurten, ikusita Oñatin oso errotuta daudela txorimaloak eta erraldoiak, Oñatzekin jarri ginen harremanetan eta aurretik talde horretako Maite Irizarrek egindako lanari jarraipena eman diogu". Hainbat auzoren, eragileren eta herritarren laguntzarekin egin dute eta Iñigo Biainek diseinatu du. Historian sakondu eta guztiak katalogatu dituzte. Arratsaldez, edozein herritar joan ahalko da bisitatzera.

1917rako baziren herrian

Oñatira erraldoiak eta txorimaloak noiz iritsi ziren zehaztea "zaila" dela adierazi dute, baina jakin badakite 1917rako bazirela. Izan ere, urte hartan bidali zituzten konpontzera, Vila-realera. 1924ko San Migel eta Errosario jaien egitarauan ere ageri dira, irailaren 30ean eta urriaren 6an, jaiegun nagusien biharamunetan. Eta, bitxikeria moduan, kontatu dute 1924ko jai haietan erraldoiak garraiatzean 40 pezetako aurrekontua izan zuela; gaur egungo 0,24 euro, zehazki.

Oñatiko bitxikeriak

Dirudienez, erraldoiek eta buruhandiek ez zuten arreta handirik jasotzen agintariengandik, XX. mendeko 80ko hamarkadan sartu arte, ez baitute lehenagoko arrastorik aurkitu. Baina Maite Irizarrek egindako lanari esker, jakin badakite Atzeko kalean ere izan zela erraldoi eta buruhandien konpartsa, gutxienez, 1940ko hamarkadatik. "Ez da ohikoa herrian konpartsa pribatu bat [Atzeko kalekoa] eta Udalaren beste bat izatea, baina hori ez da Oñatik daukan bitxikeria bakarra", azaldu du Lopezek. Eta hauxe gaineratu: "Oñatin jigante eta txorimalo esaten zaie erraldoiei eta buruhandiei. Gainera, Maite Irizarrek jasotako moduan, bada txorimaloak zirikatzeko erabiltzen den tokiko esamolde propioa ere: Txorimalo, katamalo, tirikititi, taukiri, zeineri? Txorimaluari!.

Udalaren konpartsa

Udalaren erraldoien konpartsari dagokionez, lau daude: Oñatiko jauntxo gebaratar Iñigo eta Katalina, batetik, eta bestetik, Andre Ederra eta Maurizio baserritarrak. Lehen biak Valentziako Vicente Luna fallero famatuak eraiki zituen erretxina eta beira-zuntza erabiliz, 1984an, eta Debako Jose Inazio Urbietak margotu eta egin zituen haientzako jantziak. Baserritarrak Irungo Garate anaien lanak dira, 1992an egindakoak.

Txorimaloei dagokienez, 1984an iritsi ziren lehenak herrira eta bi kategoriatan sailkatu dituzte: batetik, txorimalo nagusiak daude, haurrak eskutik helduta eramaten dituztenak kalejiran –Txirri, Mirri eta Txiribiton eta Akerra eta Sorgina–, eta, bestetik, puxika eskuetan gaztetxoen atzetik ibiltzen direnak –Basaurdea, Konoburu, Ipotxa, Pirata, Amona, Zezengorri, Oilarra, Pastelburu eta Txapel-urdin–.

1984tik Oñatz arduratu da Udalaren erraldoi eta txorimaloak ateratzeaz eta zaintzeaz. Hala, Oñatzeko 60 kide inguruk osatzen dute konpartsa eta herriko jai guztietan ateratzen dira –20 irteera inguru urtean–.

Atzeko Kaleko konpartsa

Bost erraldoi dituzte, hiru "klasikoak": Kataluniatik ekarri zituzten Groucho Marx eta Harpo Marx anaiak eta Andria. Besoak aske dituzte horiek eta mugimendu bereizgarria egiten dute dantzatzerakoan. 80ko hamarkadan egindakoak dira eta Juan Zubiaren bidez heldu ziren Atzeko kalera. Tartalo da berriena, erosoena eta arinena, eta Saia edo Buetra da bosgarrena; hegalak zabal-zabal eginda harrak uxatzen ditu, eta Jose Inazio Urbieta debarrak 1984an egindakoa da. Txantxiku-gurditxoa ere oso bereizgarria da. Auzotarren ardura da erraldoiak eta txorimaloak ateratzea eta zaintzea, eta auzoko jaietan soilik egiten dituzte irteerak.

Txorimaloek izen zehatzik ez badute ere, haurren artean ezagunak dira Txarrana, Sukaldaria eta Pilotua.

Atzeko kaleko konpartsa 80ko hamarkadan. (Argazkia: Jesus Mari Arzuaga - Oñatiko Udal Artxiboa).

Beste batzuk

2020an San Martin auzoan Martintxo txerria eta Mojasoro basurde-moja txorimaloak aurkeztu zituzten. Eta berriki atera da kalera lehen aldiz dantzatzera herriko Xabier Mendizabalek egindako Sebastian erraldoia. Guztiak katalogatu dituzte.