Ibai Esteibarlanda: “Herri bat hezitzailea dela diogunean ez da soilik ikuspegi pedagogikoa kontuan hartzen"

Pandemia osteko herri hezitzaileak izenburupean jardunaldia antolatu zuen Oinherrik, hilaren 17an. Bertan,  Euskal Herri hezitzaileago bat eraikitzeko pausuak identifikatu nahi izan zituzten, eta Ibai Esteibarlanda Hiritik at kooperatibako kidea izan zen parte-hartzaileetako bat.  COVID-19ak sortutako erronka berriei hirigintzatik eta komunitatearen parte-hartzetik erantzuteko ildo estrategikoak aurkeztu zituen.

2020-10-24   Iturria: 

 Ezer baino lehen, azal zenezake zertan datzan zure lana?

Arkitektura ikasi nuen, baina ez naiz arkitektua. Orain dela zazpi urte, 2013an, Hiritik at sortu genuen: tokiko garapena sustatzeko espazio, prozesu eta estrategiak sortzen dituen kooperatiba multidiziplinarra. Espazioaren antolaketatik, jendartearen antolaketan eragin daiteke, eta alderantziz. Plazetatik edota kaleetatik hasi ginen, baina momentu honetan, tokiko lurralde-garapenaren estrategiekin eta planifikazio proiektuekin ari gara; burujabetzarako beharrezkoak diren bitartekoak nola antolatu diseinatzen.

Zein elementu hartzen dituzue kontuan?

Esan bezala, ez ditugu herriko gainazal gogorrak bakarrik kontuan hartzen (kaleak, plazak, landa eremuak…), baizik eta sistema ekonomikoa bere osotasunean: komertzio-sistema, elikagaiak, telekomunikazioa, hezkuntza-sistema…). Eta hori beti tokiko garapenaren protagonistak diren hiru agente nagusiekin lantzen da: sare publikoarekin (erakundeak), sare komunitarioarekin (eragileak eta jendartea) eta sare kooperatiboarekin (sare ekonomikoko kooperatibak eta ekonomia sozialeko proiektuak). Normalean, lurralde antolamendutik abiatuta, tokiko garapena lantzen da, eta gu harago joan gara: lurralde antolamenduak jendartean nola eragiten duen aztertzen dugu, baina baita eta alderantziz ere, hau da, jendartearen arabera nola antolatu lurralde fisikoa. Askotariko profesiolanak daude taldean: arkitektoak, ingeniariak, antropologoak, geografoak…

Jardunaldian pandemia osteko erronkak izan ziren hizpide. Nondik heldu zenioten zuek gaiari?

Erronka horiek hirigintzatik eta komunitatearen parte-hartzearekin nola landu daitezkeen azaldu genuen. Beno, hirigintzatik baino, lurralde antolamendutik abiatu ginen: Nola antolatu behar dugu gure auzoa, herria, eskualdea edo Euskal Herria? Oinarri horrekin bost lerro estrategiko batzen dituen manifestua atera genuen ekainean, Massimo Paolini arkitektoaren lana oinarri hartuta: “Euskal Herria pertsonontzat”. Eta bertan jasotakoa kontatu genuen.

Zeintzuk dira bost ildoak?

Lehenengoa, lurralde osoarentzat etorkizun orekatua bilatzea; hau da, nekazal eremuen eta hirien arteko oreka sortzea.  Eta horren barruan, besteak beste, nekazaritza eta produktu ekologikoak sustatzea, horiek hiriarekin konektatzea, eta, nola ez, zerbitzuak deszentralizatzea eta birdimentsionalizatzea.

Bestetik, bigarren ideia desazkundearen filosofiarekin lotutakoa da. Bertan sartzen dira, adibidez, turismoaren eta energiaren kontsumoa murriztea, edota kontsumo eredua bere horretan apaltzea. Finean, beste eredu bat planteatzea, hain zuzen ere.

Hirugarren ildoan, oinarrizko beharrak asetzeko zerbitzuak esku publikoetan eta komunitarioetan egoteko beharra azaltzen dugu (ura, elikagaiak, telekomunikazioak, zaintza, etxebizitza…). Izan ere, hala ez bada, krisi garaietan, argia, ura edo etxebizitza ordaintzen jarraitu beharko dugu. Etorkizuneko herri inklusiboa eraikitzeko, gako batzuk bazeuden lehen ere, baina pandemiak horien premia azaleratu egin du. Berez, hau ez da krisi sanitarioa bakarrik, hau krisi ekonomiko, politiko eta soziala ere bada.

Laugarren ildoari dagokionez, osasuna eta ongizatea ditu ardatz, eta horretarako herri eta hirien birnaturalizatzean dago gakoa: kutsadura (soinuari eta argiari lotutakoa ere bai) mugatzea, asfaltoa kentzen joatea eta, era berean, berdeguneak, zuhaitzak, ortu komunitarioak, edota korridore ekologikoak txertatzea,

Bukatzeko, azken ildoa mugikortasuna berrantolatzeari eta kaleen birjabetzeari lotutakoa da. Garrantzitsua da, adibidez, fokua oinezkoetan eta bizikletan dabiltzanetan jartzea, erakundeek bizikleten aldeko politika publikoak egitea, kaleak eta plazak polibalenteak izatea (jolasteko, eserita egoteko, belaunaldien arteko harremanak sustatzeko, bizitza kalean egiteko…) Kalea ez da izan behar bakarrik kontsumitzeko; arteak, harremanek edota kulturak ere tokia izan behar dute.

Ildo horiek kontuan hartuta izango da herri bat hezitzailea?

Hori da. Herri bat hezitzailea diogunean ez da hezkuntza edo ikuspegi pedagogikoki batetik soilik. Ondo dago haurren beharrei erreparatzea, eta jendartean zaurgarriak direnen ikuspuntuak txertatzea, baina harago doa herri bat hezitzailea izatea. Adibidez, ezinbestekoa da oreka kontuan hartzea: eskola eta parke ederrak izan arren, nekazariak ere behar ditugu, auzoak bizirik behar ditugu, ura, energia…

Zein puntutan gaude gaur egun?

Hamaika errealitate daude. Jardunaldietan, Usurbil eta Errenteriako alkateak egon ziren haien esperientziak partekatzen: zaintza sareak, eskolak, prozesu komunitarioak, belaunaldiarteko etxebizitzen proiektua… Argi dago udalerri batzuk indartsu ari direla, eta beste askok betiko eredu kapitalista jarraitzen dute. Gainera, kudeaketa ere bakoitzak bere aldetik egiten du askotan.

Eta, hortaz, gakoa elkarlana da?

Bai, hasieran aipatutako hiru erpinen arteko elkarlana (sare publikoa, komunitarioa eta kooperatiboa) . Elkarrekin lan egiten denean, dena askoz tokikoagoa eta erresilienteagoa da.

Horretarako, jardunaldiak eta bestelako elkarguneak baliagarriak dira?

Bai, eta gainera bi zentzutan. Alde batetik, praktika onak ezagutzeko, zalantzak partekatzeko eta ideiak elkarbanatzeko, baina bestetik, esan bezala, hiru erpinetako pertsonak elkartzeko. Erpin batekin bakarrik jardunez gero, ikuspegi, interes eta gaitasun konkretuak egongo dira mahaigainean. Bestelako emaitzak lortzeko, ekuazioa ere bestelakoa izan behar da, eta kasu honetan, funtsezkoa da ekuazio horretan agente guztiak agertzea. Horrela, proiektuak oso indartsuak eta osatuak izango dira.

Proiektuez ari garenean, gauza handiak imajinatzen ditugu. Baina txikietatik ere has daiteke, ezta?

Jakina. Adibidez, Azpeitian, Euskal Herriko elikagaien topagunea den Elikagunea dago, Azoka Plazan. Euskal Herriko elikagaiak sustatzen ditu eta kontsumo eredua eraldatu. Oso xumea da, baina funtzionatzen du. Eta beste adibide batzuk ere jar daitezke, esaterako, beste pandemian sortu diren zaintza sareak ere hor daude. Erakunde publikoak eta komunitatea batera aritu dira lanean, eta horrela lortu da egoera zaurgarrienetan dauden herritarrei laguntzea. Beti ez da behar inbertsio ekonomiko erraldoia, baina bai elkartasuna, hurbiltasuna, zintzotasuna eta umiltasuna. Eta garrantzitsuena: proiektu politiko sozial ekonomiko bat: hain zuzen ere, nora goazen eta zer nahi dugun jakitea. Zein da nahi dugun eredua?