Idiazabalen gaztelekua berdefinitzeko parte hartze prozesua burutuko dute herriko nerabeekin

Idiazabalgo gaztelekuak bere ateak ireki zituen berriz apirilaren 30ean, bi urtez itxita egon ondoren. Dagoeneko parte-hartze prozesuaren partaide izateko aukera du nahi duenak, izen-ematea zabalik baitago.

LH6, DBH1 eta DBH2ko gaztetxoentzako aisia hezitzailea eskaintzen duen zerbitzu hau eraikitze prozesuan dago momentu honetan. Horiek horrela, udara bitartean gaztelekua erabili nahi dutenek parte-hartze prozesuan parte har dezakete. Herri hezitzaile Oinherrin jasotako konpromisuekin bat eginda, berdintasunean eta elkar bizikidetzan oinarritutako lanketa egingo da gaztetxoekin. Indarkeria matxista zein generoaren inguruko hausnarketa, bizikidetza jarrera eta konpromezuaren gaineko lanketa, gaztelekuko ekintzen definizioa, funtzionamendua zehaztea, ordutegia adostea… izango dira parte-hartze prozesuaren ardatzetako batzuk.

Parte-hartze prozesu adin tarteka bereiziko da eta aurreikusitako saioak ondorengoak dira:

  • Maiatzaren 28a, larunbata
  • Ekainaren 11a, larunbata
  • Ekainaren 18a, larunbata

LH6koek 17:00etatik 18:00etara izango dituzte saioak. DBH1 eta DBH2koek berriz, 18:00etatik 19:00etara.

Gaztelekuko parte hartze prozesuaren parte hartu nahi dutenek izen-emate eta konpromezu orria bete beharko dute aurrez liburutegian edota momentuan bertan.