Itziar Ostolaza: “Haurren ametsak kontuan hartuta, beraiekin espazio publikoa diseinatzea erabaki genuen”

Azken hilabeteetan jolas-parkeak albiste izan dira; batez ere, COVID-19aren ondorioz, herri gehienetan itxita egon direlako. Halere, berri onak ere badira, izan ere, Errenteriako Txirrita parkean jolas-gune berria ireki dute: Unibertsolandia.

Azken hilabeteetan jolas-parkeak albiste izan dira; batez ere, COVID-19aren ondorioz, herri gehienetan itxita egon direlako. Halere, berri onak ere badira, izan ere, Errenteriako Txirrita parkean jolas-gune berria ireki dute: Unibertsolandia. Parkea –eta batez ere, eratze-prozesua– ezagutzeko, Itziar Ostolaza Hezkuntza zinegotziarekin izan gara.

Pandemia sasoian parkeak itxita egon ostean, berri onak dituzue Errenterian…

Bai. Gainerako udalerriek bezala –kontraesanak kontraesan– COVID-19ari aurre egiteko irizpideak eta logikak zirela-eta behartuta geunden jolas-parke guztiak ixtera . Baina zalantzarik gabe berri pozgarria da fase honetan parke berria ireki ahal izatea;  batez ere, ezohiko uda honetan haurrek gozatzeko aukera izan dezaten. Gainera, prozesu berezia izan da…

Su txikian egositako parkea da, ezta?

2017an Marea Gora izeneko gazte-plana abiatu genuen, eta 0 eta 18 urte arteko haur, nerabe eta gazteekin aritu ginen partaidetza prozesuan. Zehazki 0 eta 12 urte bitarteko haurrekin egindako prozesuan ikusi genuen haiekin eraikitako espazio baten beharra zegoela. Hala, beraien ametsak kontuan hartuta, haurrekin espazio publikoa diseinatzea erabaki genuen. Horrela hasi zen proiektua.

Txirrita parkea Errenteriako erdigunean geneukan jolas-parkea zen, baina egia esan, espazio degradatu samarra zen une hartan…  Horrenbestez, aproposa iruditu zitzaigun, haurrekin batera, espazio hura eraberritzea eta egun sortu dugun parkea eraikitzea.

Erraz esaten da… Baina nola egiten da haurrekin partaidetza-prozesu bat?

Nahi politiko bat egon da horren atzean, eta zaila izan arren, Errenteriako Udalarentzat esperientzia berria eta ona izan da. Gure apustua izan da haurrekin horrelako prozesu bat eraikitzea, oso argi baikenuen gobernantza-eredu parekatu edo komuntiario batean sinesten dugula, eta hortaz, hiria eraikitzean, urratsak haurrekin ere eman behar direla. Asko erakutsi digun esperientzia izan da: erakunde moduan haurrekin nola harremandu ikasi dugu, eta prozesuaren abiapuntu gisa jolas-parkea aitzakia polita izan da, datozen urteetan ere,  beste erronka batzuei heldu ahal izateko.

Herriko ikastetxe guztiekin izan dugu harremana, eta haien laguntzari esker posible izan da herriko 2000 haurren artean parkea diseinatu ahal izatea. Adinaren arabera metodologia zehatzak planteatu zituzten adituek.

Nolakoa da jolas-parkea? Izena ere badauka, ezta?

Unibertsolandia deitzen da, eta hain zuzen ere, parkearen izena da haurrekin landu den gaietako bat. Gainera, izena aitzakia hartuta jolas-guneak hartuko zuen izaera ere pentsatu zen. Hala, gai bezala unibertsoa hautatu zuten gaztetxoek, eta ideario edo tematika hori dauka Unibertsolandiak. Izenaz gain, jolas-elementuak ere erabaki zituzten: gustukoenak bozkatu, eta udalak horiek jartzeko konpromisoa hartu zuen.  

Bestetik, egiturari dagokionez, parkea hiru zatitan banatuta dago, adinak kontuan hartuta: 0-4 urte bitartekoentzat, 4 eta 8 urteren bueltan dabiltzanentzat, eta azken espazioa 8-12 urte artekoentzat. Parkearen egituraketan oso argi ikus daitezke hiru guneak, oso espazio desberdinak direlako, baina harremanduta daude haien artean.

Aurrera begira, hirigintza prozesuetan haurren iritzia kontuan hartuko da?

Hori da nahiko genukeena; legegintzaldiko apustuetako bat da. Dagoeneko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra  (HAPO) berritzen hasi gara, eta gure nahia da egikaritzerako orduan haurrek presentzia izatea. Francesco Tonucci pedagogo italiarrak esaten duenaren bidetik, haurren begiradatik eraikitako hiria denontzat justuagoa izango da.

Egia da pandemiak zeharkatu duela lehenengo urte hau, eta bestelako behar batzuk azaleratu direla, baina ikastetxeekin elkarlanean, dinamika ezberdinak abiatzeko asmoa dugu. Haurrak kontuan hartuta HAPO elikatzea da gure asmoa eta erronka.