Martxan da OinHerri herri hezitzaileko Usurbilgo taldea

Usurbilen OinHerri sare hezitzailearen lehenengo ekintza abiatu dute, haur hezkuntzako Udarregiko ikasleekin, zuhaitz bat landatuz; datozen asteetan, gauza bera egingo dute Aginagako eta Zubietako eskola txikietako ikasleek. Ekainean aurkeztuko dute OinHerriren Usurbilgo taldea.

Udarregi ikastolako haur hezkuntzako ikasleek Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Usurbili oparitutako zuhaitza landatu dute, gaur, hilerri zaharrean. Modu horretara, batetik, herriko eragileek haurrekin doluaren gaia lantzea dute helburu, eta, bestetik, herritarrek joan zaizkien senitartekoak eta lagunak oroitzeko eta beraiekin bizi izandako uneak gogoratzeko toki bat izatea. Datozen asteetan, Aginagan eta Zubietan gauza bera egingo dute, eskola txikietako ikasleekin.

Zuhaitzaren landaketa Usurbilgo OinHerri taldearen lehenengo ekintza izan da. Udalak bideratutako talde horretan herriko hainbat eragilek parte hartzen dute (Noaua, Udarregi, Aginagako eskola txikia, Zubietako eskola txikia, Gaztelekua eta Ziortza), eta taldearen jarduna hasteko horixe izan da aukeratu duten ekintza: iaz Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek Amaren intxaurrak ikuskizunean Usurbili oparitutako zuhaitza landatzea.