Mugimenduaren garrantzia

Egoitz Arruti Uriak ere Eskola Kirolaren inguruko aukera eta abaguneei loturiko bere lehenengo kolaborazioa idatzi du webgunerako. Jarraian irakurgai

Badirudi geldik egotea garrantzitsua dela. Ikasgelen eta hezkuntza formaleko kurrikulumaren zatirik handienak haur eta gazteak geldi egotera behartzen ditu. Ondorioz, gorputzari eta haren garapenari dagozkion esparruak ordu gutxi batzuetarako edo eskolaz kanpoko ekintzetarako uzten ditu. Esparru horretan, Eskola Kirola kokatzen da; hau da, eremu formaletik kanpo, baina, era berean, han sortzen den hutsunea betetzeko nahia duen programa da. Beraz, hezkuntza formaletik kanpo, eta, askotan, kirolaren eremu zurrunetik bereizi nahian, eremu gatazkatsua bihur daiteke, egun, izenetik izanera desberdina den programa hori.

Gurean, Eskola Kirola garatzeko, besteak beste, herri, bailara edota erkidego bakoitzak bere eredu eta filosofia propioa du. Bakoitzak, oinarrian, norbere helburuak eta balioak hautatzen ditu, eta horien inguruko hausnarketa, autokritika eta berrikusketa egitea edonorrentzako eta edonoiz egokia da. Eskola Kirolaren historian zehar hainbat une garrantzitsu egon dira, eta hemendik aurrerakoa ere erreferente bihur daiteke. Hori esateko arrazoi nagusia hainbat herritan sortzen ari diren kezken aurrean, martxan jarri diren ikerketa planak dira. Badirudi orain arteko Eskola Kirolaren ereduaren inguruan zalantza ugari sortu direla, eta horiei erantzunak topatu nahian dabiltza hainbat eragile. Ikerketa fasearen ostean, garrantzitsua izango da  landu nahi diren balioak aukeratu eta haien baitan dauden aukera posibleak aztertzea. Emaitza denon onurarako izan dadin, ezinbesteko baldintza izango lan hori parte hartzean oinarritzea. Herri, bailara edota erkidego bakoitzak haien berezitasunak dituzte, eta, ondorioz, denei eredu berak ez die balio. Horregatik bakoitzak haren lana Eskola Kirolean duen errealitatearen arabera eta dituen helburuen baitan egokitu beharko du.

Eskola Kirolak haurrak eta gazteak haien aisialdiaren kudeaketa osasuntsu bezain hezitzailea garatzeko aukera bikaina eskaintzen du. Ohitura osasungarriak ikasteko aukera eskaintzeaz gain, gorputzaren kontzientzia hartzeko beharrezkoak diren esperimentazioa eta jolasa erabat txertatuak dauden programa izan daiteke. Adibidez, oinez modu egokian ibiltzeko eta etorkizuneko arazo fisikoak ekiditeko gorputza egoki garatzea eta gorputzak dituen palanka oro egoki erabiltzen jakitea beharrezkoa da, berdin, eserita ongi egoteko, eta, hori lantzeko, eremu ezin hobea izan daiteke. Bestalde, sentimenduen esparruan murgiltzen bagara, gure gorputzaren ezagutzak are garrantzia handiagoa du; izan ere, sentimenduak gorputzaren mugimenduen bidez kanporatzen jakiteak, zein gure gorputza sentitzen duguna egokiago kudeatzeko tresna gisara erabiltzeko gai izateak asko lagundu diezaguke. Beraz, norbanakoaren motibazio intrintsekoetatik abiatutako Eskolak Kirolak norbanakoaren garapen onean izan dezaken eragina eta horrek inguruan sortu dezaken mugimendua itzela da.

Era berean, Eskola Kirolaren bidez, talde modura hainbat arlotan ere balio ugari landu daitezke. Hain zuzen ere, aisialdian hizkuntza baten erabilpena bultzatzeko tresna ona dela egiaztatuta dago. Baita berdinen arteko hartu-emanak bultzatzeko ere; hau da, topaketen bidez, herri, ikastetxe, adin eta genero anitzeko pertsonak elkarrekin hartu-emanean jartzeko aukera ematen du. Horrela, sarri sortzen den haiek eta gu kontzeptu hori desgaitzeko aukera ematen du.

Finean, Eskola Kirolak balioak lantzeko izan dezakeen  gaitasuna handia da. Kontuan izan behar dugu eragile desberdin ugari elkartzen direla programa horren bueltan, zeren eta hezkuntza sistemaren barnean ez egoteak herri bakoitzak haren aldetik egiturak sortzea ekarri du. Hori, azken batean, profitatu daiteke hausnarketa kolektibo baten hazia landatzen hasteko; izan ere, erakunde publikoak, ikastetxeak, gurasoak, haurrak, gazteak, kirol taldeak, kultur taldeak eta bestelako herritarrak elkarrekin harremanetan jarrita daude edo jarri daitezke Eskola Kirolaren bidez, eta hor aukera bikaina dugu mugimendua eragiteko.