Troya zaldia hil da; gora aisialdi subiranoa!

Ondorengo testuan Eskola Kirola Eraldatzen jardunaldiaren ondoren Mikel Egibarrek guraso.eus-en eginiko hausnarketa irakur daiteke.

Duela 20 bat urte ematen ziren eztabaidetatik hona ezer gutxi aurreratu dela iruditzen zait eta garai horretan zalantzatan zeuden aldatu beharreko errealitateak, gaur egun datu estadistikoak bihurtu dira, hala nola: Eskola Kirolean parte hartzen duten 16.000 haurretatik 1 kirolaria izatera iristen da; Nerabezaroan neskek mutilek baino lehenago  uzten dute kirola. Adina gora egin ahala erderaren presentzia nagusitzen doa, Futbola kirol hegemonikoa da, … Zenbat denbora gehiago emango dugu errealitatea aztertzen behar den perspektiba zuzena erabili gabe ?

Iturria: guraso.eus

Egilea: Mikel Egibar

Eskola kirola, Kirola eskola, Teknifikazio Kirol eskola, Kirol anitzeko eskola, Eskola kirola hezitzailea, partehartzailea, kooperatiboa, … zenbat deitura, zenbat kalifikatibo, zenbat … indefinizio. Gure haur eta gazteentzako behar den kirol egitura oraindik ere eztabaidatzen jarraitu behar al dugu? Kirolaren perspektibatik argitu behar al da gure haurrei egunen batean kirolariak izateko ezarri behar zaien inbutuaren nondik-norakoa?

Otsailaren 19an Oinherri elkarteak, Zumaian, “Eskola Kirola eraldatzen” izenburupean antolatu zituen jardunaldietan parte hartzeko aukera izan nuen. Bertan adierazi nuen bezala, artikulu honen lehenengo lerro hauen bitartez ere Eskola Kirola gaia berriro mahai-gaineratzeko eskaini duten aukera dela eta, antolatzaileak zoriondu eta, bide batez, emandako aukera eskertu nahi nuke.

Sar gaitezen mamian.

Hainbat ideia adierazten saiatu nintzen. Horien artean “Eskola Kirola gaia enfraskatuta” dagoenaren nire kezka eta sentsazioa azaldu nuen. Duela 20 bat urte ematen ziren eztabaidetatik hona ezer gutxi aurreratu dela iruditzen zait eta garai horretan zalantzatan zeuden aldatu beharreko errealitateak, gaur egun datu estadistikoak bihurtu dira, hala nola: Eskola Kirolean parte hartzen duten 16.000 haurretatik 1 kirolaria izatera iristen da; Nerabezaroan neskek mutilek baino lehenago  uzten dute kirola. Adina gora egin ahala erderaren presentzia nagusitzen doa, Futbola kirol hegemonikoa da, … Zenbat denbora gehiago emango dugu errealitatea aztertzen behar den perspektiba zuzena erabili gabe ?

Kirola paradigma bat da, modu itsu batez jarraitzen den eredu edo patroia, alegia. Oraindik ere Eskola Kirolaren bitartez paradigma hau eraldatu daitekeela pentsatzen badugu ere, paradigma honek sorrarazten duen eragina zer nolakoa den ez dugu ulertzen. Jardunaldietan “Troya zaldia” metafora erabili nuen  Kirol paradigma bere barnetik eraldatzea ezinezkoa dela adierazteko . Ezin zaio inori kirolaren paradigman sartzeko aukera ukatu, ez eta gurasoei beren seme-alabei bide hori hartzeko motibazioa zapuztu ere. Aldiz, hartzen diren erabakien kontzientzia eta erantzule izateko hainbat baliabide eskaini daitezke.

 Gure nahiak etorkizunean proiektatzen ditugun jendarte baten partaide  dira gero eta gehiago eta desio horretan unean-uneko zoriontasuna gerora hipotekatua geratzen da. Zoriontsuak izateko ludikotasuna gure bizitzako une eta gune guztietan barneratu behar dugu. Baina nola? Zein tresna ditugu horretarako? Behar diren trebetasun ludikoak lantzen al ditugu? Non?

Eskola Kirolari adjektibo asko gehitu ahal dizkiogu baina beti Kirolaren paradigmaren baitan kokatuko da. Jardunaldiaren bigarren zatian, aldiz, Oñatin, Oarsoaldean, Usurbilen eta Hernanin  jarduera fisikoa modu ludikoan gozatzeko martxan dauden eskolen esperientzia entzuteko aukera izan genuen. Zinez interesgarria eta aberasgarria izan zen. Horren haritik tiraka, beraz  nire galdera honako hau da: ez al da unea iritsi herrietan, eskola kirola egiturari bere bidea egiten utziz, unean uneko aisialdi eskola sortzeko eta bere bide propioa garatzeko garaia iritsi?

Aisialdi eskolak gozamenerako eskolak izan behar dira; ludikotasuna bizitzan zehar zoriontasunez bizitzeko abilezia izan dezagun, aisialdi eskolak trebetasun hauek sustatzeko eta lantzeko gune baliagarriak dira. Herrietan garatzen diren eskolak dira, komunitatea indartzeko eta sendotzeko aisialdi eskolak, hain zuzen ere. Haurrak, umeak eta gazteak erdigunean dauden eskolak izan behar dira, beraiek ere haien komunitatearen partaide eta erabakitzaile izan behar direlako. Ez dago zalantzarik aisialdi eskola hauetan jarduera fisikoa ludikotasunaren oinarrian egon behar dela, baina jarduera edozein izanda ere, pertsonak esperientzia autotelikoa esperimentatu behar du; alegia, jarduerak bere baitan ezartzen duen erronka, pertsonak duen gaitasunaren neurrikoa izanik beti ere. Esperientzia autotelikoa baita gozamenerako eta motibaziorako ezinbesteko baldintza.

Gure “herriko plazak” gune hezitzaile gisa kontsideratzen baditugu, bertan egiten diren jarduerak ludifikatu behar dira. Ludikotasunaren ezaugarri garrantzitsuena esperientziaren bizipena bada, gure herri eta auzoetan hamaika jarduera daude aisialdiaren testuinguruan murgiltzen direnak eta gure gazteentzat hezitzaileak izan behar direnak.

 Jardunaldi hauetan publikoaren  ekarpen interesgarria egin zen: … Eskola Kirolak edozein herrietan daudeen ludoteketatik zergaitik  kokatzen dira hain urrun? Erantzuna erraza bezain argia da: ludoteketan ez delako kirolik egiten; aisialdi uneetan ludikoak diren ekintzak egiteko guneak direlako.

Ekarpen horren ildotik, azken gogoeta egin nahiko nuke. Eskola Kirolaz zalantzarik gabe asko dago hitz egiteko eta hausnartzeko, baina edozein ariketa dialektikotan egin behar den bezala, hausnarketarako subjektua ondo zedarritu behar da, bestela iritziak kontrajarriak bihur daitezke gai ezberdinez hitz egiten gaudelako. Eskola Kirola dagoeneko guztiz instituzionalizatuta dagoen egitura da eta Kirolaren (fenomeno sozioekonomiko gisa ulertuta) zerbitzurako antolatuta dago. Gure herriko haur eta gazteekin lantzeko premia handia duen eremua aisialdia da: aisialdia pertsonegan zentratuta, aisialdia gure komunitatetik sortuta, aisialdia soberanoa.

Aisialdirako eskolak tokian tokikoak izan behar dira.  Eskola Kirola programa ezarrita duten herrietan pandemia dela medio , zergatik   utzi behar izan dituzte jarduera guztiak  bertan  behera  eta, aitzitik, tokian tokiko aisialdi ekimen txikietan antolatuta dauden herrietan beren jarduera egokituta bai,  baina martxan mantentzea lortu dute?

Euskararen gaiaz ere asko dago hitz egiteko. Hizkuntza batekiko  atxikipena lortzeko, hizkuntza horretaz gozatzeko ahalmena izan behar da, bestela,  esperientzia negatibo bada, urruntze prozesua aktibatzen da. Euskararen erabilera ere, hortaz, autotelikoa izan behar da.

Eta amaitzeko jardunaldietan pausatu nuen azken galdera: zer egiten da Eskola Kiroletan  Euskal Herriko naziotasun sentipena lantzeko?