Udako Topaketetan "Eskola kirola, gogoeta kolektiborako tresna" aurkezten eta praktikan jartzen izango gara

Zumaian 2021eko otsailean eginiko Eskola Kirola Eraldatzen jardunalditik herri arteko foroa osatu eta urtebete baino gehiagoko ibilbidea egin eta gero, uztailean sorturiko tresna aurkeztuko dugu Hik Hasik elkarlanean antolatutako udako topaketetan. (Izena emateko zoaz behera)

EHUko Hezkuntza Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekano Beñat Amenabarrok pozik hartu du, aurten ere, Udako Topaketak HEFAn egitea: “Hezkuntza fakultatearentzat plazer bat da urteroko topaketak hemen egitea. Gure eginbeharretako bat da hezkuntzako eragile desberdinekin harremanak izatea et elkarlana sustatzea, eta zentzu horretan, Hik Hasi erreferentziazko eragilea da EHUrentzat”. EHUko irakasleek, gainera, Topaketetako emaile zein hartzaile gisa hartuko dute parte aurtengo topaketetan, hainbat ikastaro eskaintzen baitituzte EHUko irakasleek HIK HASIrekin. “Urteetako harreman bat dau hau —esan du Amenabarrok—, egonkorra eta emaitza onak ematen dituena. Topaketak euskal hezkuntza sistemaren barruan momentu aberasgarri bat dira denentzat. Balio handia dute HIK HASIren Topaketek, eta Hezkuntza Fakultateak berrikuntzarako eta elkarlanerako gune gisa hartzen ditu ikasturte amaierako topaketa hauek”. Bukatzeko, uztaileko lehen egunetan fakultatean “unibertsitatearen eta eskolen artean sortzen diren sinergiak” nabarmendu ditu dekanoak.

 

Mikel Agirrezabala HIK HASIko formazio arduradunak aurkeztu du ondoren 2022ko eskaintza: “Aurten bereziki ikastaro bat nabarmendu nahiko genuke,  EHUrekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin elkarlanean antolatu duguna: Lehen Hezkuntza eraldatzen izenekoa. Badator berrikuntza pedagogikoa Lehen Hezkuntzara, ikastetxeaek ari dira eraldatzen, eta gure aletxoa jarri nahi dugu hobekuntza horretan”, adierazi du Agirrezabalak. Ikastaro hau antolatzeko beharra ikastetxe ezberdinetako irakasleen eskutik iritsi zaio HIK HASIri. Erreferentziak, esperientziak, aukerak eta markoa eskainiko zaie irakasleei. “Eskaerarekin batera, Euskal Herria osoan zehar Haur Hezkuntzan eman den eraldaketa eta honen jarraipen moduan aurkeztu nahi dugu. Bertan, Curriculum berriari eta Lehen Hezkuntzan eraldaketarako sortu den aukera landuko da. Lehen egunean, eraldaketarako oinarria ipiniko digute Begoña Pedrosa sailburuordeak, Berritzegune Nagusiko Birgina Pozok, Hik Hasiko kide eta Ikastolen Elkarteko Matematika arloan sorkuntzan dabilen Aritz Larretak eta Ikastolen Elkarteko Lehen Hezkuntzako Curriculumaren arduradun den Amaia Artolazabalek. Bigarren egunean, Alvaro Beñaran psikomotrizista eta pedagogoaren eskutik eraldaketaren aukera honetan hezitzaileak izan beharreko rola eta bidelagun izan dadin kontuan izan beharreko gaiak landuko dira. Ikastaro berezi honetan, gainera, kanpoko esperientzia esanguratsu bat barnetik ezagutzeko aukera izango da: Herrialde Katalanetatik Ripollet herriko El Martinet eskola ezagunaren esperientzia eraldatzailea ezagutuko dugu eta Euskal Herritik Ondarroako Zaldupe Herri Eskolarena”.

 

Lehen Hezkuntzako eraldaketari begirako ikastaro bereziaz gain, beste 30 ikastaro eskainiko ditu aurten HIK HASIk. “ 30 ikastaro interesgarri eta gaitegian aberats izango ditugu. Haur Hezkuntzatik Batxilergora, hezkuntza etapa guztietako hezitzaileentzat interesgarria den eskaintza osatu dugu. Argiaren pedagogia, artea, Montessori pedagogia, neurosiaren prebentzioa, mugen gaia, naturaren lanketa, euskararen erabilera adin tarte ezberdinetan, Eskola kirolaren gogoeta, Pedagogia sistemikoa, kultur transmisioa…”

 

Horiez gain, Joxe Mari Auzmendi hezkuntza bekan aipamen berezia jaso zuen Jakin-min praktika filosofikoen elkartearen Ikastaro berria nabarmendu du Agirrezabalak, haur filosofia landuko duena.

 

“Topaketa hauek hezitzaileen elkargune izango dira, Udako Topaketek helburu hori dute, Euskal Herriko herrialde ugaritako hezitzaileak elkar aberastuaz ezagutu eta formatzea. Topaketa hauekin, baina baita ere ikasturte osoan zehar, HIK HASIk eskaintzen dituen formazio jarraituekin ere. Datorren ikasturteari begira, indartu egingo dugu urte osoko formazio jarraitua, eta horietatik hiru aurrez aurrekoak izango dira”.

Topaketak uztailaren 4ean, 5ean eta 6an izango dira.

Gu ere, uztailaren 4 eta 5 ean bertan izango gara! Oinherri urtebetez egon da sarekoak diren hainbat herritako ordezkariekin eskola kirolaren inguruko hausnarketa partekatu bat dinamizatzen eta burutzen. Aipatutako herri arteko foro horren lanketaren ondorioz, eskola kirola eraldatzeko tresna bat sortu dugu. Ikastaro honen helburua, tresna horren bidez, zure herriko eskola kirol ereduaren inguruan hausnartzea eta eraldaketarako aukerak ezagutzea eta eraikitzea izango da. Horretarako, ikastaroak bi lan-ildo izango ditu: lehenengoarekin, zure herriko eskola kirol ereduaren inguruan hausnartzeko aukera eta baliabideak eskainiko zaizkizu. Bigarrenean, hainbat herritan martxan dauden eskola kirol eredu ezberdinak ezagutu eta esperientziak elkarbanatuko dira. Horrekin guztiarekin, zure herriko eskola kirola eraldatzeko oinarriak zehaztea eta horietan trebatzea sustatu nahi da.

ESKOLA KIROLA, ERALDAKETA KOLEKTIBORAKO TRESNA ikastaroan izen emateko...

...Herri hezitzaileen sareko herriren (Altzo, Anoeta, Arakaldo, Arrigorriaga, Asteasu, Azpeitia, Barrundia, Baztan, Bergara, Berritxu, Dima, Durango, Elgeta, Errenteria, Ezkio Itsaso, Hernani, Ibarra, Idiazabal, Igeldo, Itsasondo, Larrabetzu, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Otxandio, Segura, Usurbil, Villabona, Zaldibia, Zestoa, Zizurkil, Zumaia) batekoa bazara, klikatu hemen

...zure herriaren izena aurreko zerrendan azaltzen ez bada, klikatu hemen.