"Zaldibi, gaztetxoen kabi!" egitasmoa bueltan da

Zaldibiako nerabeek herriarekiko duten lotura indartzeko asmoz sortutako proiektua martxan da berriz. Eurek egindako lan, ekarpen eta eskaerei erantzun, eta emango diren urratsak haiekin elkarbanatu ostean, ekin zitzaion aldi berriari. Bertan DBH1 eta DBH3 arteko gaztetxoek aktiboki parte hartuko dute, bi dinamizatzaile lagun dituztela. Animatu!

Proiektuaren aldi berri honek azaroa eta apirila bitarte iraungo du. Herria bizirik mantendu, eta batez ere gaztetxoek herriarekiko duten lotura indartzeko asmoz, asteburutan elkartu eta ekintza ezberdinak egingo dituzte. Horretarako, eta bidelagun izan ditzaten, bi dinamizatzaile kontratatu ditu Udalak. Gazteek aktiboki parte hartuko dute ekintzen lanketan, balorazio eta abarretan.

Berez izen-emate epea itxi bazen ere, proiektu berria dugu honakoa eta inor interesaturik balego, garaiz dabil oraindik izena emateko (kultur-etxean). Azaroaren 28an egin zuten lehen saioa, eta abenduaren 5ean egin dute bigarrena.