Udaldia gerturatzen ari den honetan, tokian tokiko eragileek egiten duten lana balioan jarri eta ezberdinen arteko (udala, elkarteak...) lankidetzan oinarritutako aisialdi hezitzailearen eskaintza garatzeko, adierazpena sortu dugu Oinherritik.
Udaldia gerturatzen ari den honetan, haur eta nerabeen aisialdirako eskaintza prestatzen hasiak gara gure herrietan. Eskaintzak kudeatzeko esleipenak martxan dira udal administrazioetan. Elkarteak, enpresak eta zenbait eragile lehiaketetara aurkeztu dira; eta haur eta nerabeak hasiak dira ilusioz udan biziko dituzten abentura berriak amesten.
Aurrez aipatu bezala, kasu batzuetan hautapen prozesuen bitartez esleitzen dira herriko haur eta nerabeek hainbeste gozatzen dituzten udalekuak. Baina zeintzuk dira aisialdi hezitzaileko proiektuen hautapen prozesuetan erdigunean jarri beharreko irizpideak? Zeri erreparatzen diogu gure haur eta nerabeak hezteko lagungarri diren proiektu hezitzaileak aukeratzeko orduan?
Administrazioetako hautapen prozesuetako puntu banaketan balio batzuk aintzat hartzeko proposamenak gero eta gehiago dira. Besteak beste, horien adibide dira hauek: euskararen erabilerak jaso beharko lukeen puntuazio gehigarria; genero irizpideak aintzat hartuz, hezkidetzan egiten den lanari balioa ematea; edota aniztasuna bultzatzea. Baina baldintza-agiri guztietan balio horiek eta beste hainbat balio hezitzaile txertatzeko bide handia dago egiteko. Hala nola, begirada hezitzailea udalekuz udaleku eta herriz herri bermatuta egon dadin beren balioa eman beharko litzaieke gure inguru naturalari errespetua izatea, gure herriko ondare kulturalaren transmisioan sakontzea, eta haur eta nerabeen parte-hartzean oinarritutako egitasmoak sustatzea.
Azken urteetan larritasunez konturatu gara esleipenetan aurkeztu diren enpresa atzerritarrak ugaldu egin direla. Horiek, herriaren ezagutzarik ez izateaz gain, kontratatzekoak dituzten langileentzako lan-hitzarmen murriztaileak prestatuz eta ekonomikoki errentagarriagoak direla agertuz, amua jaurtitzen dute, eta lan-baldintza eskasez eta balio hezitzaile hutsez prestatzen dituzte eskaintzak.
Gaur gaurkoz, derrigorra da aurrekontu kopuru batetik gorako proiektuak lehiaketa publiko bidez esleitzea, eta horietan edozeinek har dezake parte. Hori horrela izan arren, udal administrazioetan lan handia egin daiteke baldintza-agiriak idazteko orduan, herrietan eman nahi dugun aisialdi eskaintzak landuko dituen balio hezitzaileak ziurtatzeko, profesionalen lan baldintza duinak bermatzeko, eta herrikoak diren elkarte eta hezitzaileen lana azpimarratzeaz gain, lan horri bere balioa emateko.
Beste kasu batzuetan, hautatze-prozesuetatik haratago, badaude ardura bere gain hartu eta aisialdi hezitzailerako zenbait eskaintza modu autogestionatuan gauzatzen dituzten eragile eta elkarteak. Aurten, osasun larrialdi egoerak eragindako segurtasun neurri guztiak betez eta egin beharreko inbertsioak eginez, oso zaila egiten ari zaie herriko haur eta nerabe guztientzako eskaintza bermatzea. Kasu horietan ere herri eta udal administrazioetatik pausu bat aurrera egin, eta lankidetza oinarri sendo gisa harturik, laguntza handia eman geniezaieke baliabide eta bitartekoak elkarbanatuz.
Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkartetik, hortaz, herritar guztion arteko parte-hartzea, saretzea eta elkarlana ardatz harturik, aisialdi hezitzailea sustatzera animatu nahi ditugu Euskal Herriko herri guztiak. Horrenbestez, aisialdi hezitzailea 0 kilometroan bizitzeko aukera izatea ere badugu, gure herriko kultur eta natur ondarearen ezagutza eta transmisioa bermatuz, herri biziagoa eta komunitate osasuntsuagoa izatera bultzatuz, eta tokian tokikoari garrantzia emanez.