Hego Euskal Herriko herrietan, 2021eko ekainerako 30km/ord-ko mugikortasun abiadura muga jarriko da. Neurriaren lehenengo helburua bide segurtasuna handitzea omen da, eta gutxiago kutsatzea ere eragingo omen du. Hala ere, herri hezitzailearen ikuspegitik era honetako neurriek beste era bateko eraginak ere izan ditzakeela uste dugu. (Txatxilipurdi elkartearen hausnarketa)
Txatxilipurdi elkartearen hausnarketa
Iturria: guraso.eus
Hego Euskal Herriko herrietan, 2021eko ekainerako 30km/ord-ko mugikortasun abiadura muga jarriko da. Neurriaren lehenengo helburua bide segurtasuna handitzea omen da, eta gutxiago kutsatzea ere eragingo omen du. Hala ere, herri hezitzailearen ikuspegitik era honetako neurriek beste era bateko eraginak ere izan ditzakeela uste dugu.
Azken hamarkadetan ordura arte horren ohikoa zena arraro bihurtu da: haurrak beraien herriak oinez zeharkatzea jolasteko, ikasteko edo lagunekin elkartzeko guneetara iristeko. Azken urteetan gure herri eta auzoetan, oinezkoen mugikortasuna baino kotxeen mugikortasuna lehenetsi da. Herriak kotxeek hartu dituzte eta beraientzat pentsatuta moldatu dira, guzti hau helduen mugikortasun behar edo nahiei erantzunez noski. Helduaren mesedetara diseinatutako mugikortasun eredu honek baina, zuzen zuzenean eragin du heldu hauen haurren, nerabeen eta zaharren mugikortasun autonomorako aukeretan, berau baldintzatu eta kasu askotan deuseztatzeraino.
Herrietako kaleak, puntu batetik bestera mugitzeko trantsiturako bide izateaz gain, jolaserako eta bizitza sozialerako espazio ere izan behar dira. Horretarako baina, espazio publikoaren erabilera hausnartua eta arrazionala behar dugu.
Abiadura muga murrizteko neurriak, herrien bizigarritasun norabidean urrats bat ematea suposatu dezake. Azken finean, neurri honek kotxearen erabilera jaistea, bide segurtasuna areagotzea, eguneroko desplazamendu bideetan oinezkoak eta bizikletak lehenestea eta ibiltzeko zein egoteko kalitatea eskainiko duen espazio publikoa berreskuratzea eragingo du. Hau da, helburu komertzialetatik haratago pertsonen beharretara egokituta dauden kale eta plazak birsortzea, herria hezitzaileagoa egitea.
Herri hezitzailea, herritar guztien bizitza barne-hartzen duen herria da. Herri hezitzaileak, guztiontzako, herritar ororentzako (izan haur, aiton-amona, migratu, emakume, aniztasun funtzionala duen pertsona, gazte …) herri hobeagoa du helburu, hezkuntza prozesu gisa ulertzen du eta berau ardatz hartuta egiten du lan.
Herri eredu horretan, haurra herritarra da eta herritar orok lez, herrian mugitzeko autonomia izan behar du. Aukera hori eguneko momentu askotan eta modu desberdinetan ahalbidetu daiteke: herrian haurrak duen paperean, jolas parkeen egituraketan, herritarren jarreretan, eskolarako edo etxerako bidea egiteko aukera eta moduetan…
Autonomia hori garatzeko autoek presentzia eta protagonismo gutxiago izango duten herri eta kaleak behar ditugu.
Tonuccik gaur egungoekin alderatuta bestelako herri, auzo eta hirien aldeko aldarria egiten du HAURREN HIRIA liburuan:
“Jolasten, paseoan edota bakarrik dabiltzan haurrak baldin badaude hirian, hiri osasuntsua den seinale. Hirian ez bada haurrik ikusten, ordea, hiria gaixotuta dagoen seinale. Haurrak kalean dabiltzan hiria, hiri segurua da, ez haurrentzat bakarrik, zaharrentzat, elbarrituentzat eta hiritar guztientzat baizik. Eta haurrak etxetik bakarrik irteteko aukera egon dadin, hiria aldatu beharra dago, guztiz, apurka-apurka bada ere”.
Francesco Tonucci (Cuando los niños dicen ¡Basta!)
Ibilgailuen abiadura murriztea bezalako neurriek, herriaren erdigunean kotxeak egotetik pertsonak egoterako ibilbidean lagundu dezakete. Eta pertsonez hitz egiten dugunean, bereziki periferietan dauden herritar horiek izan behar ditugu gogoan, ahulenarentzako herria eraikitzen dugun unean ari gara guztiontzako herria eraikitzen, herri bizigarriagoak, hezitzaileagoak eta herritarren ongizate, osasun eta parte hartzearekin abegikorragoak direnak lortuz.