UEMAk eta Oinherrik aisialdiko hezitzaileentzako tailer bateratua sortu dute lehen aldiz, eta eta herriz herri eskainiko dute orain. Izan ere, hainbat balore partekatzen dituztela ohartu dira bi aldeak, eta horiek sustatzeko asmoz sortu dute tailerra, aisialdiko hezitzaileek hainbat gairen inguruko formazio zehatza izan dezaten.
Gainera, UEMAko kide diren 94 herrietako asko Oinherri herri hezitzaileen sareko partaide dira. Hezkuntza ez formalak, eta bereziki aisialdiak, jendartearen ohituretan duen garrantzia ezagututa, “haurtzaroaren kulturaren, partehartzearen eta euskararen balioak eremu ez formalean sustatzeko” baliabideak eskainiko dizkiete tailerrean parte hartuko duten hezitzaileei.
Badira zenbait urte UEMAk, hezkuntza ez formalean hizkuntza ekologiaren eta euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu nahian udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! topaketak eta udalekuak antolatzen dituela. Aurten ere 160 lagunek eman dute izena. Topaketen oinarria gazteen artean hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa sustatzea eta gazteak kontzientziatzea denez, aisialdiko begiraleei ere soziolinguistika edukien eta beste zenbait gai zehatzen inguruko formazioa eskaintzea ezinbestekoa iruditu zitzaion UEMAri, eta azken urteotan gai horiek landu ditu Salto! topaketetan begirala izan direnekin.
Oinherrik ere aisialdiko hezitzaileentzako tailerra ematen duela ohartuta, eta hainbat balore bi aldeek lantzen dituztela ikusita, bat egitea erabaki dute UEMAk eta Oinherrik. “Guk aisialdi euskaldun, partehartzaile, anitz, parekide, ingurumenaren zaintzaile eta herrikoian sinesten dugu eta tailer honekin hori sustatu nahiko genuke” adierazi dute udaletara bidaltzeko prestatu duten gutunean.
Hezitzaileentzako tailer praktikoak, herrietan
Aisialdiko hezitzaileentzako tailerrak ahalik eta herri gehienetan ematea da asmoa, eta horretarako udalek adierazi beharko dute Oinherrik eta UEMAk tailerra eskaintzea nahi dutela, UEMAra (iodriozola@uema.eus) edota Oinherrira (a.astiz@herrihezitzailea.eus) idatzita. Ahal den neurrian, saioak emateko, partehartzaile kopuru txikia duten herriak elkartzen saiatuko dira UEMA eta Oinherri, beti ere elkarrengandik gertu egonez gero.
Tailerrak praktikoak izango dira, hezitzaileentzako baliabideekin eta formazio zehatzarekin, udalekuetan partehartzea eta euskararen erabilera sustatu dezaten.
Saioak maiatzaren 23tik ekainaren 24ra (astegunetan, arratsaldez) eta ekainaren 27tik uztailaren 1era (astegunetan, goiz eta arratsaldez) izango dira.