Ostegunean ametsetako Baigorri ezagutzeko parada izan genuen, besoak zabalik jaso gintuzten eta bihotza beteta itzuli ginen bertatik.
Goizeko 8ak eta zure autoan Porrotx aurpegia marrazten ikusten duzunean, badakizu egun handia izango dela. Eta halaxe izan zen bai!
2015. urtean Baigorrin, Ametsetako Baigorri egitasmoa martxan jarri zuten herriko umeekin. Orduko hartan, Joxe Mari Auzmendi eta Joxe Mari Agirretxek piztutako txinpartatxoa, estreinatzera gonbidatu gintuzten.
Prozesu honetan, lehen aldiz Baigorrin, herriko hiru ikastetxeak eta herriko etxea elkarlanean aritu dira, haurrekin parte hartzea lantzen, euskaraz eta denontzat herri hobe bat eraikitzeko helburuarekin.
Herriko haurrekin ametsetako Baigorri elkarrekin eraikitzeko errezeta adostu zuten, bakoitzak beretik osagai ezberdinak jarriz, eta isla izeneko parkea estreinatu genuen. Baigorri hamaika auzotan sakabanatuta dago eta herri gunean, elkartoki baten beharra ikusi zuten haurrek, eskola orduez kanpo ere elkarrekin jolasteko. Elkartoki horretako osagaien artean argi zeukaten, natura, euskara, lagunartea eta gozamena ezin zirela falta eta hori antolatzeko baliabideak lortzen, erabakiak hartzen, nola erabili eta zainduko duten arauak adosten jardun dute.
Atzokoa elkarlan guzti horren emaitzaz gozatzeko eguna izan zen. Elkarrekin, goxo, euskaraz eta alaitasunez estreinatu genuen, Baigorritar denetzat elkartokia izango den isla. Eta Oinherritik aurpegian sartzen ez zaigun irribarrearekin itzuli ginen bueltan, askotan hain urrun geratzen zaigun iparraldea, gertu, bihotzetik oso gertu sentituz.