Oñatin, Bagabiltz-Eskola Bidea izenarekin hasi zuten 2013. urtean haurrek eskolarako bidea modu jasangarriagoan egitea sustatzeko proiektua.
Udalaren Hezkuntza Sailak eta Oñatiko ikastetxeek elkarlanean gidatzen dute egitasmoa eta bi ardatz nagusi dituzte jomugan: batetik, ikastetxerako joan-etorrietan mugikortasun aktiboagoa, jasangarria eta segurua sustatzea; eta, aldi berean, eragileen artean elkarlana, partaidetza-, hausnarketa- eta eraldaketa-prozesu bat suspertu nahi dute.
Bagabiltz-en sei urte hauetan hamaika ekimen egin dituzte, hala nola: joan-etorrien inguruko datu-bilketak, haurrak bidean elkartzeko Juntalekuen egitasmoa, argazki lehiaketak, espazio publikoaren gaineko azterketak, ikastetxe ondoko ibilgailuen espazioak urtean egun batez haurrei eskaintzea etab. Iaz, ekimenaren 5. urteurrenaren harira, Eskola Bidea-ren inguruko jardunaldiak egin zituzten herrian bertan. Jardunaldien bidez esperientzia eredugarriak ezagutzeko aukera izan zuten eta Oñatin egindako lana balorean jarri zuten. Iñaki Akizu Udaleko Hezkuntza eta Euskara teknikariaren arabera, “Bagabiltz-en ibilian ikastetxeak oso inplikatuta ikusi ditugu eta herritarrengandik ere balorazio oso onak jaso ditugu”. Aipatzen duenez, Oñatin ere eskolarako joan-etorriak motordun ibilgailuetan egiteko ohiturak indar handia du eta joera hori aldatzeko lanean jarraitu beharraz mintzo da, “pixkanaka espazio publikoa pertsonentzat berreskuratzeko”.
Hik Hasi