Adineko pertsonek eta haurrek elkarrekin erabaki dute Pilarreneako lorategian jartzea
Ekainaren 15eko goizean, Pilarreneako lorategian herriko adineko pertsonek eta gaztetxoek elkarrekin ekimen polita egin zuten. Duela aste batzuk, Porrotx eta Marimotots pailazoak izan ziren Idiazabalen 'Amaren intxaurrak' ikuskizuna aurkezten. Emanaldi hartan, pailazoek gereziondo bat oparitu zioten herriari.
Gereziondo hura non jarri erabakitzeko, Oiherri herri hezitzaileen egitasmoaren baitan, adineko pertsonek eta haurrek elkarrekin erabaki dute kokagunea. Modu honetara, belaunaldien arteko harremanak eta transmisioa indartu nahi izan dira. Ekintza bateratu honetan, Adinetxe jubilatuen elkarteak eta Aita Iparragirre eskolako ikasleek parte hartu dute.
Zuhaitza Pilarreneako lorategian jartzea erabaki zuten, eta halaxe landatu zuten asteartean. Ekimen honetarako bereziki sortutako kantua ere abestu zuten parte hartzaileek eta Naxarioren txistu doinuak lagunduta, kalejiran ibili ziren adinekoak eta gazteak elkarrekin, harreman berria ospatuz. Eguneko Zentroko erabiltzaileek ere ez zuten festa galdu nahi izan, eta balkoitik txaloka agurtu zituzten eskolako ikasleak.