Gaurko honetan Maddi Galparsoro Cid gure komunitate txikian ekarpena egiteko prest dagoen beste kidetako bat aurkeztu nahi dizuegu. Bere lehenengo aldian jolasa, egungo jendartea eta jolasaren esangura eta onurak izan ditu hizpide.
Zenbat aldiz ez ote duzu entzun haurrak argibide-libururik gabe datozela? Galdera hori behin baino gehiagotan entzun dut azken hilabeteetan nire inguruan, horregatik nire barrenak mugitu dituen galdera bat izan delako, gaurkoan horrekin lotutako haurraren garapen eta ikaskuntzaz jardutea erabaki dut. Hitz gakoa jolasa izanik. Jolasa eta haren garrantzia
Zaila da jolasa hitzaren edo jolasteko ekintzaren definizio bakarra ematea, baina gure bizitzako lehen hilabete edo egunetatik hasten gara jolasten. Jolasak berezko gaitasuna du helduak eta haiek barnean daramaten haurra harremanetan jartzeko. Zentzu horretan, oso garrantzitsua da ohartzea jolasa adierazteko modu bat dela, eta, haren bitartez, pertsona bakoitzaren pentsaera eta sentitzeko modua islatzen direla; hau da, pertsona izatearen adierazpena da.
Jolastea bitarteko ezin hobea da gizarte-ikaskuntza positiborako; izan ere, naturala, aktiboa eta oso motibatzailea da. Jolasek etengabe inplikatzen dituzte pertsonak ekintza, erreakzio, sentsazio eta esperimentazio-prozesuetan.
Jolasa adierazteko eta garapenerako modu bat dela ulertzeko eta ikusteko ildo horri jarraituz eta bizimodua zer gizarte-ingurunetan garatzen den kontuan hartuta azpimarratu jolasak oso eginkizun garrantzitsua duela gizakien nortasunaren eraketan. Jolasa funtsezko behar bat da; giza garapenerako ezinbestekoa, esango nuke. Gorputzaren eta zentzumenen garapena sustatzen du, bai eta haurren pentsatzeko gaitasuna eta sormena ere. Komunikatzeko, sozializatzeko eta garapen moralerako tresna ahaltsua da, bai eta emozioak adierazteko eta kontrolatzeko tresna bat ere, oreka psikikoa eta osasun mentala sustatzen dituena.
Jolasak gizarte-ingurune horren eraldaketan daukan indarra azaltzen digu, jolasa modu honetan bizitzan aurrera egiteko urrats txikien laguntzaile da. Jolastea bizitzan zerbaiten alde egitea da, globalizazio-ideiari aurka egitea. Jolastea denbora lapurtzen digun gizarteari aurre egitea da, denbora berreskuratzea. Jolas kooperatiboetan aritzen garenean, harremanak berreskuratzen ditugu. Jolas kooperatiboetan, beste pertsonen indarrak aukera bat dira niretzat. Jada ez dago mehatxurik. Orduan azal gaitezke garen bezala.
Behin guzti hau esanda goazen artikulu honen hitz gako nagusiaz jardutea, zeren eta zer da benetan jolasa? Jolasa, Tonucciren esanetan haurrek duten eskubide bat da, hezkuntza jasotzeko duten eskubidea bezala. Jolasa unibertsala, atenporala eta barrutik kanpora doan ekintza askea da, haurra bera protagonista izanik. Horrenbestez esan daiteke jolasak ez lukeela frustraziorik eragin beharko ez duelako helburu jakinik. Jolasa kulturala izanik, ezinbesteko ekintza bat da pertsona bakoitzarekiko, elkarbizitzarako eta bizitzarako. Guk jolasaren bitartez ikasten dugu eta dakigunaren gehiengoa hortik jaso izan dugu. Jolasten ari garen bitartean, denboraren nozioa galdu ohi dugu. Eta azpimarratzeko, aipatu, jolasean ez dagoela adin tarte finkorik.
Jolasak eragin positiboa du haurren garapenean, zalantzarik gabe. Haren bidez, dibertitzeaz gain, mundua ezagutzen dute, alegia, beraien ingurunea aztertzen eta deskubritzen ikasten dute. Baina, beharbada, oharkabean gera daiteke haurren hizkuntzan nola eragiten duen. Izan ere, jolasak, hizkuntza barneratzen lagundu eta hizkuntza garatzeko ahalmen handia du. Txiki-txikitatik haurrek jolasak baliatzen dituzte beraien gaitasunak areagotzeko, eta ez soilik kognitiboak, baita afektiboak, motorrak eta sozialak ere.
Carlos Gonzalezek esaten duen bezala, “¿De que cosas se acuerda un adulto de lo que estudió en el colegio?” horregatik, ezinbestekoa da jolastea. Haurrak jolasten ere bere burua zentratzen dutela, baita beraien barruan sinistu ere. Askotan, gurasoak haurren gainean egoten dira jolasean ari direnean, eta horrek haurraren autonomia mugatu egiten du, ez dio uzten bere autonomiari aurre egiten. Horregatik, jolasten utzi behar zaio askatasun osoz; etxean, kalean, mendian, ikasgelan…
Psikologo zein pedagogo asko ados daude gai honetan: haurtzaroan ekintzarik garrantzitsuena jolasa dela. Umeak jolasten ari diren bitartean, alde batetik, haien bizitzaren sentimenduak islatzen dituzte – emozioa, alaitasuna, kuriositatea...- eta beste aldetik, ekintzak berak eragin izugarria du haurren garapenaren esparru guztietan, psiko-motorrean, mentalean, afektiboan eta sozialean: jolasaren bidez haurrek beren abileziak erakusten dituzte, norgehiagokan aritzen dira eta zailtasunak gainditzen dituzte bere autokontzeptua sendotzeko eta bere mugak probatzeko. Baina gaur egun garrantzirik ematen zaio haurren jolasari? Benetan eskubide hau bermatzen ote dugu?
Jolasa oraindik misterioa gisa dago gizartean nire ustez, zein pertsona helduei, haurtzaroa dakarkigun oroimenera; dibertsioa, sorpresa eta barregura sortzen digun. Aldi berean esan, nire iritziz, eta ikusi dudan guztiagatik, jolasa oraindik baloratu eta errespetatu gabe dago, eta gainera Eskola curriculumean mespretxatua. Oso garrantzitsua eta beharrezkoa da jolasa dagokion lekuan ipintzea jarduera hezigabe, zalantzazko eta ezusteko gisa. Eskola batzuetan, jolas orduaren denbora murrizten ari dira. Haurrek salto egitea, ezkutatzea, eraikitzea, zikintzea dute gustuko. Galdetu al diegu noizbait haurrei benetan zer den gustatzen zaiena? Badirudi, bizitzaren beste arlo batzuetan bezalaxe, helduek momentu guztietan haurren behar eta nahiak ezagutzen ditugula, eta gehienetan gure behar eta interesetatik abiatzen gara okerreko diagnosi batera iritsiz, honela eskolaz kanpoko ekintzak egitea bideratzen ditugu haurrak, baina kontuan hartu behar da jolasa eta ekintza hauek ez direla sinonimoak, eta jolas libreak ematen dizkien onurak, kanpoko ekintzek ez dizkiela ematen. Prozesu parte hartzailearekin euren beharrak eta nahiak entzun eta bere ametsak gauzatzeko aukera eskaini nahiko nieke. Espazioari dagokionez, jolaserako aproposa izan behar da, eta eroso jolasteko modukoa. Horretarako, ezinbestekoa izango da, naturaren elementuekin parte hartzea; makilak, harriak, lokatza… baita ezkutatzeko hainbat leku izatea ere. Eta garrantzitsua da, gune horiek ez arriskutsuak izatea. Lurrari dagokionez, ez da berdina izango, jolasteko espazioa hormigoizkoa izan edo, mendiko lur biguna izatea. Beharrezkoa al da material zehatzak erabiltzea, jolasterako orduan? Ikusi besterik ez dago haurrak, edozein materialekin jolasteko gai direla, eta gu, helduok, garela beraien jolasa oztopatzen dugun bakarrak, beraien ekintzan, jostailuak eskainiz eta sormena mugatuz.
Hau guztia kontuan hartuz, esan, egunerokotasuna begi asko eta askok oraindik ere lehen zuten haurtzaroa eta oraingoa konparatzen dituztela, eta ez dutela benetan jolasak duen garrantzia ikusten, ezta haurrek jolasteko duten beharra ere. Guk ere jolasteko beharra daukagu, nahiz eta jolasa haurren gauza bat balitz bezala ikusia egon.
Guzti honegatik erabaki dut nire haurrei lekua emanez, beraiek hainbeste maite duten hitz gako honetaz jardutea, eta guzti honen asmoa gurasoei ere barrenera heltzea ere bada, beraien txikitako zatia atera eta lagunekin, bikotekidearekin, haurrekin jolasten hasteko, eta konturatzeko jolastea plazenteroa dela. Nire ustez oso garrantzitsua baita jolasa zer den jakitea, eta zertara lagun diezaioken haurrari bere garapen osoan. Ezinbestekoa ikusten dut, gai hau jorratzea, azkenean, haurraren jolasa oztopatzen dutenak, gu geu baikara, eta askotan gizartea bera ere bai. Azkenik esan beharra daukat, jolasak, giza balorea duela eta laguntzeko eta kooperatzeko ohiturak sortzen dituela; egoera errealetara eramaten eta munduaren ideia edo ezagupen erreal bat erakusten dituelako.