2023/07/03
Bergarako hezkuntza mahaia abian da 2021az geroztik
Oraingo honetan, Bergarako Hezkuntza mahaia ezagutzeko Bergarara hurbildu gara eta bertan, Nagore Narbaiza Zarandona elkarrizketatu dugu, Hezkuntza mahaiaren hasieraz, egindako ibilbideaz eta aurrera begirakoez jardun dugu.
2021ean Hezkuntza Mahaia sortu zen Bergaran, herriko hezkuntza formal eta ez formaleko ikastetxe eta eragileez osatua. Eta 2022an segregazioaren auziari konponbide bat emateko eta adimen gaitasuna duten haurren esku hartzean urratsak emateko ibilbidea hasi zuen, eta berariaz lanketa hauek egiteko lantalde bana sortu zen. Lehenengo lan taldea iraunkorragoa izango da eta bigarrena aldiz, hasiera eta bukaeradun lantaldea izan da.
Segregazioaren lantaldean udalarekin batera parte hartzen duten herriko hezkuntza formal eta ez formaleko eragileak dira Angiozarko eskola, Aranzadi ikastola, EPA, Herri hezitzailea, Ipintza institutua, Jardun euskara elkartea, Mariaren Lagundia ikastola, Migel Altuna LHII, Musika Eskola, San Martin Agirre ikastetxea, UNED eta Zehar Heziketa (Gaztelekua eta kale heziketa).
Hori horrela, 2022an segregazioaren diagnostiko partekatu bat landu zuen lantaldeak eta bertatik ateratako ondorioetan oinarrituta, aurrerantzean garatzeko 2 erronka eta 7 lan-ildo identifikatu ziren.
Diagnostiko partekatua
Diagnostikoak jasotzen dituen ondorio nagusiak honakoak dira:
- Eskaintza anitza eta zabala dago Bergaran hezkuntza formal eta ez-formalean; balioan jarri eta mantendu nahi den eskaintza, hain zuzen ere. Hala ere, beharrezkoa ikusi da segregazioari aurre egiteko lanketa; izan ere, jarduera segregatuak egon baitaude, sexua eta jatorriaren araberakoak, hezkuntza formal nahiz ez-formalean.
- Atzerriko jatorria duten askotariko pertsonak daude eta pasa dira Bergaratik, eta ez ditugu komunitate bakar gisa irudikatu behar; komunitate haina errealitate daudelako eta guztiak aintzat hartu behar dira inklusio eta kohesioaren lanketan.
- Eta kontuan hartu behar da, bestalde, atzerriko jatorria duten pertsonen joan-etorria handia dela, batzuk Bergaran geratzen dira baina beste batzuk ez dira bertan finkatzen
- Hezkuntza formalean erreparatuz gero, Bergarako kasuan, ikasle etorkinek ikasle guztiekiko osatzen duten ehunekoa ez da %10era iristen derrigorrezko etapetan, ezta Haur Hezkuntza eta Batxilergoan ere. 2020/21 ikasturteko datuen arabera, Haur Hezkuntzan ikasle etorkinen pisu erlatiboa % 8,72koa da, % 6,61ekoa Lehen Hezkuntzan, % 5,26koa DBHn, eta etorkinen pisua gutxitzen doa Batxilergoan, % 1,33ko pisu erlatiboarekin. Aldiz, Lanbide Heziketan %11koa da eta Helduen Hezkuntzan % 54koa diagnostikoaren datuen arabera. Honenbestez, derrigorrezko hezkuntza arautuan beste hezkuntza-etapetan baino txikiagoa da etorkinen pisu-erlatiboa.
- Azken urteetako matrikulazio datuek erakusten dute atzerriko jatorria duten pertsonen matrikulazioa orekatzen ari dela pixkanaka ikastetxeen artean, ehunekoei begiratuz gero oraindik ere ezberdintasunak ikusten diren arren.
- Lanbide Heziketan gizonezko kopurua nabarmen altuagoa da emakumezkoena baino (atzerriko eta bertako jatorria duten ikasleengan). Ikasle etorkinen pisu-erlatiboa berriz beste etapetakoa baino handiagoa da.
- Hezkuntza ez formalean ere badago non erreparatu. Udalerriko hezkuntza ez formaleko eskaintzan ikasle etorkinen parte-hartzea oso txikia da, Bergarako ludoteka eta eskola-errefortzuetan izan ezik
Etorkizunerako erronkak
Lantaldea osatzen dugun askotariko eragileok begirada partekatua izaten lagundu digu diagnostikoak, eta etorkizuneko eskuhartzeetarako baldintza onak sortzea ahalbidetu digu. Honenbestez, oinarriak jarrita, bidea egiten jarraitzea da lantaldearen nahia, diagnostikotik eratorrita atera diren 2 erronkak erdiesteko, 7 lan-ildoen garapenean.
Hauek dira, zehazki, ipar gisa markatu ditugun erronkak eta bakoitzari dagozkion lan-ildoak:
-
Herri kohesioa, aniztasuna eta partehartzea sustatzea
- Atzerriko komunitateen parte-hartzea sustatzea herrian.
- Udaleko Txartel Sozialaren sorkuntza sustatzea.
- Segregazioa Lantzeko Mahaia mantendu eta herrian kontzientziazio lana egitea.
- Hezkuntza eragileen eta Udaleko sailen arteko koordinazioa sendotzea.
-
Eskola segregazioari aurre egitea eta ikasleen partaidetza sustatzea
- Eskolaz kanpoko jardueretan atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia sustatu eta etorkizunean bermatzeko urratsak ematea.
- Eskolatze Mahaia sortzea.
- Hezkuntza etapa guztietan atzerriko jatorria duten ikasleen partehartzea sustatu eta etorkizunean bermatzeko urratsak ematea, emakumeengan arreta jarrita.
Hala nola, 2023ko jardunean, apirilera bitartean lantaldea lan-ildoen egikaritzean sartuko da buru-belarri eta hurrengo hilabetetako ekintza-plana zehaztuko du. Zehazki, Eskolatze Mahaiaren sorrera, atzerriko komunitateen parte hartzea sustatzea eta eskolaz kanpoko jardueretan atzerriko jatorria duten ikasleen presentzia sustatzea dira lehenetsi diren lan-ildoak. Beti ere, uneko erronka sozialak eta behar komunitarioak aintzat hartuz, Bergara kohesionatu, iraunkor eta justuago bat eraikitze bidean herritarrak ahalduntzea eta ikuspegi komunitarioa indartzea helburu izanik.