Gaurkoan Lekittoko sare herritarreko bolondres batzuk elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Nola hasi ziren, nola antolatu ziren eta zertan ari diren kontatu digute besteak beste.
Nola hasi zen guzti hau?
Konfinamentua ezarri baino egun batzuk lehenago aurreikus zitekeen etortzekoa zena: ikastetxeak ixten, etxean gelditu beharra, kalera ateratzeko mugak… Herriko eragile bateko lagun talde batek zaintza sarea antolatzeko ideia izan zuen eta konfinamendua hasi baino egun bi lehenago asanblada bat deitu zuten herriko parkean. Segurtasun irizpideak zainduz, dozena bat lagun bildu ginen han.
Egoerak ekar zezakeenaren inguruko iritzia emanez hasi ginen, eta apurka egoerak eragingo zituen arazoetara egin genuen salto: etxetik atera ezin zuten adinekoak, gurasoak lanean zeudelako etxean bakarrik geldituko ziren haurrak… Arazo horietaz hitz egiten, herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko zerbait egin behar genuela iritzi, eta horren bueltan zaintza sarea antolatzeko apustua zehaztu genuen.
Hasiera horretan zeintzuk ziren beharrak? Behar horiek asetzeko nola antolatu zineten?
Hasieran, etorriko zena zer zen ez genekienez, oinarrizko beharrak asetzeko antolatzen hastea erabaki genuen: egoera zaurgarrienean zeuden pertsonei, arrisku talderen bateko parte zirenei, errekadu eta erosketak errazteko bolondres sare bat antolatzea, hain zuzen. Herritarrek bolondres gisa izena eman zezaten helbide elektroniko bat sortu genuen eta telefono bat adostu lau haizetara zabaltzeko, beharrizanak zeuzkaten pertsonek telefono horretara deitzeko.
Zabalpenerako kartel bi prestatu genituen, bat izen ematea sustatzeko eta bestea etxe atarietan jendeak jartzeko, beharrizanak zeuzkatenek telefonoa eskuragarri izan zezaten. Hasiera horretan telefonora deitzen zutenen beharrak asetzeko prest zegoen jendea behar genuen, eta bolondres talde bat sortu nahi genuen. Gehiegi pentsatu gabe hasi eta herritarren erantzuna ikustean berriz bildu ginen dena hobeto antolatzeko, hartu zuen dimentsioa ikaragarria izan baitzen hasierako momentutik.
Nola funtzionatzen duzue? Zein alor edo behar asetzeko ari zarete lanean?
Antolaketa pentsatu baino konplexuagoa da; izan ere, errekadu edo erosketak egiten hastetik beste hainbat alor lantzera egin dugu salto. Osasun eta zaintza krisi hau luzatuko zela aurreikusten hasi ginenean, heldu beharreko beste behar batzuk zeudela identifikatu genituen. Non gelditzen da kultura? Zein hizkuntza ari da gailentzen konfinamendu garaian? Herriko ekonomiari eta komertzio txikiei nola eragingo die krisialdi honek? Haurrak etxean preso 40 egunez? Eta gazteek nola bizi dute konfinamendu egoera?
Alor guzti horietara iristen eta bakoitzaren beharrizanei erantzuteko ahaleginean gabiltza. Horretarako kulturako lan taldea, haurren lan taldea (honen baitan gazteenak ere tartea dauka), errekadu eta erosketen lan taldea, komertzio txikien lan taldea, euskara lan taldea eta komunikazio lan taldea dauzkagu. Komunikazioko kideak gainontzeko lan talde guztietan ere inplikatuta daude, oso garrantzitsua baita erdi-konfinatuta jarraitzen dugun bitartean gure asmoen berri ematea. Aipatu, lan talde bakoitza alor horretako herriko kideek osatzen dutela zuzenean ez bada zeharka, lan taldean ez bada ekimen zehatzetan laguntzen edota ekarpena egiten: haurren gaiarekin ikastetxeetako irakasle zein gurasoak, kulturarekin herriko sortzaile zein artistak…. Guztien artean koordinazio lanak egiten dituzten kideak ere badira, hainbeste kontu lantzen ditugunez elkar zapaltzen ez garela bermatzeko.
Nolakoa izaten ari da herritarren erantzuna?
Hasiera hasieratik izugarria. Bolondresek izena emateko aukera zabaldu genuenetik bost egunera 150 bolondreseko sarea osatuta geneukan; 150 lagun haien etxeetatik ateratzeko prest herrikideei laguntza eskaintzeko. Eta azpimarratu beharra daukagu edozein adin, kolore zein pentsakeratako jendea dela, egoera honen aurrean elkartasunetik eta auzolanean sare komunitarioa eraikitzeko beharra ikusi duen jendea.
Bolondres aktibo hauez gain, gainontzeko lan taldeetan inplikatutako jendea ere badago. Bolondres izan ezin eta lan taldeetan parte hartuz edo egitaraurako ekarpenak eginez parte hartzen duena. Badago beste jende bat janaria, laguntza ekonomikoa, jolas eta liburuak, proiektuaren zabalpena, etabar luze batean lagundu duena.
Ez litzateke asko esatea izango herri osoa proiektua indartzen eta zabaltzen ari dela esango bagenu, zaintza sare herritarraren parte dela esango bagenu.
Haurren esparruan ere zerbaitetan bazabiltzate? Zertan?
Osasun krisi honek sortu dituen behar ezberdinak identifikatzen hasi ginenean, herriko haur eta gazteak muturreko egoera bizitzen ari zirela ikusi genuen. Orain egoera ezberdina da, baina, orduko hartan bost aste beteak ziren haur eta gazteak etxetik atera gabe zeudela. Beraz, alde horretatik sare herritarretik zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen.
Ordurako piztuta zegoen haurrak kalera ateratzeko beharraren inguruko eztabaida eta sare herritarraren ildo honen hastapenean Lekeitiko haurrak kalera ateratzeko beharra aldarrikatuz eta hori gauzatu zedin irizpide proposamen batzuk jasotzen zituen idatzi bat landu genuen. Horrretan genbiltzan bitartean jakin genuen egun gutxi barru haurrak kalera ateratzeko aukera izango zutela. Beraz, beste behar batzuei heltzen hasi ginen.
Bi izan dira orain arte martxan jarritako ekimenak. Ikastetxeen laguntzaz, haur batzuk eskolako zereginekin jarraitzeko zailtasunak zituztela identifikatu genuen. Arrazoi ezberdinek zeuden tartean, baliabide falta, gurasoek laguntzeko zailtasun ezberdinak izatea… Alarma egoeran sartu eta batera saiatu zen eskolako dinamikarekin etxetik jarraitu ahal izateko baliabiderik ez zuten etxeetan baliabide horiek bermatzen. Eta gerora, bolondres saretik errefortzu saioak aktibatu dira. Eskolako zereginekin aurrera jarraitu ahal izateko etxe ezberdinetan dauden beharrak asetzea da errefontzuen asmoa; izan gurasoak kanpoan daudelako lagundu ezin duten umeei begira, hizkuntza zailtasunak direla eta umeak lagundu ezin dituzten etxeetan, euskararekin konkaktua galdu duten etxeetan tarte batez euskaraz hitz egiteko aukera bermatzeko,... Horretarako behar zehatzak identifikatu ditugu eta bolondresen saretik behar horiei erantzuteko aukera dutenekin zubi lana egin da bakoitzaren arabera nola egin egokitzeko. Dinamika honen asmoa ez da eskolak izan ditzakeen hutsuneak tapatzea, horregatik sare herritarra ikastetxeekin elkarlanean dabil.
Bestalde herriko gazteen egoerak kezka handia sortzen digu. Egoera honek gazteengan ezinbestekoa den sozializatzeko beharra eten du, oinarri nagusia lagunak diren garaian etxean itxiz. Pantailekiko lotura handitu egin denaren susmoa daukagu (ez gazteengan bakarrik, orokorrean baizik) eta gai hau oso kezkagarria iruditzen zaigu. Izan ere, jakina da pantailek dependentzia sortzen dutela, baina, horrekin batera kontsumo ereduak kezka handia sortzen digu. Beraz, herriko gazteak guzti hau nola bizitzen ari diren eta esateko duten hori zer den pentsatzen hasi ginen. Ahots eta iritzi ezberdinak jasotzeko gazteei zuzendutako galdetegi bat osatu dugu. Galdetegi honen asmoa herriko gazteekin elkarrizketa bat sortzea da, ezinbestekoa zaigu gazteak entzutea, zer bizitzen ari diren, nola dauden, zer duten aldarrikatzeko, zer behar duten eta guzti horretarako nola saretu gaitezken elkarrekin pentsatzeko. Izan ere, konfinamenduko garai honetan gazteen jarrera eredugarria eta txalogarria izaten ari dela entzuten da han eta hemen, ondo portatzen ari direla,... Horrek kezkatzen gaitu, gazteek gazte izan behar dute.
Jolastailu trukea martxan jarri duzue? Zertan datza? Zer egin behar da parte hartzeko?
Aurretik esan bezala, pantailekiko sortu den loturak kezka handia suposatu digu. Egia da, krisi egoera honetan saretzeko aukera handia eman dutela, horrekin batera, haur eta gazteen kasuan eskolako ikasketekin eta irakasle zein lagunekin harremanetan jarraitzea ahalbidetu dute, denbora pasarako eta harrigarria bada ere gorputza mugiarazteko aukera ere eman digute. Baina, guzti honek badu bere buelta, zeintzuk dira ematen dizkiguten kirol eskaintzak edo/eta aisialdikoak? egokiak al dira? zer da kontsumitzen ari garen hori?
Horretaz gain, pantailen erabilera, dependentzia handia sortzen ari dela uste dugu, baita gure txikiengan ere. Pantailaren aurrean orduak eta orduak pasatzen ditugu eta tarte horretan ahaztu egiten zaigu geldirik gaudela, bai fisikoki eta baita mentalki ere, hartzaile huts bihurtu gara. Guzti honen ondorioak zeintzuk izango diren oraindik ez dakigun arren, batzuk ikusten hasiak gara. Eta sare herritarrean argi dugu herri bizi bat nahi dugula eta horretarako ezinbestekoa dela bizirik eta martxan egotea bai burua eta baita gorputza ere.
Beraz, guzti honi moduren batera heltzeko beharra sentitu genuenez, puzzleak, liburuak eta mahai jolasak biltzeko deia egin genuen eta erantzuna benetan arrakastatsua izan zen. Pantailaz gain, beste baliabide hauek ez zituzten etxeetara helaraztea zen asmoa eta hala egin genuen.
Bideoa:https://www.youtube.com/watch?v=SAcVRcG9oAA&feature=youtu.be
Aurrera begira zer?
Aurre begira jartzerakoan pentsatzen dugu, denboraren perspektibarekin bakarrik izango gara gai guzti honi merezitako hitzak jartzeko. Baina, argi dagoen kontua da saretzen eta lanean jarraitu beharko dugula. Izan ere, kalera ateratzen hasiak gara, baina, kalera ateratzeak ez du bere horretan azaleratu diren arazo guztien konponbidea ekarriko, hori argi dugu. Datorrenari aurrea hartu behar diogula uste dugu, herria komunitate bezala indartu, herria elkartasunaren eta auzolanaren baloreetan berreraikiz. Zaintza gure bizitzen erdigunean jarri nahi dugu, bizitzak erdigunean jartzearekin batera. Eta uste dugu horretarako denok dugula zer hartu eta zer eman, izan ere, denok behar dugu beste norbaiten babesa eta laguntza. Herri baloreetatik, auzolanetik, elkartasunetik eta zaintzatik herria josten jarraituko dugu.