Azaroaren 15ean, Udalbiltzarekin elkarlanean, “Nola sustatu ekintza komunitarioa udalgintzatik?” topaketa gauzatu genuen, ekintza komunitarioa administrazioetatik sustatzeko eman beharreko pausuak zehaztu eta hainbat udalerritako esperientziak biltzeko helburua izan zuena. Izan ere, gaiak badu nondik heldu, eta nahi adina zalantza sortu ditzake: zergatik ekintza komunitarioa? Posible al da begirada komunitarioa udalen eguneroko jardunean txertatzea?
Zalantza horien guztien inguruan hausnartzen jardun ginen topaketan. Lehenengo atalean, Oscar Rebollo Izquierdo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologiako irakaslea eta Bartzelonako udaleko ekintza komunitarioko zerbitzuetako zuzendari ohiaren hitzaldia entzuteko aukera izan genuen, “Ekintza komunitarioa administrazio publikotik gizartea eraldatzeko”. Bigarren atalean berriz, abiapuntu ezberdinetatik gauzatutako zenbait esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen, hala nola, Deba, Pasaia eta Debagoienekoak.
Rebollok, bere hitzartzea hasi orduko, aspalditik ultraindibidualizatutako jendarte batean bizi garela aipatu zuen, norbera egiten dugula gertatzen zaionaren erantzule, eta eskura dituen baliabideekin egin behar diola aurre egoerari. Ordea, arazo sozialak geroz eta gehiago diren eta dimentsioa handiagoa hartzen duten honetan, erantzun kolektibo bat eman behar zaiela aipatu zuen, erantzun indibidualak aldaketarik ekarriko ez duela mahaigaineratuz. Hori horrela, ikuspegi komunitarioaren helburuak autonomia pertsonala, ekintza eta antolaketa kolektiboa direla aipatu zuen, gerora horrek, lurraldearen sendotze demokratikoa ekarriko lukeena. Era berean, ekintza komunitarioaren asmo eraldatzailearen pintzelada txiki batzuk ere aipatu zituen Rebollok, zaugarrienen bizi baldintzak hobetzea ere bilatzen baitu honek.
Horren aurrean, eraldaketarako ardura denona dela esan zuen Oscarrek. Norbanako zein taldeena bai, baina ardura publiko edo instituzional bat ere existitzen dela azpimarratu zuen. Hori horrela, administrazio publikoak jokatu beharreko bi rol identifikatu zituen lehenbizi; ekintza komunitarioko politika publikorako bost estrategia zehaztu zituen ondoren, eta azkenik, prozesu komunitarioek gidatu beharreko 7 printzipio metodologiko zerrendatu zituen. Rolei dagokienez, erraztea eta eraikitzea izan ziren identifikatutako rolak. Bigarrena erraza izan daiteke: administrazioak proiektu, programa eta zerbitzuak pentsatzea eta aplikatzea, irizpide tekniko eta politikoen arabera. Ordea, “errazte” lanetara ez dago oso ohituta, elkarrizketa, negoziazioa eta konpromisoa eskatzen dituelako, besteak beste. Politika publikoetan esku hartzeko bost estrategia identifikatu zituen ondoren: lehena, politika sektorialetan ikuspegi komunitarioa txertatzea; bigarrena, gizarte edo komunitate azpiegiturak eraikitzea; hirugarrena, elkarteen proiektuak eta herritar antolatuen gaitasunak indartzea; laugarrena, antolatu gabeko herritarrekin eta herritarrentzako lan egitea; eta bosgarrena eta azkena, erakunde barruko eta erakunte arteko aliantzen ko-sorkuntza eta eratzea. Azkenik, administrazio, zerbitzu eta ekipamendu publikoetatik prozesu komunitarioak sustatzeko zazpi printzipio metodologiko izendatu zituen: harrera egitea, ekintza erdigunean jartzea, presentzia izatea, bilaketara irtetea, jendearekin beraien indarguneetatik lan egitea, barruko pertsonekin lan egitea eta lidergo erraztatzaileak izatea.
Oscarren hitzartzearen ondoren, mahai inguruari ekin genion. Atal honetan, Debako, Pasaiako eta Debagoieneko esperientzietan Oscarrek aipatutako zenbait ideia praktikan ikusi ahal izan genituen.
Mahainguruan hitza hartzen lehenak Itziar Irizar eta Gilen Garcia izan ziren Debako alkate orde eta alkatea.
Debako esperientzia, geoparkearen barruan eginiko eskuhartze urbanistiko batetik abiatu zela aipatu zuten. Herriarentzat oso garrantzitsua da Alamedako espazio publikoan egin nahi zen proiektu bat jaso zuten eta gaia herritarrekin lantzea erabaki zuten. DAGIGUN partaidetzarako gunea sortu zuten horretarako, herriko gazte batzuk inplikatuz. Bertan herritarrengandik jaso zuten erantzuna ikaragarria izan zen, proiektu zehatz horretarako bakarrik ez, herria bere osotasunean hobetzeko ekarpenak jaso baitzituzten. Poriektuan izandako gorabeherak azaldu zituzten, eta partaidetzarako gunea sortu izanak izan zuen berebiziko garrantzia azaldu ziguten.
Bigarren gonbidatuen eskutik Pasaian urte luzez gauzatzen ari diren eskubidean plana gertutik ezagutzeko aukera izan genuen. Horretarako, Malen Aldalur , Eli Astiasaran eta Jaione Urruzola Aritzeta izan genituen. Proiektuaren abiapuntua, beharrak, korapiloak eta aurrera begira identifikatuta dituzte erronkak plazaratu zituzten. Pasaiako esperientzian, haur eta nerabeen parte hartzea zeharlerro moduan hartuta, udalak ekintza komunitarioa sustatzea du helburu. Horretarako, barrutietan topagune ezberdinak sortu dituzte, ikastetxeekin elkarlanea eta udalean sailen arteko mahaia eraikiz.
Debagoienean Errekak bizi auzolanean ekimenaren zehaztasunak Txatxilipurdiko eta erreka batzordeko kide den Iker Agirrek eman zituen. Urriaren 14an eginiko auzolana nondik eta zein helbururekin gauzatu zen azalduz. Agirreren ustetan zabor kiloetan zentratu beharrean, ekintzak berak harremanetan eta gugan duen eraginean jarri beharra dago fokoa. Aurtengo edizioan 600 pertsona inguruk parte hartu dute bailara osoan eta herri bakoitza modu ezberdinean antolatu da. Hala ere, bailara mailako batasunak oiartzun eta zabalkundean eragin nabarmena izan duela azpimarratu nahi izan du eta izandako bizipenak 2. lerrora pasa aurretik datorren urterako data adostu dutela iragarri du.
Hurrengo egunetan, bideoak ikusgai izango dira gure youtubeko kanalean.