[Elkarrizketa] Haurren nahi eta beharrak erdigunean jarriz...ERALDATU!

Gaur, Santamainako ludotekan lanean diharduten, Garazi Azkarate, Inesa Ugalde eta Iñigo Prieto elkarrizketatzeko aukera izan dugu. Beraien ahotik jaso ahal izan dugu, azken ikasturte hauetan egindako kanpo espazioaren eraldaketaren berri.

Egoera ez ohiko honetara iritsi aurretik, hilabeteetan zehar kanpo espazioan egiten ari ziren eraldaketaren berri jaso genuen. Hori horrela, elkarrizketa egin diegu bertan lanean diharduten hezitzaileei. 

-Nola hasi zen prozesu guzti hau? Zenbat iraun du?

Betidanik izan dugu espazio hau Santamainako ludotekan, baina prozesu honekin hasi aurretik espazio grisa, hotza, hezea eta zikina zen, ez zuen batere erakartzen.

Haurrek ez zuten beraiena bezala sentitzen, ez baitzuen beren beharrak asetzeko aukerarik ematen. Eraldaketa honen ideia beraien behar eta interesatatik sortu zen. Haurren eskaerari heldu eta lehenengo urratsa 2018-2019 ikasturtean eman genuen.  Gaur egun oraindik ez da prozesua amaitu lanean jarraitzen dugu eremuari argitasuna, kolorea, bizitasuna ematen dion proiektu honekin.

 

-Zeintzuk izan dira prozesu honek izan dituen faseak? Nola bizi izan duzue fase bakoitza?

Faseak azaltzen hasi aurretik, esan beharra dago ibilbide hau modu parte hartzailean egin dugula. Espazio hau guztiona den heinean, momentu oro haurrak jarri ditugu erdigunean beraien interesak eta beharrak entzunez.  Asanblada partehartzaileen bidez eraiki dugu gure kanpo espazioa. Horretan asko lagundu digu Txatxilipurdi elkarteko berramesten sailak, parte hartze prozesuetan eta espazioen eraldaketan eskarmentu handia baitauka.

Hasteko, parte hartze prozesu bat zabaldu genuen. Ludotekako haurrekin kanpoko espaziora atera ginen eta txokoz txoko leku bakoitzean zer egotea gustatuko litzaieken galdetu genien. Ideia eta proposamen ugari atera ziren, inplikazioa eta motibazioa ez zitzaien falta. 

Honi jarraipena emateko ludotekako gela lasaian “Gure ortua” izeneko txokoa sortzea erabaki genuen. Bertan  ortuaren plano bat sortu genuen, lana egiterako orduan haurrek ideiak bisualki eta argiago ikus zezaten. Era honetan, proposamenen zerrenda edukita eta plano baten aurrean, haurrek taldetxotan ideiak planoan finkatzen jardun ziren. Behin txoko bakoitzean zer egongo zen finkatuta, hezitzaileok euskarri bisualak erakutsi genizkien. Hauek oso baliagarriak izan ziren batez ere txikienentzat, ideia bat egiteko balio izan zien eta asanbladetan beraien hitza balioan jartzea erraztu zigun.

Behin txokoak sortuta bakoitzak izango zuen  funtzionamendua, arauak , materiala… zehaztu genituen.

Proiektuaren hezurdura amaitutzat eman genuenean, gure proposamena Udalari eta gurasoei aurkeztu genien haurrak gidatutako bisita batean. Horrez gain, Udalari proiektua martxan jarri ahal izateko eskaerak egin genizkion. Udalarekin eta brigadarekin batera erabakiak hartu eta martxan jarri ginen!

Gaur egun jada zenbait txoko martxan ditugu, hala nola, ortua barazki eta landareekin, eszenatokia, lokatz gunea, ortuko tresnak gordetzeko etxola (hau gaztetxokoko erabiltzaileekin batera eraiki genuen)... Mural erraldoi bat ere egin dugu eta hori aurrera eramaten POOK Arrasateko artista taldeak lagundu digu parte hartze saio baten bidez. Ederra izan zen prozesua eta baita emaitza ere, gure kanpo espazioa koloreztatu baitu.

Horrez gain, brigadak gela lasaitik ortuko espaziora sartzeko atea jarri digu. Honek abantaila asko eman dizkigu eta orain denbora luzez ibiltzen gara kanpoan jolasean.

Hemendik aurrerako lana ez dago gure esku. Eskaladako txokoa eraikitzea falta zaigu. Honetarako ere, asanbladaren bidez haurrekin adostu genuen nolako txokoa izango zen eta brigada Azpeitiko Kimu Bat enpresarekin jarri zen harremanetan. Beraiek proposamen bat bidali ziguten eta asko gustatu zitzaigun. Beraz, proiektua martxan dago eta Udalaren aldetik erantzuna jasotzea falta zaigu lanean jartzeko.

Bukatzeko, nahiz eta lokatz gunea martxan egon, horma batzuk jarriko dizkigute bertan haurrek beldur gabe jolastu eta zikindu daitezen.

 

-Zer diote haurrek? Nola bizi izan dute? Zer diote lortutakoaren inguruan? Gustura gelditu dira?

Haurrak oso gustura daudela esan genezake. Izan ere, uneoro euren nahiak eta hitza errespetatu ditugu eta hori asko baloratzen dute eurek ere. Gainera, hasieratik asko inplikatu dira proiektuan eta lortu duten guztia eurek lortu dutela badakite. Horrek, lotura berezi bat sortu du kanpo espazioarekin eta asko erabiltzen dugu. 

Izan ere, aurrez esan dugun moduan, proiektua abiatu aurretik, haurrek kanpo espazioa ez zuten eurena zela sentitzen. Eta, proiektu honen bidez eta kanpo espazioari eurek nahi zuten itxura emanez, eurena dela sentitzen dute. Horrek, gainera, proiektuarekin aurrera egiteko gogo handiagoa sortzen die!!!

 

-Prozesu honek zer ikasteko aukera eskaini dizue? Zeintzuk izan dira prozesuan zehar topatu dituzuen mugak?

Prozesua bera ikaskuntza prozesu bat izan dela esan genezake. Parte-hartzea erdigunean jartzean eta haurren nahiak entzutean asko ikasteko aukera izan dugu. Erronka polita izan da guztiontzako eta, batzuentzat ezinezkoa izan arren, haurrekin proiektu oso interesgarriak egin daitezkeela frogatu dugu beste behin. 

Uneoro euren nahiak eta beharrak jarri ditugu erdigenuan eta horrek inplikazio asko eskatzen du. Esaterako, erritmoak haurren beharretara egokitu ditugu. Beraz, haurrek ez ezik, hezitzaileok ere asko ikasi dugu proiektu honekin. Baita modu batean zein bestean proiektu honetan inplikatuta egon direnek ere: gurasoak, Txatxilipurdi elkarteko lagunak, artista taldea,Udala… 

Muga handietako bat denboraren kudeaketa izan da. Haurrekin parte-hartze saio bat egin orduko, hauek berehala ikusi nahi dituzte fruituak eta, askotan, ezin izan ditugu erantzunak nahi bezain azkar eman. Izan ere, ideia bat aurrera eramateko, aurretik jende askoren eskutik pasatu behar da eta horrek asko moteltzen du prozesua. Hori dela eta, momentu batzuetan haurrak goibel xamar aritu dira, baina, emaitzak ikusten dituztenean, berriro ere gogotsu hartzen dute proiektua! Beraz, batzuetan prozesua geldoa da, baina, ez da gelditzen. Eta horrek asko laguntzen du. 

 

-Hezitzaile eta haurrez aparte izan al duzue bestelako laguntzarik? Nola lortu duzue beste agente batzuk inplikatzea? 

Laguntza ugari jaso dugu, eta eskerrak! bestela ez litzateke posible izango proiektu hau aurrera eramatea. 

Aurretik aipatu bezala, Udalarekin elkarlanean aritu gara eta brigadak sekulako lana egin du proiektua aurrera eramateko. Horrez gain, POOK elkarteko artistei esker lortu dugu gaur egun ortua koloreztatzen duen mural erraldoia. Gaztetxokokoekin ere elkarlan polita egin genuen. Azpeitiko kimu bat enpresak  gure proiektuaren barruan bere hazitxoa jarriko du.

Eta, proiektu osoan zehar Berramesten sailak ere asko lagundu digu, hasiera-hasieratik gu aholkatzen eta laguntzen aritu dira. Pauso berri bat eman behar dugun aldiro, eurengana jotzen dugu eta bidea argitzen lagundu digute askotan. Guzti hauei eskerrak eman nahi dizkiegu, guztion artean lortu dugulako gure proiektua aurrera eramatea.

Ezin gara gure gertukoez ahaztu. Gure eraikinean jubilatuen elkartea eta liburutegia dago. Nahiz eta proiektuaz zuzenean lanean ez aritu, guztiaren berri dute eta poz handiz hartu dute hasieratik gure proiektua.

 

-Zerbait gehituko zeniokete elkarrizketa honi? Hausnarketaren bat edo ? 

Ortuko proiektua amaituta dagoenean, auzora zabaltzea gustatuko litzaiguke. Hau da, auzotar guztientzat zabalik egotea eta espazioa auzoarena izatea. Horrela, auzoak beste txoko bat irabaziko luke eta, gainera, denontzat aberasgarria izango litzateke. Modu horretan, gainera, auzoarekin harremana estutzeko aukera ere izango genuke eta horrek etorkizunean beste proiektu batzuk martxan jartzea ere ahalbideratu ahalko luke.