2020.a ezezkoen urtea izan da. Egin ezin dugun guzti horretan, debekuetan, zentratutako urtea. Esku artean erabili ditugun protokolo guztiak ezezkoen gira-bueltan egon dira idatzita eta ezinezkoetara bideratu ditugu gure begirada eta indar guztiak. Akituta amaitu dugu urtea, erabat nekatuta.
2020.a ezezkoen urtea izan da. Egin ezin dugun guzti horretan, debekuetan, zentratutako urtea. Esku artean erabili ditugun protokolo guztiak ezezkoen gira-bueltan egon dira idatzita eta ezinezkoetara bideratu ditugu gure begirada eta indar guztiak. Akituta amaitu dugu urtea, erabat nekatuta.
2021.ak lehengo lepotik burua! Urte berria bide beretik hasi da; protokolo zorrotzagoak, debeku hertsiagoak, ezezko zurrunagoak…
Nora Saboltxek Durangoko jardunaldietan azpimarratu zuen moduan, ezezko guzti hauen artean, baiezkoak aurkitzea dagokigu guri, debekuen gainetik amestea eta iluntasunean argia aurkitzen saiatzea. Murrizketa bakoitzak eduki dezake bere aukera, porlanezko horma grisetan baloi eta piloten zipriztinek, esku eta oinen aztarnek eta koloretako klarionen arrastoek erakusten duten bezala.
Covid-19aren hirugarren olatuak eragin dituen murrizketa zorrotz hauetako bat herriak perimetralki ixtea izan da gure ikastetxeetako ibilaldi asko bertan behera geratu direlarik. Albo kalte guztiek bezala ordea, hari mutur bi ditu honek ere; murrizketarena punta batean baina aukerarena bestean.
Hezkuntzan lan egiten dugunok jakin badakigu ibilaldi hauek ikasleen ikaskuntza prozesuan eta harremanetan izaten duen garrantzia. Herritik atera ezin izateak ordea ez du esan nahi ibilaldi hauek bertan behera utzi behar ditugunik. Ezta gutxiagorik ere! Herrian bertan, mila eta bat aukera ditugu ibilaldi hauek gauzatzeko.
Ikasleekin batera herriko ondare natural eta kulturala sakonago ezagutzeko eta balioan jartzeko aukera paregabea dugu aurtengo ikasturtean. Herriko eragileek egiten duten lana gertutik ezagutu eta elkarlanerako zubiak eraikitzeko aukera dugu.
Goazen aukera hauek baliatzera eskola herrira irekitzeko, eskolatik plazara eta plazatik eskolara bi norantzatakoa izango den bidea eraikitzen jarraitzeko, herriko eragileekin zubiak eraikitzeko, eskola herritarrago bat eraikitzeko eta herria eremu hezitzaile moduan ulertuta herri hezitzaileago bat erdiesteko.
Birusaren aurkako babes neurriak errespetatuz, aukerak, arrakalak, zirrikituak bilatzea izan da pandemiaren hasieratik Oinherritik sustatu nahi izan dugun jarrera. Eta orain ere bai! Indar gehiagorekin, gogo gehiagorekin, aurtengo urtean ere horrela jarraitzera animatu nahi zaituztegu.