Haurrak erdigunera

LHko haurrek jolas orduan maskara erabili beharko dutenaren notizia ezagutu genuenean,asko izan ziren sortu zitzaizkigun emozioak, tartea hartu eta Oinherri osatzen dugun eragileok ondoren irakur dezakezuen adierazpena landu genuen 👇🏽

 

2020ko apirilean Haur eta Nerabeen eskubideen urraketa nabarmena ematen ari zela kezkaturik, Oinherri Herri Hezitzaileen elkartetik beraien eskubideen aldarrikapena eginez, “GORA HAURTZAROA” manifestua kaleratu genuen. Orain berriz, Euskal Autonomi Erkidegoko Hezkuntza Sailak LHko ikasleak ikastetxeetako patioetan musukoa erabiltzera behartzen jarraituko duela jakin dugu.

GORA HAURTZAROA manifestuan espresuki haurren eskubideak osoki kontuan har zitzaten eskatzen genien gure arduradun politikoei. Azken erabaki honekin, gaur egungo ikastetxeetako terminologia erabiliz, ikasgai hau “errekuperatzeko” dutela esan genezake.

Erabakiaren berri izan dugunean, jaso ditugun erantzunak argiak izan dira: haserrea, dezepzioa, egonezina, zentzugabekeria, barrabaskeria, berriz ere haurren kontra, bidegabekeria, etsipena…

BAINA EZIN DUGU ETSI!!!

AHOTSA ALTXATU BEHARREAN GAUDE.

Momentu honetan ez dugu zentzuzko arrazoirik ikusten haurrak  kanpo espazioan dabiltzanean musukoaren erabilera derrigortzeko. 

Haurrak txertatu gabe daudela eta birusaren hedapen foku berririk gerta ez dadin hartu dute antza neurri hau, baina ez diogu argudio honi inongo zentzutik topatzen, haurrak herriko kale eta plazetan musukorik gabe jolasean ikusten ditugulako, helduok gabiltzan gisara.

Haurrak txertatzen azkenak izaten ari badira, larritasun gutxien dutenak direla iritzita, zergatik mantendu beraiei neurri zorrotzenak? Haurren kolektiboa txertatzen azkena izateak atzean izan ditzake beste arrazoi batzuk akaso. Askotan azpimarratu izan dugun moduan, hor ere, jendarteak haurrak zein zokoratuta eta ahaztuta dituen ikus daiteke. Jar ditzagun behingoz haurrak erdigunean eta eraiki dezagun guztiontzako izango den herri hezitzaile bat.

Helduok kalean maskararik gabe, jaiak berriz berreskuratzen ari garenean, diskoteketan dantzatzeko aukera dagoenean, tabernetako barratan zutik poteatu dezakegunean… Erabaki zentzugabe hauek pairatzen jarraitu behar al dute haurrek? 

Zintzoki espero dugu familien, Ikastetxeen eta gainontzeko herritarron eraginez Hezkuntza Sailak erabaki honetan atzera egitea eta haur eta nerabeen eskubideetan eta osasun OSO batean oinarritutako erabakiak hartzea.

Horretarako ere bidelagun izanen gaituzte.