2023/01/24
Haurrak, hirigintza eta herrigintza
Hirigintza da hiriaren antolaketaz arduratzen den diziplina. Besteak beste, arkitekturarekin, ingeniaritzarekin, ekologiarekin, ekonomiarekin edo soziologiarekin lotura zuzena daukan ezagutza-esparrua da. Dena den, Euskal Herriko herri gehienetan hirigintzak ez ditu beti gainerako diziplina horiek batera aintzat hartu.
Iturria: guraso.eus
Hirigintza da hiriaren antolaketaz arduratzen den diziplina. Besteak beste, arkitekturarekin, ingeniaritzarekin, ekologiarekin, ekonomiarekin edo soziologiarekin lotura zuzena daukan ezagutza-esparrua da. Dena den, Euskal Herriko herri gehienetan hirigintzak ez ditu beti gainerako diziplina horiek batera aintzat hartu. Etorri berrientzat etxeak azkar eraikitzeko premiak, kotxearen erabileraren gorakadak edo interes ekonomikoak eraginda, herri gehienetan ezagutzen ditugu horrela eraiki behar ez ziren auzoak, zuhaitzik gabeko hiribideak edo espaloi estuko kaleak. Horren ostean etorri dira parke berriak sortzeko, espaloiak handitzeko edo oinezkoentzako guneak gordetzeko erabakiak.
Hirigintza hobetzeko erabaki horiek hartzea ez da beti erraza izaten, herrietako egiturazko konfigurazioa aldatzeak kostu ekonomiko handia duelako eta herritar guztiek aldaketok ez dituztelako begi onez ikusten. Edozein kasutan, besteak beste trantsizio energetikoa edo larrialdi klimatikoa berbagai ditugun sasoi honetan, pentsa daiteke hirigintzan aldaketak egiten jarraituko dela, adituek dioten moduan, hiri eta herri lagunkoiagoak izateko. Horrelako hiriak eta herriak lortzeko, pertsona guztiak erdigunean jartzea lehenesten da. Oraingo honetan, haurrengan jarriko dugu arretan, haiek ere kontuan izan daitezen hirigintza estrategia berriak planteatzerakoan. Haurrak aintzat hartzeko gako batzuk eskainiko dira jarraian:
- Partaidetza. Bozka emateko eskubiderik ez duten arren, haurrak ahots, eskubide eta parte hartzeko gaitasuna duten subjektuak dira. Beraz, hirigintza berritzeko prozesuetan, haurren partaidetza sustatu eta aintzat hartu beharrekoa da. Gaur egun zer egiten duten, nondik nora mugitzen diren, zer baliabide erabiltzen duten, nolako zailtasunak dituzten, zer duten gustuko eta zer ez, zer nahiko luketen etorkizunerako… helduoi era horretako galderak interesgarriak zaizkigu hirigintza haurren ikuspegitik ulertzeko. Ikastetxe askotan gauzatu dira parte-hartze proiektuak jangelaz edo eskolako patioaz hausnartu eta horiek berritzeko. Herri mailako haurren parte-hartze proiektuak garatzea interesgarria litzateke hirigintzarako zein haurrentzako.
- Autonomia. Hirigintza proposamen berriek haurren autonomia sustatu behar dute. Kotxearen gainetik, oinez, patinetean edo bizikletan modu seguruan mugitzeko aukerak eskaini behar dira herri eta hirietan. Nagusiki kotxean zentratutako herriak ditugu gurean. Ikuspegi ekologikotik zein osasunaren ikuspegitik, bestelako ohiturak sustatu behar dira. Herbehereak adibidetzat hartzen dira askotan, bertako bidegorriak eta bizikletaren erabilera askorentzat ipar bihurtzeraino. “Holandan beste kultura bat dago, ezinezkoa da hori hemen” bezalakoekin erantzuten duten horiei gogorarazi behar zaie hango kultura ez dela beti horrelakoa izan. Stop de Kindermoord mugimenduak zeresan handia izan zuen gaur egun bizikletaren erabilera horren hedatuta egoteko. Aldaketa kulturala posible da, beraz, baina denbora eta azpiegitura egokiak behar-beharrezkoak dira horretarako.
- Topalekuak. Hirigintzak batzeko tokiak eskaini behar ditu. Euskal Herriko herri askotan taberna inguruak bihurtzen dira helduon eta, ondorioz, haurren topaleku. Nolakoak dira topaleku horiek? Nahikoa espazioa daukate? Jolasa baimentzen dute? Bestelako aukerarik eskain dakieke haurrei? Taberna baten irekierak sortutako topalekua baino, hobe genuke hirigintzatik aurreikusitako topalekuak izatea, baldintza egokiekin askotariko aisialdi aukerak gauzatzeko eta pertsonen arteko elkarrekintza bultzatzeko. Taberna bateko aulkiak izan gabe esertzeko aukera eskaintzen duten bankuak, mahaiak, jolasteko eremuak, espazio ireki eta gozoagoak dituzten plazak, parkeak edo hiribide zabalak birpentsatzeko garaia ere bada.
- Natura. Ikerketek aditzera ematen dute naturarekiko kontaktuak sustatzen dituela, besteak beste, pertsonen ongizatea eta harreman sozialak. Halaber, larrialdi klimatikoari begira, frogatuta dago porlana edo asfaltoko beroa arintzeko zuhaitzen funtzioa. Aitzitik, oraindik ere asko dira berderik gabeko plaza, parke eta kaleak, zuhaitz bakar bat ere ez dutenak. Are gehiago, naturarekiko kontaktua aintzat hartu gabe eraiki dira auzo berriak herri eta hiri askotan. Baliabide naturalak, naturaguneak eta herria inguratzen duten baso eta mendietara oinezkoentzako sarbideak aintzat hartu beharreko elementuak badira pertsonengan oinarritutako hirigintza lagunkoi berrian.
- Jolasa. “Debekatuta balioarekin jolastea”, “Gune hau ez da jolastokia” edo “Debekatuta jolastea” bezalako kartelak ikusgai ditugu txoko askotan. Haurrei jolastea debekatzen dien herria nahi dugu? Jakin beharko genuke jolasa dela haurren garapenerako eta ikaskuntzarako bide esanguratsuenetako bat. Hortaz, hirigintzak sustatu beharko luke haurren jolasa. Tradizionalki jolas-parkeen bidez erantzun zaio haurraren jolaserako behar ebolutiboari. Ikerketek erakusten dute askotariko formak har ditzakeela jolasak haurraren garapen ebolutiboak aurrera egiten duen heinean. Horregatik, jolas-parkeak berrikusteko joera nabarmena da. Geroz eta gehiago dira elementu naturalekin, abiadurarekin edo garaierarekin esperimentatzea baimentzen duten guneak, baita erronka txikiak aurrera eramateko aukera eskaintzen dutenak ere. Eskola askotan kirolean oinarritutako diseinuetatik, askotariko aukerak eskaintzen dituen konfiguraziora pasa diren bezala, herriko jolas-parkeak ere norabide beretik joatea aurreikus daiteke haurren beharrei hobeto erantzuteko. Jolas-parkeetatik harago, berdeguneak, parkeak eta basoak herri eta hirietan eskuragarri izatea komenigarria litzateke.
Hirigintzan eta haurrengan pentsatutako gako batzuk aipatu dira artikulu honetan, baina esango nuke haurrentzat ez ezik herritar guztientzat ere baliagarriak direla aipatutakoak. Hirigintzak haurren garapen osasuntsurako lagun izan beharko luke, baina baita gazte eta helduen ongizaterako ere. Herritarrentzat hirigintza lagunkoiagoa eta berdeagoa aldarrikatu nahiko nuke, hirigintza bera herrigintzarako tresna izateko. Azken batean, hirigintzak baldintza ditzake pertsonen arteko harremanak eraikitzeko moduak, mugikortasuna, erosketa-ohiturak… herria egiteko modua alegia. Hasieran esan bezala, hirigintza arkitekturarekin, soziologiarekin, ekonomiarekin edo ekologiarekin lotu izan da maiz. Hezkuntzarekin ere badu lotura, besteak beste hirigintzaren bidez oharkabean haurrei mezuak bidaltzen dizkiegun heinean. Horregatik, interesgarria izan daiteke askotariko eragileekin, haurrak barne, hirigintzaz hausnartzea etorkizunari begirako erronkei ahalik eta modu egokienean erantzuteko eta herrigintzarako baliabide bihurtzeko.