Koronabirusaren hedapena ahalik eta azkarren kontrolatze aldera, konfinamendu osoa aldarrikatu zuten osasungintzako profesionalek alarma egoeraren lehen asteetan, baina behin konfinamendu erabatekoa altxatu delarik eta langile asko lanera itzuli direlarik, lehen planora atera da haurren premiak aitortzearen eta haiek modi ordenatuan kalera ateratzearen aldeko aldarrikapena. Ipar Euskal Herriko haurrak ateratzen dira, eta baita Europako herrialde gehienetakoak ere. Hik Hasik hainbat erreportajetan haurren egoera eta irteera aztertuko ditu, pediatra, psikologo, hezitzaile,arkitekto, eragile eta familiekin besteak beste.
Langile asko eta asko itzuli dira etxera; gurasoak, txandaka erosketak egitera irteten dira… eta haurrak galdetu dio amari, “ni noiz aterako nauzue kalera, besterik ez bada ere, basura jaistera?”. Amak ezin dio alabak nahiko lukeen erantzunik eman, ez baitaki deus. Konfinamendu osoa ezarri zenean alabari esplikatu zion denek, haur zein heldu, etxean egon behar zutela birusa zabaldu ez zedin, baina orain, konfinamendu osoa amaitu delarik, gero eta zailagoa zaio amari lanera bai irten daitezkeela batzuk, baina haurrek etxean egon behar dutela azaltzea, 5 urte bete berri dituen alabari.
Haurrak izan ziren koronabirusaren ondorioz euren egunerokotasunean aldaketak pairatu zituzten lehenak: eskolak ixtea izan zen birusaren hedapena mozteko lehen neurria, Araban lehendabizi, Bizkaia eta Gipuzkoan ondoren, eta beste lau herrialdeetan martxoaren 16an. Ondoren, eskolak ixteaz gain, alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta ondorioz etxetik irteteko debekua —lanera izan ezik—. Ordutik etxean daude Hego Euskal Herriko haurrak.
Ipar Euskal Herrian, konfinamendua ezartzearekin batera, haurrei egunean ordubetez kalera ateratzeko baimena aitortu zien lehen unetik Frantziako Gobernuak, euren garapen-beharrei erantzun ahal izateko. Haurrez gain, helduak banakako kirola egitera ere irten daitezke ordubetez Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Europako beste hainbat herrialdetan ere, hala nola Suedian, Alemanian, Belgikan, Italian… konfinamendua ezartzeko unean haurren garapen fisiko eta ongizate emozionala errespetatze aldera, kalera ateratzeko aukera eman zaie —Italian hasieran ez, neurriak lasaitu ahala, bai—.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurrek bosgarren astea dute etxetik atera gabe, salbuespenak salbuespen—behar bereziak dituzten haurrei onartu zaie irteteko aukera—. Eta, oro har, luze egiten ari zaie. Hala esan diote Hik Hasiri elkarrizketatu dituen hamaika familiek —lo egiteko zailtasunak, kasketak, gora-behera emozionalak, ziurgabetasuna edota beldurra deskribatu dituzte hainbat familiek, baita pediatrak kontsultatu beharreko antsietate eta estres kasuak ere—; hala adierazten dute balkoietan agertzen hasi diren zapiek; sare sozialetan dabiltzan kantuek… eta baita balkoitik balkoira deitu dituzten protestek ere. Hasieran apalagoak baziren ere, gero eta ozenago entzuten ari dira haurrak, modu ordenatuan, kalera ateratzeko aukera izan dezaten eskatzen duten ahotsak.
Heike Freire heziketa berdean espezializatutako pedagogoa izan zen Espainiako Estatuan ahotsa altxatu zuen lehenetakoa, eta haurrei aitorturiko eskubideen izenean nahiz haurren osasun emozional eta fisikoaren izenean, haiek kalera ateratzeko premia aitortzeko eta subjektu gisa hartuak izateko sinadura bilketa abiatu zuen, Hego Euskal Herrian oihartzun handia izan duena. 50.000tik gora herritarren babesarekin, Espainiako Parlamentuko eledunei gutun bana bidali die, haurren irteera ordenatua Parlamentuan eztabaida dadin, eta hurrengo urratsa Europako Batasunera jotzea izango da, Espainiakoa baita bereziki haurrekiko neurri gogorrenak dituen estatua.
Haurrak kalera ateratzeko neurriak pentsatzen
Konfinamenduaren lehen asteetan osasungintzako profesionalek konfinamendu osoa aldarrikatu zuten, lantegiak itxi eta herritar guztiak etxean gelditzeak birusaren hedapena azkarrago kontrolatuko zuelako. Baina orain, konfinamendu osoa altxatu denean, osasungintzako profesionalen artean ere ikusten da haurrei kalera ateratzeko premia aitortu behar zaiela, eta haien behar espezifikoak erdigunean jarri behar direla birusaren hedapenaren aurkako neurriak pentsatzean. Ikuspegi hori defendatzen du Mariaje Sarrionandiak, egun koronabirusa duten haurrak artatzen dituen lehen arretako pediatrak: “Haurren egoera emozionalarekin kezkatuta nago”, esan dio Hik Hasiri. “Itxialdi honek pertsona guztien egoera emozionalean du eragina, baina bereziki haurrengan, hasteko, haiek ez dutelako egoera guk bezala ulertzen”. Sarrionandiarentzako haurrak kalera modu ordenatuan ateratzen hasteko moduak pentsatu behar dira: “Konfinamendu-neurriak pixkanaka lasaitzen doazen neurrian, ezin da langileengan bakarrik pentsatu, haurrengan pentsatu behar da, irteteko lehentasuna eduki behar dute umeek”.
Bereziki egoera zaurgarrian dauden umeak ditu buruan Sarrionandiak haien irteerak lehentasuna izan behar duela esatean: “Etxe batzuetan gurasoek badute astia haurrekin egoteko, etxeko lanak eta eskulanak egiteko edo sormena bultzatzeko; baina horiek pribilegiatuak dira, haur asko eta askoren egoera bestelakoa da: etxean lehen ere egoera zailean daude —pediatriako arretan ikusten ditugu horrelako egoerak—, familia askok kezka handiak dituzte, egoera ekonomikoa ere zaila da… Etxebizitzen egoera ere eskasa da batzuetan. Urgentziazko egoeran gaude”.
Sarrionandiaren aburuz, une honetan ezin da esan haurrak egunean ordubetez kalera ateratzeak birusaren hedapena areagotuko lukeenik, eta, era berean, pediatrak ukatu egiten du haurrek helduek baino aukera gehiago dituztenik birusaren eroale edo transmisore izateko. “Haurrak ez dira bereziki transmisoreak, kutsatuta badaude transmitituko dute, beste edozein pertsonak bezala; gaur gaurkoz dakigunarekin, ordea, ezin da esan haurrek helduek baino gehiago transmititzen dutenik birusa”. Haatik, Sarrionandiak azpimarratzen du datuek erakusten dutela birus honek ez daukala bereziki eragin nabarmenik haurrengan: “Oro har, birus honek gaixotasun arinak garatzen ditu haurrengan, pneumoniaren bat gara dezakeen arren, oro har, ez du gaixotasun konplikaturik garatzen”.
Fisikoki galera nabarmenik ez izateko, egunero gutxienez 10 minutu eguzkitan egotea gomendatzen du Sarrionandiak, haurrek behar duten D bitamina nahikoa har dezaten, eta ariketa fisikoa egitea eta elikadura zaintzea. Alderdi emozionalari begira, eta haur psikiatriako espezialistek ohartarazi dutenez, antsietatea, beldurra, panikoa, ziurgabetasuna… eragin ditzakeenez itxialdiak, ahal den neurrian eta bideo-deiak baliatuz, gertukoekin harremanak mantentzea gomendatzen du pediatrak, “haurren mesedetarako, baina baita aitona-amonek senti dezaketen hutsunea betetzeko ere”.
Kalera ateratzen hasteko neurriez galdetuta, aholku argiak eman behar direla pentsatzen du Sarrionandiak: “Irteerak mailakatua izan behar du, tarteak banatuta, haur guztiak ez daitezen une eta toki berean atera; eta denbora luze batean ohitu beharko dugu distantziak mantentzera, guanteak eta maskarillak erabiltzera eta eskuak maiz garbitzera”. Zabaldua dagoen beste uste bat eraiste aldera, Sarrionandiak argi dauka umeek, oro har, kalera irtetean ezartzen zaizkien neurriak beteko dituztela, “askotan helduok baino hobeto betetzen dituzte neurriak”.
Irteeratik harago, pediatrak zalantzan jartzen duena da haurrak ikasturte honetan eskolatzea: “Uste dut eskolak ez direla zabaldu behar, egoera horretan areagotu egingo genuke birusa zabaltzea; umeak euren gurasoekin eta neurriak hartuta kalera atera behar direla garbi ikusten dut, baina eskolak ez direla zabaldu behar pentsatzen dut”. Pediatraren aburuz, kalera irtetea bezain garrantzitsua da haurren eskolatzea ondo pentsatzea.
Ipar Euskal Herrian, “modu sinplean eta lasai” ateratzen dira haurrak kalera
Beste herrialdeetan modu sinplean antolatu dute haurren irteera, baita Ipar Euskal Herrian bertan ere. Frantziako Gobernuaren dokumentu bat eraman behar da kalera ateratzean, zin-egite dokumentu bat, ministerioaren webgunetik inprimatua edo eskuz kopiatua, non herritarrak adierazten dituen bere izen-abizenak eta NA zenbakia eta helbidea, eta gehitu behar dion zein ordutan atera den kalera —ordubeteko epea baitauka kalean egoteko— eta zein arrazoirengatik atera den (haurrekin ateratzeko aukera izateaz gain, ariketa fisikoa egiteko edo banaka nahiz etxean bizi den beste norbaitekin batera pasio bat emateko aukera ere badaukate herritar guztiek). Agiri horrekin etxebizitzatik kilometro bateko erradioaren barruan mugi daitezke Iparraldeko herritarrak. Kalean udaltzainek geraraziz gero, dokumentu hori erakutsi behar zaie.
Idurre Eskisabel kazetaria, irakaslea eta gurasoa Hendaian bizi da eta Hik Hasiri adierazi dio kalean lasaitasuna sumatzen dela, “jendea badabil kaleetan, baina ez jende asko; aukera daukan herritar askok ez dute baliatzen irteteko aukera, birusarekin kutsatzeko beldurra daukatelako”. Beldurraz gain, Eskisabelek beste bi faktore nabarmentzen ditu Iparraldean herritar asko egunero kalera ez ateratzeko arrazoi gisa: “Soziabilitate ohitura Hegoaldekoaren desberdina da hemen, jendea berez, ez da hainbeste erlazionatzen kalean. Eta horrez gain, Ipar Euskal Herriko biztanle gehienak ez dira, Hego Euskal Herrian bezala, pisuetan bizi, nork bere ataria edo lorategia du kasu gehienetan, eta horrek asko aldatzen du egoera 60 metro koadrotan bizi den familia baten egunerokotasunetik eta beharretatik”.
Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuko beste leku batzuetan Gobernuak ezarri dituen konfinamendu-neurriak ezberdinak dira; neurri zorrotzagoak edo lasaiagoak ezartzeko, aintzat hartu dira lurralde bakoitzeko kutsatu-kopuruak, baina baita populazio dentsitatea eta lan-mugikortasuna eta ohiturak ere. Paris inguruan, esate baterako, kirola egiteko ordutegiak mugatu egin dituzte, eta herritarrak ezin dira egiteko horregatik kalera irten goizeko 10etatik iluntzeko 7ak bitartean. Haatik, Espainiako Estatuak, administratiboki Frantziakoa bezain zentralizatua ez bada ere, neurri berberak ezarri ditu kutsatu-tasa nahiz dentsitate-tasa desberdina duten lurraldeetan.
Frantziako Estatuan erabaki zentrala izan bada ere haurrei kalera ateratzeko eskubidea aitortzea, tokian tokiko udalek zehaztu dute zein eremutan ibil daitekeen jendea eta zein eremutan ez. Hendaian, esate baterako, parkeak itxita daude, eta baita pasialeku nagusiak ere, Eskisabelek azaldu duenez. Antolaketa horretan, beraz, tokian tokiko administrazioek ere izan dute zeresanik eta eskumenik.
Espainiako gobernuak hartu duen joera zentralistaren aurrean, tokikotasunaren garrantzia nabarmentzen du Maite Azpiazu Oinherri Herri hezitzaileen sareko koordinatzaileak: Espainiako Gobernuak dena zentralizatu du, eskumen guztiak bere gain hartu ditu. Eta denontzat neurri berdinak inposatzearen aldeko apustua egin du. Inoiz baino argiago geratzen ari da herriok burujabe izateko daukagun beharra” Horrez gain, Azpiazuren ustez, auzo edo herri mailako antolaketa gakoa izango da haurrak modu ordenatuan atera ahal izateko kalera: “nik uste dut gai honi komunitateka eutsi behar zaiola. Autoantolatzeko gai diren komunitateak sortu behar ditugu gure hiri eta herrietan. Herritarrak ahalik eta gehien saretu behar gara, egoera honi aurre egiteko”.
Haurren beharrak eta eskubideak bermatuz baina birusaren hedapena saihesteko, eta autoantolakuntzn eragiteko, erantzukizuna da Maite Azpiazurentzat hitz gakoetako bat: “Norbanako bezala dugun ardura ikaragarria da. Ulertu behar dugu norbanakook egoera gainditzeko beharrezkoak diren ardurak hartzen ez baditugu, egoera okertu eta luzatu egingo dela eta ondorioz, geure buruaren kontra egitea litzatekeela”. Oinherriko koordinatzailearentzat, egoera honek barrura begiratu eta bakoitza gure ardurak hartzen hasteko balio behar digu. Ulertu behar dugu guk egiten dugunak, besteengan eragin zuzena duela, elkarri lotuta baikaude”.