"Haurrek etxetik atera behar dutela aldarrikatzeaz gain, abagune ona da haurra subjektu gisa aitortzeko"

3 aste betetzear daude konfinamendua hasi zenetik, eta iritzi ugari azaleratu dira haurrei eta hauen beharrei eman zaien trataeraren inguruan. Hona hemen Heike Freire, soziologo eta pedagogoari Argia.eus-en eginiko elkarrizketa.

AXIER LOPEZ 

Ez da erraza ia hiru astez lau pareten artean egotea. Nolakoa izan daiteke haurrentzat?


Faktore askoren araberakoa da. Non bizi zaren, zure ingurua… Ez da gauza bera Madrilgo Moralejako 500 metro koadroko txalet batean bizi den haurra, kristorengo zelaiarekin, edo Barakaldoko neskato bat, balkoirik ez duen pisu batean edo eguzkiaren argia etxera sartzen ez zaion pisu batean.

Asko dira aldagaiak. Ea Zure familia telelanean lanean ari ote den, ea haurraren haziera eta eskolako lanen ardura beren gain hartu behar duten gurasoek, ea lana galdu duen familia batekin bizi den, ea anai-arrebarik duen, hori erresilientzia handitzeko lagungarria baita, eta abar.

Gaur egun ni gehien kezkatzen nauena, benetan diotsut, osasuna da. Haur askok immunodepresioa izateko aukera dago, immunitate-sistemak jaistekoa. Horrek zerikusia du, adibidez, D bitaminarekin, zerbait lagun dezakete osagarriek eta elikadurak, baina inoiz ez dute ordezkatuko eguzkiak duen garrantzia kaltzioaren eta fosforoaren metabolismoan.

Etapa jakin batzuetan haurrek luzaldi handiak izaten dituzte, eta elikagai eta bitamina asko behar dute. Argi dago eguzkirik ez izateak kalte egiten diela.

“Gobernua umeei ukatzen ari zaie Munduko Osasun Erakundearen gomendioa: egunero ordubetez aire zabalera ateratzea”

Etxeko giroak ere eragina izango du.


Nik helduen haurtzaroko oroitzapenak lantzen ditut. Pertsona asko bizi izan da zailtasunak izan dituzten familietan, eztabaida asko etxean, dibortzio prozesu batean erdian izan direlako, eta abar. Pertsona horietako batzuek diotenez, une zail horietan, inguruko leku ireki eta natural batera ateratzen ziren, leku horretan etxean ez zituzten lasaitasuna eta bakea aurkitzen zituztelako. Orduan, etxetik kanpoko ingurune batean egoteak, alde fisikoan ezezik, psikologiko-emozionalean ere laguntzen du. Esan beharrik ez dago egun haur asko egoera estresagarriak bizitzen ari direla etxean, batez ere gurasoak, euren inguru gertuena, hala bizi direlako. Eta orain ez daukate etxetik kanpoko ihesbide hori.

Adibide bat. Atzo pertsona batek iruzkin bat bidali zidan. Larrituta zegoen bere seme-alabak kutsatu daitezkeelakoan. Supermerkatura irtetea ere arriskutsua iruditzen zaio. Eta azkenean, seme-alabek esan diote haiek ez dutela kalera atera nahi 'kokobirus' hori alde egin arte.

Beldurra ere kutsakorra da.


Arazo nagusienetakoa da. Umeak kalera atera behar direla, hasieran konbentzituta zeuden guraso batzuek atzera egin dute beldurragatik. Komunikabideek oso modu eraginkorrean barreiatu dute beldurra.

"Etapa jakin batzuetan haurrek luzaldi handiak izaten dituzte, eta elikagai eta bitamina asko behar dute. Argi dago eguzkirik ez izateak kalte egiten diela"

Baina eskaera ez da zentzugabea…


Umeei ukatzen ari zaie Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duena: egunero gutxienez ordubeteko ariketa aire librean egitea. Aditu eta ia gobernu guztiek haurrei buruzko legeak egiten dituzte, eta babesten dituzten lehenengo gauzak haurren osasuna eta ongizatea dira. Begira Alemania, Frantzia, Belgika, Austria, Suitza, Erresuma Batua… Baina hemen, hasieratik, kezkatu gaituen bakarra izan da eskolako lanak bideratzea, ikasturtea ez galtzea.

Sintomatikoa da. Herrialde honetan hezkuntza ezagutza hutsa dela uste dugu, eta giza garapenarekin lotutako gainerako alderdiak alboratzen ditugu. Hau da, ezagutzaz gain, haien ongizateaz, osasunaz, mugimenduaz, argiaz, jolasaz.. ere arduratu beharko genuke.

Alemaniako testuetan jolasaz hitz egiten dute, eta zera diote: "Haurrek jolasteko beharra dute. Jolastu nahi dute eta jolastu behar dute". Nolatan hemen ez? Hiru aste daramatzat kontu honi buruz pentsatzen eta ez dut ulertzen zer gertatzen zaigun.

Ez dira gutxi gai honen inguruan zabaldutako gezurrak.


Asko. Adibidez, haurrak koronabirusak kutsatuak izateko joera handiagoa dutela dioena. Hori AEBetako komunikabide eta hedabide ingeles batzuetan ikusi dugu, baina oraindik ez dugu aurkitu zer ikerketak frogatzen duen ideia hori. Oraingoz, azterlan batzuek kontrakoa frogatzen dutela dirudi, koronabirusak ez diela haurrei inola ere eragiten.

Bada beste bat, oso zabaldua, haurrak kontrolaezinak dira eta…


"Txakurrak sokan lotuta eramaten dira kalera, baina haurrak…". Hau da, gurasoak arduragabeak gara eta haur basati eta kontrolaezinak ditugu. Pentsa, ama batzuek esan didate: "Begira, non sinatu behar dut haurrari arnes bat jarri eta harekin kalera ateratzeko?".

Zergatik ari dira hiltzen aitona-amonak? Ez dira hiltzen ari beren bilobek kutsatu dituztelako. Hiltzen ari dira Alemanian baino %230 AIG gutxiago ditugulako, eta gerrako medikuntza aplikatzen ari direlako, arnasgailu nahikorik ez dagoelako. Pentsatzea, hausnartzea, eragozten du beldurrak, eta orduan agertzen dira kate motzean lotzen zaituzten ideia faltsu horiek.

Argazkia: Diari Educacio

Aire librearen faltan, beti geratuko zaizkigu PlayStationa eta telebista.


Hori da beste arazo handi bat. Aurrekoan ama batekin hitz egiten ari nintzela esan zidan guraso askok ezjakintasunagatik seme-alabak ordu batzuetan izaten dituztela eskolako lanak egiten, eta gero, sari gisa, bideo-jokoetara jolasten eta telebista gehiago ikusten uzten dietela. Beraz, ordu asko daude pantaila batera lotuta. Ez genuke ahaztu beharko pantailen izaera adiktiboa, are gehiago sari gisa eskaintzen baditugu.

"Umeak kalera atera behar direla, hasieran konbentzituta zeuden guraso batzuek atzera egin dute beldurragatik. Komunikabideek oso modu eraginkorrean barreiatu dute beldurra"

Gizakia ez dago giltzapetuta egoteko pentsatuta. Ez da egoera onuragarria inorentzat. Ez dakit ikusi duzun asko mugitu zen bideoa, non Cadizko bi urteko neskato batek aitari esaten zion "kalera atera nahi dut, kalera!", eta aitak erantzun: "Ez! Ezin dela". Orduan biral bihurtu zen #todosSomosBea [denok gara Bea] traola. Ba nik diot, ez, denok ez gara Bea. Argi eta garbi esan dezagun, garapen ona izateko haurrek aire zabalean egon behar dute, ezinbesteko premia da.

Haurrak ez dira aipatu, ezta Alarma Egoera ezartzeko dekretuan ere.


Ez da onargarria, alarma egoera ezarri duen errege-dekretuan txakurrak hiru aldiz aipatzea, eta behin ere ez haurrak. Badakit Madril bezalako erkidegoetan askoz txakur gehiago dagoela umeak baino, badakit agian boto gehiago ematen duela, baina txakurrak ez dira gizartearen etorkizuna. Horrek, noski, ez du esan nahi txakurren beharrak asetzeko legeak egin behar ez direnik. Hori ondo dago.

Egungo gizartearen isla da. Horregatik, haurrek etxetik atera behar dutela aldarrikatzeaz gain, egoera berezi hau abagune ona da, haurrak subjektu gisa aitortzeko, pertsona bezala, lege-testu batean.

Ez da hori baina, legeetan jasotzen ari den ikuspegia, hain zuzen ere…


Tamalez, ez. Lehenik, denontzako debekuak ezarri, eta gero, salbuespenak pentsatu. Hori izan da logika. Arautu beharrean, aurrena debeku orokorra eta gero, egun batzuen ostean, bi salbuespen gehitu dituzte.

"Hezkuntzan, ezagutzaz gain, haurren ongizateaz, osasunaz, mugimenduaz, argiaz, jolasaz... ere arduratu beharko genuke".

Lehenengo salbuespena, guraso bakarreko familiek protesta egin zutelako etorri da. Supermerkatura joateko, zer egin behar zuten? Haurrak etxean bakarrik utzi? Atariko atean soka batekin lotuta laga? Horren aurrean, gobernuak salbuespen hori gehitu zuen. Haurtzaroko gaietan goi kargua duten batzuek esan didate salbuespen hori oxigeno-baloia izango zela familientzat. Bada, a ze oxigenoa!

Etxeko lau hormetatik supermerkatuko lauetara.


Horixe. Supermerkatua ez da inoiz inguru egokia izango haurrarentzat, eta egoera berezi honetan, are gutxiago. Alemaniako edo Frantziako testuek hala jasotzen dute. Logika hutsa da.

Bigarren salbuespena Autismoren Espainiako Elkartearen presioari esker etorri da. Espektro autista diagnostikatuta dutenei ateratzeko aukera ematea lortu zuten. Baina, hara non, orduan kalera irteten hasi eta "balkoiko txibatoen" presio, mehatxu eta irainak jaso behar izan dituzte.

Argazkiak: @Gastn57302344 eta María López (EFE)

Eta hor agertzen da haiek erraz identifikatzeko lazo urdina.


César Renduelesek igande honetako El País egunkarian kontu hau nola definitu duen gustatu zait: "Lazotxo urdina jartzen diete arazoa txibatoen punteria bailitzan". Kontzentrazio esparru bihurtzen ari gara? Benetan? Ez gara jabetzen denei debeku berak ezartzea eta ondoren salbuespenak gehitzea ez dela bidezkoa. Pertsona guztien ongizatea bilatu beharko litzateke. Haurtzaro guztiak kontuan hartzen dituzten legeak sortu behar dira. Kontu kulturala ere bada hau, haurra subjektu gisa aitortu gabe jarraitzen dugulako. Ez da gurasoen jabetza pribatu bat, eskubideak dituen izakia da umea. Eta, kasu, legeak egitea herria heztea ere bada.

Debekuen bitartez legeak sortu eta heziz gero, ia ondorio "normaltzat" jo liteke balkoitik errieta egitea debeku horiek ustez betetzen ez dituenari.


Ados nago. Autoritatearekiko harremanei buruzko psikologia sozialeko hainbat ikerketa dago. Hori ez da gertatzen jendea "horrelakoa" delako. Ez. Bakoitzaren baldintza sozialen araberakoa da. Ni konbentzituta nago debekuek horrelako jokaerak sustatzen dituztela. Heziketa da gakoa.

"Aitona-amonak? Ez dira hiltzen ari beren bilobek kutsatu dituztelako. Hiltzen ari dira Alemanian baino %230 AIG gutxiago ditugulako, eta gerrako medikuntza aplikatzen ari direlako, arnasgailu nahikorik ez dagoelako"

Arduragabekeriaren ustea ere zabalduta dago. Askok dio hemen ezin dela arautu, jendea oso arduragabea delako, dena pagotxa delako. Frantsesak, belgikarrak, austriarrak, suitzarrak baino arduragabeagoak al gara gu? Gure buruaren irudi ezkor xamarra dugu. Baina, nola ikasten da ardura?

Praktikatuz.


Jakina. Nola nahi duzu haur batek arduratsu izaten ikastea? Esanez, “ez egin ezer, nik dena egingo dut zure hobe beharrez, zaude lasai hor?” Ez. Arduratsua izaten ikasten da, pixkanaka ardurak nork bere gain hartuz.

Gai honetan, Espainiako Gobernuaz aparte, maila lokalagoan zerbait arautu liteke?


Alarma egoeraren legea Espainiako Gobernurena da. Beraz, beharrezkoa da gobernuak esparru zabal eta argi bat eskaintzea, gero, erkidego edo udaletan, beharrezko laguntzak eskaini ahal izateko, batez ere familia behartsuenetan fokua jarriz.

Guk udal askorekin hitz egin dugu, eta asko prest da elkarlanean aritzeko. Oso egoera gogorrak daudelako. Auzo batzuetan supermerkatuetako alkohol-apalak hutsik daude. Estualdia arintzeko, alkoholera edo beste drogaren batera jotzen dute askok, errealitate gordinetik ihes egiten saiatzeko. Eta haurrak daude horrelako egoera batzuetan. Pentsa zer ari diren bizitzen.

Laguntza asko behar da. Haurrak egun osoan pantailetara entxufatzen ari diren gurasoek, hala egiten dute, ez dutelako baliabiderik haiekin egoteko, seme-alabak beste modu batera laguntzeko. Agian haiei ere babesa eman beharko litzaieke.

"Haurra subjektu gisa aitortu gabe jarraitzen dugu. Ez da gurasoen jabetza pribatu bat, eskubideak dituen izakia da umea"

Hazkuntza sozializatu behar al da?


Haurtzaroaren pribatizazioarekin lotuta dago. Orain dela 40 edo 50 urte haurrak askoz gehiago bizi ziren kalean, espazio publikoan, eta haurrak denon ardura izateko joera zabalduago zegoen. Haurra hazteko tribua beharrezkoa dela dioen esaera hori, guztiz egia da. Neoliberalismoa dena pribatizatzen ari da, eta seme-alabak ere bai. Orain, eskolak itxi geroztik, seme-alabak jada erabat pribatuak dira. Mezua hauxe da: "Hor konpon eta zuen artean moldatu".

Haurrak Errege Dekretuan gehitzeak, guztiona den eremura berriz ekartzea esango luke. Umeak guztionak direlako, eta ez gurasoenak.

Orduan, egoera honetan, zein litzateke eskaera egingarriena?


Herrialde askoren adibidea jarraitzea, adibidez. Baina, edozelan ere, lehenik lege batean haurra eskubide subjektu gisa aitortu beharko lukete. Eta bigarrenik, umeen beharrak aintzat hartzea. Adibidez, Frantzian egin bezala, Munduko Osasun Erakundeak dioena aintzat hartuz, ordubetez etxetik ateratzeko aukera ematea, etxetik kilometro bat baino urrunago joan gabe, segurtasun distantziak errespetatuz, era antolatuan, denak batera atera ez daitezen.