Heike Freire Ama Lurraren maitale eta haurren eskubideen defendatzaile sutsuak, gaur egun bizi dugun egoeraren kudeaketaren gaineko irakurketa egin du. Testua bere webgunetik hartu dugu.
Arrisku bereziko biztanleak izan ez arren, korona-birusaren krisi honen ondorioz, haurrak adin talde kaltetuena bihurtu dira. Alarma-egoeraren berri ematen duen testuak, behin baino gehiagotan etxeko animaliak aipatzen dituen arren ,haurrak ez ditu aipatu ere egiten. Haurrak ordea, beste arrazoi batzuen artean, hazkunde-aldian daudelako arreta berezia eskaini behar diegun pertsona taldea dira.
Pandemia gainditzeko estrategia diseinatzerakoan, kontuan hartu beharko genituzke haurrak. Premiazkoa da, halaber, gizarte gisa arduragabekeria- eta abusu-delituetan erori nahi ez badugu, haurrak kontuan hartzea, inteligentziaz eta haiekiko sentiberatasunez jokatzea legeak egiterako orduan ere.
Haurrek premia fisiologiko argiak dituzte, hala nola, giza kontaktua, mugimendua, kanpoan aritzea, eguzkiaren D bitamina, bat-bateko jolasa, etab. Horiek funtsezkoak dira beraien osasunerako, garapenerako eta ongizaterako.
Haurren immunitate-sistemak indartsu egotea nahi badugu, maitasuna, alaitasuna, gozamena eta konfiantzazko inguru bat behar dute. Egungo egoerak baina, ez die behar hauek asebetetzeko aukerarik ematen.
Etxeetan sartuta (birusak hobeto ibiltzen dira leihoak itxita dauden etxeetan), askotan gurasoak lanera atera behar izaten dutelako beren aitona-amonek zainduta, (neurri bitxia, kontuan hartzen badugu bi adin tarte hauek arazoak dituztela kutsaduraren ikuspuntutik), beldurrak eta ziurgabetasunak larritutako, galera ekonomikoek eta ateratzen ez diren diru kontuek estututako, edo laneko estres-egoerak jotako helduen ondoan… Ez daude ingurune fisiko edo emozional egoki batean.
Espazio itxiek, geldi egoteak , eskolako lanek eta gehiegizko pantailek, jasateko zailak diren kontzentrazio-ordu luzeak eskatzen dizkiete, askatu ezin duten energiaz kargatzen dira, eta ezinegona, tentsioa eta kontrolik gabeko mugimenduak eragiten dizkiete, eginbeharrei erantzuteko ezintasuna edo etengabeko nekea, umore txarra, oihuak, borrokak eta desiragarriak ez diren beste jokabide batzuk eragiten dizkiete.
Ezinbestekoa da haiek eta haien familiak oxigenatzera atera ahal izatea eta inguruko parkeetan tentsioak askatzea, modu arautu batean bada ere, nolabaiteko ordenarekin. Horrela, beren arreta gaitasuna eta umore ona berreskuratu ahal izango dituzte, eta egoera honek guztioi eragiten digun estresa eta larritasuna hobeto kudeatu. Horri heltzea premiazkoa dela nioen, hainbat arrazoirengatik, besteak beste:
1- Egoera hau bi aste baino gehiago luzatuko dela aurreikus daitekeelako
2.- Kaltetuenak (beti bezala) familia behartsuenetako haurrak direlako, balkoi edo terraza txiki bat ere ez duten hirietako etxeetan bizi direnak. Gainera, ezin badituzte parke publikoak erabili, diskriminatuak izaten ari dira beraien osasunean, ongizatean eta garapenean, lorategi pribatuak eta landa-eremu irekiak dituzten eta inork galarazten ez dien baliabideak dituzten familiei dagokienez.
Egin dezagun gure herria eta mundua haurrak kontutan hartzen dituen leku bat, non seme-alabak izateak , lan heroiko eta pribatizatua izan beharrik ez duen . Lor dezagun haurrak denon artean zainduko eta maitatuko dituen jendarte bat eta utzi dezagun alde batera “salba dadila ahal duena” leloa.
Testu honetan azaltzen denarekin bat egiten baduzu, hemen sina dezakezu. Bildutako sinadurak eta idazki hau administrazioko instantzia desberdinei aurkeztuko zaizkie.
Proposamen hau, Heike Freireren webgunetik hartu dugu.