Hurrengo sarreran Herri bat hezkuntzatik eraikitzen jardunaldian Oinherritik irakurri genuen idatzia.
Eskerrik asko beste behin Oinherriren deialdi bati maila honetako erantzuna emateagatik.
Gaurkoan niri egokitu zait Oinherriren gaiarekiko kokapena egitea baina Oinherri familia haundi bat gara. Oinherri Euskal Herri mailako hezkuntza, aisia, euskera eta kultur arloan lan egiten duten 16 eragilez gain, Euskal Herriko herri ezberdinetan saretuta dauden erakunde, askotariko eragile eta hamaika norbanakok osatzen baitugu. Gure helburu nagusia herri hezitzaileen filosofia maila teoriko zein praktikoan sustatzea da.
Maila teorikoan herri hezitzaileen filosofian sakontzeko gaurkoa bezalako jardunaldi, formazio, topaketa eta dibulgazio liburuxkak sortzen ditugu. Maila praktikoan, aldiz, herri hezitzaileen sarea sustatzen dugu. Egun 25 Udalekin dauzkagun hitzarmenei esker Euskal Herriko herri ezberdinetan gure filosofiaren baitan tokian tokiko egitasmo ederrak loratzen ari dira.
Orain dela aste batzuk egitasmo hauetako baten aurkezpenean egoteko aukera izan nuen Usurbilen, eta hango ekitaldiari hasiera emateko irakurri zuten poesia irakurriz hasiko naiz gaurko gaia kokatzen.
Egunerokotasunaren hariak iruten du edonoren bizitza, eta hari horrek berak jarraipena du familia, etxebizitza, eskola, auzo, herri, hirietan; eta horrexek egiten du garenaren historia norbanako zein kolektibo bezala. Hari hori ordea ez da lehen zena bezain sendoa, ahultzen ari da, eta horregatik jardunaldi hauetan elkartu gara; haria indartu, sendotu eta garenaren historia herri bezala idatzi eta saretzen jarraitzeko.
Baina nola sendotu sarea? Galdera honen erantzuna puntada bakoitza ematen dugun orok idatzi behar dugula uste dugu guk. Egiten dugun orok hezten baikaitu, gutako bakoitzaren ekarpenak herri hau hezten baitu. Denok, guztiengandik eta guztientzako ikasiz, bakoitzak gustuko duen tokitik. Horrela, haria eta orratzak herri hezitzailearen puntadak ematen hasteko eskuan ditugula; Oinherriren ibilbidean gakoa izan den Joxe Mari Auzmendi gogoratu nahi genuke gaur hemen. Joxe Mari Auzmendi, Hik Hasiko eta Oinherriko kidea, laguna eta inspirazio iturria.
Joxe Marik horrelaxe azaltzen zuen hezkuntzaren helburua: “Globalizazio garaiotan, globala lokala denean eta lokala globala ere badenean, edozein hezkuntza-egitasmok mundu iraunkor eta denontzako hobea egitea izan behar luke helburu, eta horretarako, begirada kritikoa eta positiboa duten herritar arduratsuak eraikitzea”. Jendarte hezitzaileago bat sustatzea beraz, hezkuntzaren ardura denon artean partekatuz.
Herri bat eraikitzeko orduan ezinbesteko ardatza da hezkuntza. Gure kasuan, are gehiago esatera ausartuko ginateke, gureak ez diren hezkuntza sistemak baitauzkagu. Hori horrela, Oinherri Herri Hezitzaileak sustatzeko Elkartetik gure ekarpena egin nahiko genuke gai honetan; herri hezitzaileen egitasmoak hezkuntza modu zabalago eta integralago batean ulertzeko eta herriko hezkuntza komunitateak saretzeko aukera errealak eskaintzen dituelako.
Herri hezitzailearen filosofiatik hezkuntza eskola eta familiaz haratago, herriko eragile ezberdinen arteko ardura konpartitu moduan ulertzen dugu: tokiko udalek, hezkuntza formal zein ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek partekatzen duten ardura, hain zuzen ere. Herria bera eremu hezitzaile moduan ulertzen dugu guk, hezkuntza, eskolako lau pareten artean amaitu beharrean, herri osora hedatzen den kontinium bat delako.
Herri hezitzaileen filosofia oinarri izanik eraiki dezakegun hezkuntza estrategia honek herri konpromisoa dakar halabeharrez, heziketa prozesuen erantzule izango den komunitatea saretzea eskatzen baitu, erabat integrala, transbertsala eta inklusiboa izanda. Tokian tokiko ezaugarrietara egokitua, gertukoa eta herriko askotariko eragile, elkarte, kolektibo, erakunde eta heziguneen lankidetzan oinarritua.
Norabide honetan Oinherrin hezkuntzaren eskumenek deszentralizazio prozesu bat behar dutela uste dugu. Udalek gai honetan protagonismo handiagoa eta ekinbide gehiago hartu beharko luketela uste dugu, tokian tokiko herri hezitzaileak sustatzeko, auzolanean behetik gorako eraikuntza prozesu anitz eta zabalak eraikitzeko. Hala ere, ardura ez da soilik Udalarena. Herri hezitzaileak Udalarenaz gain beste bi hanka ere badituela aipatu dugu: hezkuntza ez formal zein formaleko eragileena, baita herrigintzakoarena ere. Hanka horietatik guztietatik norantza berean eragin beharko dugu herri mailako hezkuntza estrategia bat landu nahi badugu; herri mailako hezkuntza estrategia horrek daukagun aniztasun guztia barnebilduko badu bederen.
Egungo jendartean jasaten ditugun zapalkuntza anitzek (patriarkatuak, neoliberalismoak, subiranoa ez den nazio bezala ditugun hizkuntz eta kultur zapalkuntzek) segregazioa dakarte, halabeharrez. Asko hitz egiten da eskola segregazioaz, baina ezin dugu ahaztu segregazio honek aurpegi asko dituela: sexuarena, maila sozial edota klasearena, hizkuntzarena, jatorriarena, erlijioarena, desberdintasun funtzionalarena... eta ez dela eskolara mugatzen. Aisialdian, auzoan, kuadrillan… ikusi eta senti ditzakegulako segregazio guzti horiek.
Egungo erralitatearen konplexutasuna ikusirik, Herri hezitzailearen filosofiatik hezkuntza ulertzeko ikuspegi integral hori mahai gainean jarriz segregazio guzti hauekin eskolatik bakarrik, edo udaletik bakarrik, edo familiatik bakarrik… jardun beharrean elkarrekin, ertz guztietatik eraginez erantzun kolektibo bat eraikitzea dagokigula uste dugu. Aniztasun guzti hau, hezkuntzarako tokian tokiko herri estrategia baten baitan bakarrik kudeatu ahal izango delako modu integral batean.
Erronka honi heltzeko asmoz antolatu dugu gaurko jardunaldia. Nola ez, hezkuntzarako tokian tokiko herri estrategiekin batera, Euskal Herriko txapela jarriko dion estrategia bateratu bat ere josi beharko dugulako. Eta Oinherritik argi daukagu, estrategia horren neurri politikoa zerk emango digun; haurrak, umeak. Haurrak ematen digun txikitasunaren neurrira eraikitzen badugu gure herriaren hezkuntza estrategia, denontzako estrategia izango baita.
Eskerrik asko eta gozatu gaurko jardunaldia