Oinherritu zaitez kanpainak emandako lehenengo aleaz gozatzeko aukera izango duzue jarraian. Lander Juaristi Lasak, Bergaran herri hezitzailearen baitan kokatzen dituen bi ekintzen (migrazio gaiaren lanketa eta erreka garbiketa) inguruan jardun du ondorengo idatzian.
KOLABORATZAILEA: Lander Juaristi Lasa
Bergaran herri hezitzaileen filosofia sustatzeko taldea osatu genuen duela urtebete pasa. Udala bidelagun izan dugu hasieratik, Jardun euskara elkartea ere hasieratik dago egitasmoaren erdigunean eta bidetxoa egina dugu jada; hasierako hausnarketa eta zalantzak, eginaren bitartez argitzen joateko apustua egin genuen. Espazio baten eraldaketa hartu genuen martxan hasteko aitzakia moduan eta halaxe ekin genion Zabalotegiko eskola txikiko kanpoaldea eraldatzeko prozesua diseinatzeari, haurren, familien eta auzotarren hitza entzuteko prozesua gauzatu dugu. Bagoaz poliki-poliki…
Ideia abstraktua izan daiteke Herri hezitzailea eta oso modu ezberdinetan landu daiteke, horren adibide dira webgune honetan ikus ditzakegun herri ezberdinetako ekimenak: haurrak erdigunera ekartzea, haurrak subjektu politiko moduan ulertzea, iritzia eman eta parte hartzeko eskubidea dutela onartzea, herriak haurren neurrira eraikitzea, hezkuntza eragile ezberdinen bitartez denok amesten dugun herri eredurantz urratsak ematea…
Bergaran sortu dugun taldean garbi dugu herrian badirela elkarteak, egitasmoak eta eragileak bide honetan urteak lanean dabiltzanak, eta benetako gakoa hauen saretze eta aliantzetan dagoela uste dugu. Herria eraikitzerako orduan komunitatea saretzea. Gaurkoan, herriko bi eragile ezberdinen ekimenak ekarri nahi nituzke tarte honetara, egiten dena balioan jartzea garrantzitsua delakoan.
Azken boladan herrian ilusioa piztu duen Ndank Ndank elkartearen ekimen zehatz batean jarri nahiko nuke fokua. Ekimen zabalago baten baitan migrazioaren gaia landu dute 2021ean herriko ikastetxe ezberdinetako DBH-ko laugarren mailako ikasleekin. Herriko eragile batek, ikastetxe ezberdinekin elkarlanean, migrazioa bezalako gai bat lantzea ez da erronka makala. Honetarako Miñan liburua erabili zuten, ikasle guztiek irakurri eta ikastetxe guztietan liburuaren gainean hausnartzeko aitzakiak sortu zituzten bisita ezberdinetan. Hausnarketa hauek batzeko lehiaketa bat ere jarri zuten martxoan eta apirilaren 27an Amets Arzallus etorri zen Bergarara liburua aurkeztera, herriko gazteen hausnarketak ere entzungo ziren ekitaldira. Herriko Areto nagusia bete egin zen Ametsen hitzaldia entzuteko eta gero ikasleen hausnarketak entzuteko aukera izan genuen. Nerabeei hitza eman zitzaien ekimen nagusian.
Herriko eragile bat, herriko ikastetxe ezberdinekin elkarlanean, migrazioa bezalako gai korapilatsu bat lantzen eta honetarako Amets Arzallus eta Ibraima Baldek idatzitako liburua aitzakia moduan hartuta. Ekimenean gazteek egindako hausnarketak batu eta ekimena herriratzeko ekitaldi nagusian Ametsen hitzekin batera nerabeen hausnarketei lekua eginez. Hau izan daiteke herri hezitzailearen filosofiarekin bat egiten duen ekimen bat.
Bigarren ekimena urtero egiten den herri mailako auzolan bat da: erreka garbiketa. Erreka batzorde bat dago osatuta herrian, norbanako ezberdinez osatua. Urtero urtero 300 pertsonatik gora batu izan dira erreka garbitzera, ikastetxe ezberdinetako kideak, eragile ezberdinetatik izena eman dutenak… Udal baliabideak erabili izan dira auzolana ahalbidetzeko, eta alderdi ezberdinetako udal gobernuek babestu dute ekimena gainera. Bere baitan izugarrizko balioa du ekimenak, Herri hezitzailea sustatu nahi dugunontzat altxor bat. Ingurune naturalaren ezagutza eta zaintza, auzolana, komunitatea sortzea…
Bi adibide eta beste mordoxka bat ekarriko nituzke, gakoa ekimen eta eragile hauen saretze hauspotze eta aliantzetan dagoela uste dut, norantza komun hori adostu eta bidea elkarrekin egitean. Herrietan, komunitatea sortzeko aitzakiak sortu eta herri moduan nahi dugun HEZKUNTZA ereduaz hitz egiteko guneak sortzea nahikoa erronka da gaur gaurkoz.
Herritar ezberdinek sorturiko audioekin eginiko audio kolektiboa entzungai: