Herri mailako hezkuntza estragetia eraikitzen hasteko jardunaldiak

Aste bete igaro da Errenteriako Lekuona kultur fabrikan “Herri bat hezkuntzatik eraikitzen” jardunaldiak burutu genituenetik eta bizitakoak liseritu nahian gabiltza. Nekea gorputzean baina irribarrea ezpainetan dugularik oraindik, egun hartako bizipenen kronikatxo bat duzue jarraian.

Jardunaldiak Joxe Mari Auzmendi zena, Hik Hasi eta Oinherriko kide, lagun eta inspirazio iturria gogoratuz hasi genituen, eta kronika hau ere halaxe hasi nahiko genuke. Joxe Marik bere alabei kontatzen zien poema gogoratuz: “hartu area eskuetan eta eroriko zaizu ertzetatik, hartu ura eskuetan eta irristatuko zaizu hatz tartetatik, hartu amets bat eskuetan, heldu gogor eta jarraitu atzetik”

Herri hezitzailearena da gure ametsa, utopia, ortzimuga. Mundu beltz, ilun eta etorkizun distopikoak besterik existitzen ez direla dirudien garaiotan, gure heldulekua. Herri hezitzaileen filosofiak marrazten digu iparra, norabidea eta gutako bakoitzak gehitzen du horrantz ibiltzeko modua. Guzti honetaz jardun genuen Errenterian, nola balia dezakegun herri hezitzailearen filosofiak eskaintzen digun markoa, hezkuntzarako herri mailako estrategia bat eraikitzeko. Pedagogiatik politikan ekarpena egiteko, eta politikatik pedagogian eragiteko.

Nora Salbotxek, berak bakarrik dakien moduan azaldu zigun bezala, hezkuntzarako herri estrategia honek halabeharrez bihotza, herria eta gorputza izan beharko ditu. Bihotza, Hik Hasik 2017an eginiko hezkuntzarako proposatu zuen zoru etikoan daukagu. Herria, (H)arian dokumentua modu parte hartzailean osotzerakoan saretu den hezkunzta komunitatean aurki dezakegu eta gorputza, gorputza gutasun bakoitza da. Gakoa zein gutasun azalarazi nahi dugun, eta gure gu periferiko ez normatibo horiek hezteko baliatzera ausartuko ote garen izanik.

Errenteria eta Vic-eko esperientzia erreal eta egingarriak partekatu genituen jarraian. Hezkuntzarako eskumenak iritsi arte zain egon gabe, Udalek eraldaketa sustatzeko duten gaitasunen inguruan hausnartu eta esperientzia eredugarriak ezagutzeko aukera izan genuelarik. Herri interesak erdigunean jarriz, interes kolektiboak defendatuz, prozesuko parte hartzaile guztien behar eta tenpusak zainduz. Itziar Ostolaza Errenteriako zinegotziak aipatu zuen moduan, “pertsonala dena politikoa denean, politikoa praktika kolektiboa bihurtzen da, ezinezkoa delarik komunitatea udal politiketatik at ulertzea”.

Udalenaz gain, zein beste ertz erberdin eta anitzetatik eragin eta eraiki dezakegun herriko hezkuntza estrategia hau landu genuen arratsaldeko mahai inguruan. Hezkuntzaren ardura konpartitua izanik, ko-edukazio honetan, feminismotik, euskagintzatik, aisialdi hezitzailetik eta herrigintzatik egin daitezkeen, eta jada egiten ari garen ekarpenen inguruan hausnartzeko aukera izan genuen. Aniztasuna ikusi eta landu beharrean, aniztasuna bera dela gure abiapuntua argi geratu zen.

Ederra izan zen, berriro ere, pantaila bat tarteko izan gabe, elkarrekin egon eta egitearen sentsazioa. Eta nola ez dantzan amaitzea. Gozamenik gabe ikasketa prozesu esanguratsurik ez baitago.

Pertsona askoren artean, kolektiboan, antolatu genituen jardunaldi hauek. Eta berauetatik ateratako ondorio nagusia ere, kolektiboaren garrantziarena izan zen. Herri honentzat hezkuntza estrategia bat eraiki nahi badugu elkarrekin izan beharko dugulako, edo ez delako herri estrategia izango. Desberdinen arteko batuketa moduan soilik kudea daitekeelako aniztasuna, elkarbizikidetasunean oinarritzen den herri hezitzaile baten baitan.

Aurrerantzean ere, bertan hitz egindakoak zuen inguruan parteka ditzazuen laster zintzilikatuko ditugu bideoak web orrian bertan!