Joan den martxoaren 28an intersekzionalitatearen inguruko formazioa izan genuen Miren Aranguren Etxarte eta Ainara Santamaria Barinagarrementeria Emagineko kideen eskutik.
Martxoaren 28an Emagineko kide diren Miren eta Ainararen eskutik jaso genuen formazioan zenbait alor landu genituen intersekzionalitatearen bueltan. Alde batetik, boterearen ulermen klasikoa gainditu eta era dinamiko batean ulertzearen beharraz jardun zuten, egoera eta pozisio ezberdinak kontuan izanik, zapaldua eta zapaltzaile binomioa gaindituz. Horrez gain, testuingurua eta estruktura aintzat harturik aztertzeko beharraz ere jardun zuten, hau da, egungo jendartean dauden zapalkuntza sistemek estruktura osatzen dute eta berariaz horrek badu eragin bat, hala ere, horrez gain, testuinguruak ere eragina du eta aintzat hartu beharra dago.
Jatorrian arakatuz, feminismo beltzera jo genuen eta hortik abiatuta, genealogia ariketa bat burutu genuen eman diren urratsak aztertuz. Bestetik, intersekzionalidadea irekia eta aldakorra, desparekotasunak begiratzeko eta dominazio sistemen harremana ulertzeko tresna eta begirada ez osatua gisa definitu zuten eta hori praktikan azaltzeko erabili izan diren metaforak (bidegurutzea, biribilgunea, azukrea, sagar saskia...) ere azaldu zituzten.