Oinherri, Herri Hezitzailea Eskola Herritarra ekimenak jardunaldi berri bat prestatu du urriaren 28rako. Oinherri, gogoeta eta ezagutzaren ekoizpen kolektiboa egiten duen taldea da, komunitatearen parte-hartzetik eta euskararen erabileratik abiatuz hezkuntza-esparruak sustatzen dituena.
Hiru lan-ildotan mamitzen dira proposamenak: hainbat herritan proiektuak sustatzea, teoria eta praktikaren arteko giltzaduraz gogoeta egiten duten koadernoak argitaratzea, eta mintegiak antolatzea. Lehendik ziren bost argitalpenez gain, 2017an bi gehiago egin dira: Jolasa, eskubidea eta errealitatea eta Arte hezkuntza eta prozesu kolaboratiboak. Jardunaldi honetan, koadernoetako batzuen oinarri teorikoak ezagutarazteko aldi bereko lau lantegi egingo dira:
Nola egin udaleku parte hartzailea - Amarauna Nola egin ludoteka parte hartzailea - Txatxilipurdi Jolasa: eskubidea eta errealitatea – Txusma Azkona Arte hezkuntza eta prozesu kolaboratiboak - Tabakalera
Eta jarraian, hurrengo koadernoaren gaia: gorputz anitzak bizitzeko modu anitzak aurkezteko eztabaida-mahai bat antolatuko da hainbat gonbidaturekin:
Amelia Barquin (HUHEZI) Aingeru Mayor (Crysallis EH) Mireia Delgado (Bilgune Feminista)
Identitate zein gorputz anitzen gaia gaur egun pil-pilean dago. Hezkuntza esparruan landu diren transexualitate eta genero aniztasunari begiradak ezagutzea ezinbestekoa da hezitzaileon formakuntzarako. OINHERRI, Herri Hezitzailea Eskola Herritarra egitasmotik gaia plazaratzeko beharra sentitu dugu, ikuspegi hezitzailetik izan ditugun eta dauzkagun esperientziak eta beharreizanak elkar banatzeko asmotan. Aberastea du xede mahai inguruak, lehen pausu bat izatea, norbera aberastu eta egunerokotasunean (ikasgeletan, etxean, kalean…) ekiterakoan hausnartzeko gakoak izateko.
Tailerretan parte hartzeko, aurrez hurrengo loturan dagoen galdetegia bete eta 8eurotako ordainketa egin beharko da: https://goo.gl/forms/mtXy52owtQUm5R142 Mahai ingurura sarrera aldiz librea izango da. Hala ere, lehentasuna izango dute tailerretan izena eman dutenek.