2021ean ekin genion Hiritik at-eko elkarlanari jarraipena emateko helburuz, 2023 urtean, liburuxkan jasotakoak praktikan jartzea gustatuko litzaiguke. Herri hezitzaileen sareko parte diren herriekin batera esperimentatuz.
2022ko martxoan aurkeztu genuen “Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik” liburuxka, Hiritik-At eta Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteko kideek modu kolektiboan, elkarrekin eta elkarrengandik ikasiz, sortu duguna.
Bertan, hezkuntza eta hirigintza, lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan arlo, bi egiteko modu ezberdin bezala ikusten badira ere, elkartu eta elkarrekin herriak antolatzeko eredu berri bat proposatzen dugu.
Bizitza bizigarriak erdigunean jarriko dituen hirigintza eredu parte hartzaile baterako gakoak bildu ditugu liburuxka honetan. Herriak gertutasunetik eta egunerokotasunetik berrantolatzeko proposamen bat osatu dugu. Paradigma aldaketa ekar dezakeen politika publikoak egiteko modu publiko komunitarioa proposatuz, udalgintza eraldatzailea eta herrigintza hezitzailea sustatzeko.
2023 urtean, liburuxkan jasotakoak praktikan jartzea gustatuko litzaiguke. Herri hezitzaileen sareko parte diren herriekin batera esperimentatuz. Hirigintzaren ikuspegitik, herri baten alde gogorrak zein bigunak, zein ezaugarri izan beharko lituzkeen herri hezitzaile bat izateko praktikatik identifikatzea izango litzateke helburu nagusia. Alde gogorra diogunean, herrietako antolamenduaz ari gara: gure etxeak, kaleak, espazio publikoa… zer nola eta zein helbururekin eraikita dauden. Eta alde biguna diogunean, espazio horretan gertatzen diren instituzio zein jendarte ezberdinen arteko harreman sareaz ari gara.
Herri hezitzaile izateko prozesuan garatu beharreko ezaugarriak identifikatu eta horiek eskuratzeko bideorri bat definitu nahiko genuke herriko instituzio ezberdinekin modu kolektiboan: udala, herrigintza eta tokiko ehun kooperatiboarekin elkarlanean.
Guzti honetarako, hirigintzako herri arteko foroa osatu nahi dugu. Horretarako, zuen udalean hirigintzako esparruan lan egiten duen teknikariarekin batera etortzera gonidatzen zaitugu, proposamena zuekin partekatzeko eta zuen ekarpenak jasotzeko lehen bilera batera, martxoaren 15ean, 10:30-12:30etara Irizar jauregian, Euskaldunberri aretoa , Barrenkale 33 – 3.pisua (BERGARA)