Eskola inguruak espazio atsegin bihurtzeko asmoz, hirigintza proiektua abiatuko dute Hondarribian, Haur eta Lehen Hezkuntza hartzen dituen eskolaren eta institutuaren inguruneak "egoteko eta jolasteko erabilerak erraztuko dituzten" lekuak izan daitezen, "oinez ibiltzeko eta bizikletaz mugitzeko segurtasuna eta erosotasuna hobetuz".
Iturria: argia.eus
Talaia Bordari ikastetxe publikoak eta institutuak ingurune deserosoa dutela jakitun, irisgarritasun eta segurtasun arazoak tarteko, "bizilagunentzat, eskola komunitatearentzat eta bereziki ikastetxera egunero etortzen diren haurrentzat" espazio bizi eta atsegin bihurtu nahi ditu Udalak. Horretarako, errepidearen erreietako bat kendu eta espaloia zabaltzeko asmoa dago, besteak beste.
Pasealdi kritikoa
Proposamena aurkeztu eta iritziak jasotzeko, bilera deitu dute pasa den asteazkenean, 18:30ean, Talaia Bordari ikastetxean. Arazoak zuzenean behatzeko eta horiei zein konponbide eman bertatik bertara aztertzeko, bilera egitearekin batera “pasealdi kritiko txiki bat” emango dutela iragarri dute.
Ikastetxe bakoitzaren aurrean plaza bat
Duela gutxi kontatu genuenez, erronka potoloari ekin dio Bartzelonako Udalak: autoei lekua kendu eta egoteko eta jolasteko plazak egingo ditu ikastetxeen aurrean, kutsadurari, zaratari eta istripuei aurre egitea helburu. Aspalditik, haurren neurrira antolatutako hiriak aldarrikatzen ditu Francesco Tonucci pedagogo italiarrak. Autoen zerbitzura dagoen hirigintzaren ordez, denok eta denon beharrak kontuan hartuko dituen hiri atseginen alde.