Pandemia garaian, kanpoko espazioak (bereziki naturguneak) irakaskuntzarako behingoz kontuan hartu eta horretarako baliabideak jar ditzala eskatu diote administrazio publikoari hezkuntza eragileek. Sinadura bilketa abiatu dute, “eskolak naturguneetara modu sistematizatuan hurbiltzeko erraztasunak” lortzea helburu.
Iturria: Argia.eus
Egilea: Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
“Deia egin nahi dugu eskolaz kanpoko espazioak ere kontutan hartu daitezen (naturguneak bereziki). Espazio hauek, ingurune seguruagoak direla erakusteaz gain, bateragarriak dira ikasleen garapen emozionalarekin, eta pertsonen arteko beharrezko harremanak errazten dituzte”, dio dokumentuak. Azken finean, munduko hainbat txokotan hasi dira ikastetxeak ahal den heinean kanpora ateratzeko ahaleginetan, eta Euskal Herrian ere bide horri heldu beharko geniokeela aldarrikatzen dute.
Herriko espazio publikoen mapa
Hernanin esaterako, herriko ikastetxeetatik gertu (oinez joateko moduan) dauden 24 espazio ireki identifikatu ditu Mikel Insaustik, “haurren hezkuntza modu seguruan eta maskararik gabe” bideratu ahal izateko: espazio horietako batzuk herrian bertan daude eta beste batzuk, naturalagoak, inguruko zelai eta basoetan. “Guztira 118.000 metro koadroko azalera hartzen dute”.
Zergatik ez egin horrelako mapak herriz herri, zergatik ez antolatu aire zabaleko espazioen mapa, irakaskuntza osasuntsuago baten alde?