Jolasgunea eraikitzeari ekin diote Arakaldon, haurren parte hartzearekin

Kokoriko Hezkuntza Faktoriak eta Hiritik at! arkitektura taldeak bideratutako parte hartze prozesu batean diseinatu zuten espazioa. Datozen egunetan amaituko dituzte obrak.

ITURRIA: aiaraldea.eus

Hemendik egun gutxira egongo da prest Arakaldoko jolasgune berria. Errekaren inguruan kokatu dute espazioa, txokoaren alboan, lehen sastrakaz betea zegoen zonalde batean. 12.000 euro baliatu dituzte horretarako. Hainbat gune barnebilduko ditu espazioak: egoteko gunea, animalien etxola, eskalada txokoa edota zubia, besteak beste. 

Haurrek diseinatua

Dena den, proiektu honetan, emaitza bezain garrantzitsua izan da horraino iristeko abiatutako prozesua. Izan ere, herriko haurrak izan dira zer nolako jolasgunea egin erabaki dutenak. “Parte hartze saioa egin genuen horretarako, Kokoriko Hezkuntza Faktoriak eta Hiritik at! Arkitektura taldeak dinamizatuta”, azaldu du Asurmendik.

Plazaren birdiseinua  

Jolasguneari lotuta, beste egitasmo bat abiatu nahi dute laster udaletik: herriko plazaren birdiseinua. Oinezkoa lehentasuna ematea eta elementu batzuen itxura aldatzea izango da helburu nagusia. “Laster Udaletxearen irisgarritasuna lantzea ere aurreikusten dugu, eta hesia aldatzea dugu buruan, besteak beste”, aurreratu du alkateak.