Katamixarren basoa sortu dute Txillarre Baserriak eta Elgoibarko Izarrak elkarlanean

Naturan hazteko eta hezteko gunea da Katamixarren basoa. HH3tik LH6ra arteko umeak hartuko dituzte bertan, eskola orduz kanpo. Naturara gerturatuko dituzte, gauza jakina baita ezagutzea baino gauza hoberik ez dagoela baloratzeko eta zaintzeko; bai eta parte sentitzeko ere. Proiektu honen barruan, baserri mundua ere ezagutuko dute, ortuan lan egiteko eta etxe-abereak zaintzeko aukera ere izango dutelako parte-hartzaileek.

 

Ikasgela dinamiko bat da natura, aldakorra; beti eskaintzen du gauza berriren bat. Hori du gauza biziak. Esperimentaziorako espazio aberatsa da beraz basoa, toki patxadazkoa, gure gizarteak oso bere dituen estimulu azkarrik gabea eta gaitasun asko garatzeko aukera ematen diena haurrei (eta helduei), erritmoa pausatuta. “Izan ere, azkarregi bizi gara”, dio Argiñe Rubiok. Katamixarren basoaren sustatzaileetako bat da Rubio. Elgoibarko Izarraren Atxutxiamaika Aisialdi Taldearekin batera sortu du naturan hezi eta hezteko gune hori, Txillarre baserriko lurretan. Tokia zehaztu dute, baina hala ere, beti toki berera joanda ere, aldiro, espazio berri bat topatuko dute Katamixarren basora doazenek, inguru bizi bat, bost zentzumenak aktibatzeko eta naturaren parte direla sentitzeko aukera emango diena.

Horixe duelako helburu nagusia Katamixarren basoak. Naturara gerturatzea bilatzen du proiektuak, eta egungo bizimodu azkar eta arrapaladatsuari sosegua ematera dator. “Gaur egun dena presaka egin nahi izaten dugu, ahalik eta azkarren. Naturaren denbora tarteak luzeagoak dira, hala ere, eta ezin dira aldatu edo azkartu. Eta lasaitasun horrek erlaxatzen eta lurrarekin konektatzen laguntzen digu”, dio Rubiok. Bigarrengoz ama izateko zegoela sortu zitzaion behar hori berari. Edo gutxienez, orduan hartu zuen astia kezka hari behar zuen arreta eskaintzeko.
Madrilgo baso eskolak antolatutako jardunaldi batzuetarako eman zuen izena [Iberiar penintsulako baso eskola homologatu bakarra da Madrilgo Bosqueescuela, nahiz badiren handik edaten duten beste hainbat eskola libre ere] eta “liluratuta” itzuli zen handik. Sasoi beretsuan, Txillarren urteetan “abandonatuta” zuten lur saila garbitzeari ekin zion Rubioren mutil-lagunak, Arkaitz Iruretak, eta buruan bueltaka zebilkien ametsa gauzatzeko lekua ikusi zuen han Rubiok. “2 urteko alaba eta 11 urteko semea dauzkat. Alabari eskaini ahal nizkion gauza interesgarriak naturan nik neuk, baina semeak, duen adinagatik, sozializatzea behar zuen, lagunak behar zituen, eta pentsatu nuen sortu ahalko genukeela zerbait hemen eta ume guztiei zabaldu atea”.

Atxutxiamaikan ere aspaldi ari ziren gai horren inguruan hausnarrean eta bazuten Rubioren ametsen berri. Horregatik, bidea elkarrekin egitea erabaki zuten irailean. “Txikientzat zer eskaintzen genuen galdezka deitzen zigun jendeak Elgoibarko Izarrara, baina areto itxietan ezin genuen ezer antolatu gure balioei leial izanda. Era berean, pandemia betean, hori zen jendeak sekula baino ozenago eskatzen zuena ere: aire libreko aisia eskaintza”, dio Naiara Martin hezitzaileak eta Atxutxiamaikako arduradunak. Heike Freire pedagogo eta irakasle izan duenaren hitzak ekarri ditu Martinek: “Osasuntsu garatuko badira, espazio irekietan mugitzeko eta jolasteko beharra dute umeek, eta landareekin, animaliekin eta beste haurrekin kontaktuan egotekoa”. Eta oinarri horretatik abiatuta Kutxa Fundaziora dirulaguntza eskatzea erabaki zuten. Bultzada ezinbestekoa izan zen hori irailean zabaldu asmo duten proiekturako.

 • Baso eskolen filosofia
Munduan, eta bereziki Europan, oso zabalduta dauden basoeskolen filosofia du oinarrian Katamixarren basoak. Danimarkan sortu zuten eredua 50eko hamarkadan, Skov-Skole (Basoko eskolak) eta inguruko herrietara zabalduz joan zen. Alemanian, esaterako, ehunka daude, eta gehienak gobernuak berak sustatzen ditu. Euskal Herrian ere badaude era horretako eskolak. Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2019an homologatu zituen aurrenekoak: Azkoitiko Bizilore eskola, Zallako Landabaso eskola eta Berrizko Umerri eskola. Eta horiez gain, badaude beste eskola batzuk ere, naturarekin harreman zuzena sustatzen dutenak. Katamixarren basoa, baina, ez da eskola, orduz kanporako aisia hezitzailerako gunea baizik. “Madrilen egin nuen ikastaro hartan Malagako bikote bat ezagutu nuen. Ordura arte baso eskolen eredua ezagutzen nuen, eta eskola horietako gehienen formatoa bera da: goizetan, umeak basora joaten dira, ikasgelan ikasiko luketena ikastera. Baina, gehienetan, 3tik 6 urtera bitartekoentzat da bakarrik, eta hori luzatu beharra ikusten nuen”. Malagako bikote hark, baina, beste eredu bat erakutsi zion Rubiori: eskola orduz kanpoko eskaintza zen haiena. “Han, naturgune bat eskaintzen diete haurrei, eta beste asko ingeles eskoletara edo musika eskolara doazen bezala, han, umeak basora joaten dira esperimentantzera. Eta eredu hori gauzagarriagoa iruditzen zitzaidan neri honako”, zehaztu du.

 

 •  JAKINGARRIAK:

  • NORENTZAT: HH3tik LH6ra arteko haurrentzat.
  • AUKERAK: Astean hiru egunez zabalduko dute Katamixarren basoa: martitzen, eguazten eta eguenetan, 16:45etik 18:45era. Baina aukeran jarriko dute. Egun bakarrerako eman ahal izango dute haurrek izena, edo bitarako, edo hiruretarako.
  • KUOTA: Astean behin doanak hilean 30 euro ordaindu beharko ditu. Birritan doanak 60, eta astean hirutan doanak, hilean 90 euro. Elgoibarko Izarrako bazkideei %10eko deskontua egingo diete.
  • IZENA EMATEKO EPEA: Uztailaren 2a izango da izena emateko azken eguna. Ikasturtea iraileko bigarren hamabostaldian hasiko dute, baina oraindik ez dute zehaztu zein egunetan. Nolanahi ere, ikasturtea hasi aurretik, ateak irekitzeko eguna antolatuko dute, interesa duten guztiak joan daitezen Katamixarren basoa zer den ikustera.
  • HAURRAK ERAMAN ETA JASO: Sallobente auzoan jasoko dituzte haurrak, Mokoroa parean. Handik oinez igoko dira Katamixarren basora. Errepide ondoko zubia igaro eta bi minutu eskasera dago basoa.
  • ARROPA: Euritarako peto bana emango diete HHko haurrei izena ematean, eta euritarako prakak LHkoei.
  • HELBURUAK. Hainbat helburu zehaztu dituzte: Naturarekin elkarrekintzan aritzeko espazioa eskaintzea aisia hezitzailearen bitartez. Euskarazko komunikazioa eta ahozkotasuna lantzea. Haurren autonomia lantzea (ekintzari eta pentsamenduari dagokionez), euren emozio eta interesekin konektatzeko aukera eskainita. Umeen arteko elkarbizitza eta elkarlana sustatzea. Nekazaritzara gerturatzea eta sektore hori ezagutzera ematea. Haurren sormena sustatzea naturaren bitartez. Euskal kulturara hurbiltzea baserriko mundua, tresneria, auzolana eta abarrak ezagutzeko aukera emanda. Gurasoak basoeskolara gerturatzeko ekintzak garatzea. Genero rolak gainditzea pedagogia berdearen bitartez.
  • LAN METODOLOGIA. Jolas librea