Nora Salbotx Alegriak gure webgunerako eginiko lehen kolaborazioa dugu jarraian irakur daitekeena. Bertan, espazioaren hausnarketatik haragoa joan eta komunikazioan jarri du fokua Norak
Harrigarria badirudi ere, pandemiek hezkuntzan ekarri ohi duten ondorioetako bat espazioaren hausnarketari loturikoa dela erakutsi digute historian hurbilen zaizkigun agerpen handienetako bik. Hala izan zen XX. mende hasieran koleraren pandemiak kateatutako agerraldi ezberdinen ondorioz eta hala izaten ari da gaur eta hemen, koronabirusarenak utzitako irakaspen gisara. Lehenago ere azaldu izan dugu (2021) orduko hartan espazioaren antolaketa eta irakaskuntza formalaren esparruek elkar eskua hartuta nola ibili ziren. Ikasleen ongizate eta naturarekiko kezkek bultzatutako arkitektura berri bat nola ezarria izan zen, ondorioz ekarriko zituena, bertzeak bertze, ikasgela handiagoak, leiho altuak (argi naturalari garrantzia emanen baitzitzaion), iturriak, aire libreko eremu zabalak, lorategiak, komunak eta gisako bertze hainbat neurri.
Orduko hark, aunitz laburbilduz, "espazioa agente osasungarri" jiteko irakaspena ekarri bazuen, oraingo pandemia honek, dagoeneko klasiko bat den L. Malaguzziren "espazioa agente hezitzailearen" ideia politizatu, zehaztu eta eduki berriz hornitzeko parada eman digu. Izan ere, M.L. Estebanen “pandemia garaian presentzialitatea bera politikoa da” hark zabaltzen duen ate erraldoitik hasi eta J. Darken (Kern, 2019:25) “asentamendu oro da eraikitzen duen jendartearen harreman ereduen inskribatze bat espazioan (...) Gure hiriak patriarkatua dira, harriz, adreiluz, beiraz eta hormigoiez idatzita” ideiaraino, espazioa, toki fisiko topografikoaz haraindi, toki sinboliko eta erlazional gisara birpentsatzeko abagune berriak zabaldu dira.
J. Habermasentzako espazio publikoa iritzi sare ireki bat litzateke eta ideia berdintsua darabil A. Harendtek ere eskola definitzen duenean ikaskuntza-baldintza zehatz zenbaiten baitan, hitz egiteko, elkarrizketan parte hartzeko eta bertako kideek heuren historiak elkarri kontatzeko eremu publiko gisara.
Eta hain justu hortxe gelditu nahiko genuke gaurkoan, iritzietan, elkarrizketan, partekatzean, beraz espazioa eta komunikazioaren arteko harreman ikusezin bezain trinko horretan eta, ondorioz, komunikazioa ere, espazioarekin batera, politizatzearen beharrean. Izan ere A. Diez Rodriguezen (2007) lan zinez interesgarriak diosku espazioak denbora mantsotzea dakarrela eta honek, aldi berean, informazioa finkatzea eta gogoeta egitea, komunikazioa sustatzea. Dio aldi berean, gaurko mugikortasun ereduak espaziotik iragatera baizik ez gaituela bultzatzen, komunikaziorako espazioa, espazio geldoa, ekidinez, borratuz, deuseztatuz.
Badagokigu gure buruei galdetzea nolakoa litzateke espazioa geldotzeko gai den komunikazioa, kritikoa eta hezitzailea izanen dena eta Malcolm X-ren hitzei jarraikiz, gure haurrei “mundua eta haien burua ikusteko modu berriak” zabalduko lizkiekeena. Badagokigu, finean, komunikazio gerrillaren estrategian sakontzea eta emandako statu quo-a ezbaian paratuko duten praktika komunikatibo berriak saiatzea.
Ados. Eta nondik hasi bada? Hona hemen komunikazio gerrillari orok kontuan hartu beharreko zenbait arau oinarrizko, behin-behineko eta bukatu gabeko. Horra komunikazio disidentziarako manifestu posibleetako bat: