Kukuline, haurren parte hartzea eta inplikazioa bultzatzea helburu duen proiektua

Ondorengo post-ean Elizondoko ikastetxe publikoak 2019az geroztik hezkuntza komunitatearekin batera sustatzen ari den Kukuline proiektua ezagutzeko aukera izango duzue.

KUKULINE

Kukuline proiektua  Elizondo Ikastetxe Publikoan jaio zen 2019an eta ordutik eskolako kanpo espazioa eraldatzea izan dugu helburu. Honekin batera, bertze hainbat helburu landu dituzte, beraientzako ezinbertzekoak direlako: haurren parte hartzea eta inplikazioa bultzatzea, eskola eta herriaren harremana sendotzea, auzolanak, etorkinak diren familiak integratzea, hirugarren espazio hezitzailea sortzea, hezkuntza komunitatean lan egitea, espazioak birnaturalizatzea, inklusioa bermatzea,  eta nola ez, euskararen eta euskal kultura sustatzea. Bide honetan Tonucci, Heike Freire edo Malaguzzi bezalako autoreek inspiratu gaituzte.

Prozesua martxan jarri aurretik, Oinherriko kide den Txusma Azkonarekin formakuntza egin zuten eta jarraian diagnosi txiki bat burutu zuten. Diagnosi hau egiteko, ikasleek material desegituratuarekin eta jolas librean jolasean jarri zituzten, haien nahiak eta beharrak erregistratuz. Gainera, beraien ametsetako patioa marrazteko eskatu zitzaien. Hortik abiatuz sortu zen Kukuline batzordea.

Prozesu parte hartzailea izan behar zela argi zuten, haurrak erdigunean kokatuz  eta hauek entzunez. Diagnosian bildutako behar eta nahien artean oilategiarena agertu zen, eta hau izan zen Kukuline batzordeak eratutako lehen espazio hezitzailea. Oilategia eskolako aita eta aitatxi batek eraiki eta auzolan txiki baten bidez osatu genuen.

Gaur egun  hezkuntza jardunaldian erabat  integratuta daude oilategia eta ondoren sortutako baratza. Astero gela bat arduratzen da hauen zaintzaz, eta asteburu eta opor garaian familiek hartzen dute ardura. Izugarri ikasten ari dira eta balore anitz lantzen dituzte: auzolana, hezkuntza komunitatean lan egitearen garrantzia, haurrek jakitea gauzak nondik datozen, lana eta ardurak hartzearen garrantzia, animaliekiko zaintza, jasangarritasuna, lurraren lanketa, Baztango ohituren errotzea, lana, erantzukizuna eta errespetua… Baztango ohiturei erroturiko zenbait ekintza edo jarduera eskolan integratu nahi izan dituzte.

Bertze espazio nabarmen eta aberasgarrietako bat baratzearen ondoren sortutako zume-bizia dute. Garaiongo Sorginuneko emakume talde batekin aurrera eraman zuten proiektutxoa. Ikasleek diseinua egin zuten eta auzolan baten bidez landaketari ekin zioten. Zumearen egitura honekin pasabideak, ezkutatzeko lekuak, lasai-gunea… sortu dituzte. Zumea landare bizia denez, zaintza behar du eta bizirik mantentzeko konpromisoari eutsi behar diote.

Hauek lurrarekin lotuta daude baina badituzte bertze proiektu batzuk bukatu berri dituztenak eta espazioak birnaturalizatzea dutena helburu: egurrezko oreka zirkuitua, baso enborra irudikatzen duen eremua eta egurrezko tipi bat. Hauek Udalak emandako diru-laguntzari esker egin dira. Bestetik auzolanean  zirrikekin egindako zirkuituak ere egin dituzte ikuspuntu motorraren aldetik erronkak bilatzen dituzten ikasle anitz dituztelako, bertzeak bertze. 

AUZOLANAK

Egindako auzolanetan ikasleek parte hartu dute eta ikaragarria izan da hauek lanean ikustea, bakoitza bere gaitasunen arabera. Batzuk margo lanak egiten dituzte, bertzeek indarra eskatzen dutenak, bertze batzuk eraikuntza edo muntaia lanak… guzti honek zaintza eta ardura kontzientzia dakar. Gainera, auzolanek Hezkuntza Komunitate moduan jarduteko aukera eman diete. Jendea gogoz, ilusioz eta pozik ikusi dute. Arras polita izan da eta jendearen elkartasuna sumatu dute. 

Azkeneko auzolanean Marokoar jatorrizko bi familia etorri ziren eta lan eta lan aritu ziren. Baita amatxiak ere. Parte hartzea eta presentzia eskainiz integratu nahi izan ditugu familia anitzak ikastetxean. Azken urteotan eskolan matrikulatutako ikasleen artean etorkin kopuruak nabarmen egin du gora, eta hau gure herriaren eta ikastetxearen errealitatea da. Errealitate honi, beraz, erantzuna eman behar diote, aniztasuna positiboki baloratuz eta inklusioa bultzatuz. Inklusioak aspektu ugari biltzen ditu, eta patioaren eraldaketak honen alde egin duela iruditzen zaie, ikasle guztiak eta hauetako bakoitza kontuan hartzen saiatu baitira.

Proiektu hau beraz, Hezkuntza Komunitate moduan burutzen ari dira. Eskolako familia, ikasle, irakasle eta langileek lagundu diete, herritarrek, Lanbide Eskolako ikasleek, tresneria eta makinak dituzten zenbait langilek, Baztango Udalak eta bertako Hondakinen Teknikariak, eta bertzelako aditu batzuek. Beraz, ELKARLANA izan dute ardatz.

Proiektua finantzatzerako orduan, Baztango Udaletik jasotako diru-laguntza jaso dute, baina hori ez da nahikoa izan. Beraz, Berrikuntza Proiektuetako diru laguntza deialdietara aurkeztu dira, jasangarritasunari lotutako diru-laguntza txikiak eskatu, lehiaketetara aurkeztu, ferietan postuak antolatu, zozketak egin, eta beste zenbait ekintza burutu dituzte

Gaineratu, eraldaketaren emaitzetako bat herriko jendea eskolara gerturatzea izan dela. Izugarrizko poza ematen die horrek eta aurrera egiteko indarra. Eskola eta herria bateratu nahi dituztelako eta haurrek gozatzeko eremua eskaini nahi dutelako.
Bukatzeko ahaztu gabe prozesu guzti honen protagonistak haurrak direla aipatu nahi izan dute; haurrei begira, haurrendako eta haurrengatik egindako proiektua baitute Kukuline.