Konfinamendua zerbait izan bada, bi estenatoki horiek ikusteko abagunea izan da. Mundua gu gabe nolakoa izango litzateken, eta gu, mundurik gabe, etxekotutako animalia gisa, nolakoak izango ginateken.
Konfinamendua zerbait izan bada, bi estenatoki horiek ikusteko abagunea izan da. Mundua gu gabe nolakoa izango litzatekeen, eta gu, mundurik gabe, etxekotutako animalia gisa, nolakoak izango ginatekeen.
Gure balkoietatik, gizakirik gabeko munduan, txoriak entzuten hasi ginen, euren ezkutalekuetatik ateratako orkatzak hondartzetan, basurdeak ezinbestean oinezkotutako kaleetan jaun eta jabe, eta landaretza dagokion lekua berreskuratzen. Gure ego antropozentrista bete betean zaurituz.
“Natura gu gabe inoiz baino biziago eta ederrago dago!” bati baino gehiagori entzundako komentarioak, naturan soberan ez ote gauden pentsatzera eraman gaitzake. Eta agian hala da. Baina ikasle garaiko biologiako ikasgaiko lehen oinarrizko ikaskuntza etorri zait orduan gogora: natura izaki bizidun eta ingurun naturalaren arteko elkarrekintza dela, alegia.
Bizidunak eta ingurmen naturala ezin dira bereiztu. Elkar-ekintza etengabean bizi gara. Eta gizakiak ez gara salbuespen bat. Eta gaixotasunak? Zer dira naturako akatsak? Hala inguruneak izaki bizidunei jartzen dizkien erronkak, ingurunera egokitzeko baliabideak garatzeko eta eboluzionatzeko?
Covid-19aren pandemia biodibertsitatearen galerarekin erabat lotuta dagoela ondorioztatu dute ikerketa askok. Animalien habitat naturaletatik gero eta gertuago bizi garenez, zoonosi bidez gugana salto egiteko aukera ikusi du birusak. Zeruan egunero 11.000 hegazkin harantz eta hona, 6.000 milio pertsona baino gehiago, mundu zabalean zehar, etengabeko mugimenduan, erraza izan da salto hori, pandemia geldiezin bihurtzea.
Krisi honetatik ikasgai asko atera daitezke eta aterako ditugu, ziur. Baina bat azpimarratu nahi genuke. “Gerra” honek ez luke birusaren kontrakoa bakarrik izan behar. “Gerra” honek gure bizitzeko modu ez jasangarriarrekin zerikusi zuzena duelako. Egiturazko aldaketa sakonak behar ditugulako gure kontsumo ohituretan, energia ereduetan eta naturarekiko eraiki dugun botere harremanean. Bioaniztasunaren aberastasuna izango baita guretzat txertorik onena.
Mugarik gabeko hazkundea ez da posible, amaitu da. Sinplifikazio edo konplexutasunaren galtze ordenatu baten garaia iritsi da. Des-hazkundearen unea. Des-hazkunde ordenatu, solidario eta kolaboratibo bat egitea da orain tokatzen den iraultza. Hobera joatea, jada ez baita gehiagora joatea. Hobera joatea, guztiontzat bizitza duinak bermatuko dituzten komunitate txiki demokratiko eta autoaskeak eraikitzea litzatekeelako.
Eta honetarako baldintza ezin hobeak ditugu Euskal Herrian; ekofeministoaren bidetik, jada martxan dauden ekimen komunitarioak saretuz. Ez da horrenbeste ez dakigula zer egin, baizik eta nola meta dezakegun egin nahi dugun hau egin ahal izateko beharko dugun botere guztia. Autoeraldaketa prozesu eraginkorrak, gutako bakoitzaren barnean eman beharreko iraultzak, euskarri politiko sendoekin uztartzea lortzea, alegia.
Datorrena datorrela ere, komunitate bezala saretuta topa gaitzala. Ziurgabetasunak ez gaitzala paralizatu. Huts egiten ari den betiko boterearen aurrean, gara dezagun autoeraketaren kultura. Betebeharretan oinarritzen den kultura bat, ez hainbeste eskubideetan, eta inolaz ere ez pribilejioetan. Kontzientziak sakon eraldatzea, hortxe benetako zailtasuna, benetako erronka. Gutasunetik hasiz, munduan eragiteko.