Haurrek koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendua eta alarma egoera nola bizitzen ari diren ikertzen ari da kideon elkartea. Bertako kide da Nahia Idoiaga EHUren Bilboko Hezkuntza Fakultateko bilakaera eta Psikologia Saileko irakasleak.Ikerketa egiteko (elkarrizketa amaieran parte hartzeko esteka)haurrei eurei egoera honen inguruko marrazkiak egitea proposatzen diete, gaiaz mintzatzea, eta garrantzitsua deritzote familiek ikerketan parte hartzea,ikerlariek ebidentzia zientifikoak edukitzeko, eta halaber, seme-alabekin egoeraz hitz egin ahal izateko abagunea ezartzen duelako.
IDOIAGAK BERE DOKTOREGO TESIAN OSASUN IZURRITEEK EMOZIOETAN ETA OSASUNEAN ZER ERAGIN DUTEN IKERTU ZUEN, ETA PERSPEKTIBA HORRETATIK BEGIRATZEN DIO ORAINGO OSASUN-KRISI HONI. HAURRAK, ETA EGITEN ARI DIREN ESFORTZUA ERREKONOZITZEA ETA ERDIGUNEAN JARTZEA BEHARREZKOA DELA DIO IKERLARIAK.
Osasun izurriteek emozioetan eta osasunean zer eragin duten ikertu zenuen zure doktorego-tesian. Oso gainetik bada ere, zein dira eragin larrienak? Eta haurrengan zehazki, zer ondorio izan ditzake gisa honetako osasun krisi batek?
Beno, nik tesian ikertutako izurriteak A gripearena eta Ebolarena izan ziren, nabarmena da, momentu honetan ez direla doi-doi konparagarriak koronabirusaren krisi hau eragiten ari den inpaktu soziala askoz bortitzagoa baita. Halere, helduetan ikusi izan genuen, beldurraz gain haserre eta neke emozioak ere sortzen zirela. Haserrea, izurriteen gestio eskasagatik edota komunikabideen bonbardaketagatik eta haserre horri lotuta baita neke emozional bat ere. Egia esan, haurrei buruz tesian ez nuen ezer ikertu eta egindako bilaketetan beraien emozioei buru gauza gutxi agertu izan da (maila klinikoko ikerketak kenduta). Hau da badirudi iruditzen zaigula nolabait izurriteak ez direla “umeen kontua” eta galdetu ere ez diegula egiten nola sentiarazten dituzten, nahiz eta oraingo krisian ikusten dugun bezala, beraiengan ere eragin zuzena eduki dezaketen.
Konfinamendua ezarri denean ez da haurrei buruz hitz egin, eta etxean geratu beharra izan dute. Erraza da esaten, baina haurrentzat zer nolako esfortzua ari da izaten hau? Ikerketa abian duzue, baduzue emaitzarik?
Nire ustez honen guztiaren arazo nagusienetako bat da haurrei (eta ezta familiei ere) ez zaiela egiten ari diren esfortzua errekonozitzen. Ez nabil txaloei buruz hizketan, baizik eta benetako errekonozimendu instituzional eta sozial bat. [Pedro] Sanchezek bere diskurtsuan haurrak aipatu ere ez zituen egin, txakurrak bai, hiruzpalau aldiz. Hau da, sozialki halako irudikapen guztiz helduzentriko bat zabaldu da, non erabaki dugun haurrak etxean geratu behar direla eta kito, eta gainera, kexarik gabe. Hau da, ni ez naiz baloratzera sartuko momentuan hartu beharreko neurri beharrezkoa den edo ez haurrak guztiz etxean edukitzea, hori osasungintzako profesionalek baloratu beharko dute eta, egia esan, inguruko herrialdeetan gauzak desberdin egiten ari diren heinean, hau guztia bukatzen denean konparatzeko laginak izango ditugu (ebidentzia zientifikoan oinarritutakoak). Baina aldarrikatzen duguna errekonozimendu bat da, haurrak erdigunean jartzea.
Haurrak oso erresilienteak dira, hau da, edozein gurasori orain hilabete esango bazenio bere seme-alabak hilabetez etxean egon beharko zutela, hori ezinezkoa zela esango lizuke, baina badaude, eta oso ondo ulertu dute betebeharra, baina horrek ez du esan nahi ondo daudenik. Gure ikerketaren funtsa haurrei beraiei ahotsa ematea da, hau da, ez dugu soilik gurasoek nola ikusten dituzten baloratu nahi, baizik eta haiek jarri nahi ditugu erdigunean beraien hitzen bidez eta marrazkien bidez nola dauden esateko, arnasa hartzea faltan botatzen dutela esan digute, korrika egitea (baina benetan, pasilloan korrika egitea ez baita benetan korrika egitea), lagunak, aitona-amonak…. Beharrizan horietako batzuk agian ezingo dira ase denbora luzez, baina beste batzuk itxialdia baretzen doan heinean asetzen joan litezke. Laburbilduz, iruditzen zaiguna da errekonozimendu gutxi dagoela haurrekiko, agian kontrakoa ere gertatzen ari da “deabrutze” puntu bat ere badago. Anekdota gisa, ni pasa den astean alabarekin kalera atera nintzen medikuarenera joan beharra izan genuelako (hagineko mina zuen eta haginlariarenera joan beharra zuen), emakume batek kalean ikusi eta nabarmenki guri begira espaloiz aldatu zuen. Anekdotikoa da noski, baina emakume horrek seguruenik etxean 20 egun daramatzan umeak baino probabilitate gehiago izango du gaixorik egoteko. Hau da honekin esan nahi dudana da errekonozimendu gutxi egoteaz gain, estigma sozial bat ere sortu dela, gaixotasunaren garraiatzaile asintomatikoak direlakoan, eta hau guzti hau landu beharra dago.
Era berean, erraza da esaten haurrek kalera atera behar dutela. Baina osasungintzako profesionalak konfinamendu osoa eskatzen ari direlarik, nola jokatzea iruditzen zaizu zuzenena? Nola bermatu genezake haurrek kalera ateratzeko duten premia eta birusaren zabalpena saihestea?
Lehen esan bezala, gu ikertalde gisa neurri zuzena zein den baloratzera ez gara sartuko. Halere, jada badaramatzagu aste batzuk gu konfinamendu osoan eta inguruko hainbat herrialde konfinamenduan baina haurrak 30-60 minutu irteteko eskubidearekin. Garrantzitsua litzateke osasun agintariek konparaketak egitea. Hau da, irten edo ez irten erabakitzeko ebidentzia zientifikoak sortzea. Baina horretarako umeak erdigunean jartzea beharrezkoa da.
Haurrak kalera ateratzeak, ordubetez pasio bat emateak, zer-nola arinduko luke euren egoera?
Beno, inguruko herrialdeetan ez haurrei baizik eta helduei ordubetez kirola egitea baimendu zaienean, argi esan da osasun mental eta fisikoaren onuran egiten zela. Seguru kalera irtete horrek haurrek duten arnas eta mugimendu beharra arinduko liekela. Gainera, gure ikerketan etxeetan zein kanpo espazioa duten ere galdetzen dugu eta askok ez dute inolako aukerarik kanpora ateratzeko (ez balkoirik, ez terrazarik, ez ezer). Hau da, oso egoera ezberdinak daude itxialdi honetan. Nik aurrekoan nioen kokoteraino nagoela famatuen argazkiak ikusteaz haien mantsioetan itxialdirako animoak emanaz; baina, hemen ere, baserri batean bizi den umea edo balkoi gabeko pisu batean bizi dena, ez daude egoera berean. Itxialdia arintzen joan ahala, helduok bezala erantzukizunez joka dezakete haurrek beraien ongizatea nabarmenki hobetuta ikusiko baitute. Gainera, txakurren jabeak erantzule izango direla aurresuposatzen dugun bezala, zergatik ez dugu berdina egiten gurasoekin?
Hala ere, beste behar batzuk ere badituzte umeek, lagunekin egotekoa, aitona-amonekin egotekoa… Horiek bermatu al daitezke konfinamendu-egoeran? Zer egin dezakegu horiek bermatuak izateko?
Hor daude teknologia berriak. Gure haurrek, esate baterako, 96 urteko birramonarekin skype-ak egiten dituzte. Halere, gure seme ertaina, 4 urtekoa, aitona-amonekin haserre dago berak ez duelako nahi haiekin tabletetik hitz egin, berak haien etxera joan nahi du. Ulertzekoa da eta ulertzen dugula argi utzi diogu baina momentuz gauzak horrela izan beharko direla azaldu diogu. Ikerketan ume gehienek esan digute lagunak, eskola edo aitona-amonak faltan botatzen dituztela. Ulerkorrak izan behar dugu eta guk ere ulertu behar dugu bideo-deia edo benetan jolastea ez direla gauza bera. Horrez gain, nire ustez, eskolek eta bereziki irakasleek aurrean duten erronka nabarmen bat harreman plano horretan dago, bereziki haur txikienekin. Eskolak bat-batean geratu ziren bertan behera, hasieran 15 egunerako zirudiena asko luzatzen ari delarik. Garrantzitsua da eskolek plano akademiko batetatik erantzutea, baina hori bezainbeste edo gehiago, irakasleek haurrei hor jarraitzen dutela erakustea garrantzitsua da, plano sozial eta afektiboa lantzea. Gure seme-alaba nagusiek (4 eta 6 urtekoek) beraien irakasleen bideo bana jaso dute aste honetan. 4 urteko semea guztiz hunkitu zen, erdi negarrez, 2 aldiz ikusita jada bideoa buruz zekien. 6 urteko alabak behin eta berriz ikusi nahi izan du bideoa. Eskertzekoa da benetan, beraientzako ikaragarrizko energia “txutea” izan da.
Badira ume batzuk are behar larriagoak dituztenak, etxean egoera gogorrak bizi dituztenak. Izan gurasoen arteko harreman txar edo biolentoengatik, izan pobrezia egoeragatik… horiei nola eragiten diete neurri hauek?
Guk gai hau ikertu ez dugun arren, nabarmena da ume hauen panorama oso gorra dela, imaginaezina. Baina muturretara joan gabe ere, telelanagaitik gurasoak guztiz agobiatuta dauzkan umea, edo gurasoak autonomo izanda beraien negozioengatik arduratuta daudenak, edo familian galeraren bat izan dutenak, edo sasoi makal bat pasatzen ari direnak…kasuistika oso zabala da. Ongi dago itxialdia ikuspegi positibo batetatik hartzea, baina Instagram edo Facebookeko argazkietan ageri garen/diren bezain alai ez gaude guztiok
Umeen ongizatea erdigunean jartzeak, zer-nolako aldaketa ekarri beharko luke neurrietan? Zer egin behar da birusa ez hedatzeko baina egoera zaurgarrienean dauden pertsonak —izan haurrak edo bestelako beharrak dituzten pertsonak— aintzat hartzeko?
Hasteko, errekonozimendu publikoa egon dadila. Norvegiako lehen ministroa (emakumea bera) [Erna Solberg] haurrei zuzenean zuzendu zitzaien egoera azaltzeko eta itxialdian biziko zutenaren zergatia azalduz, eskerrak emateko. Sanchezek txakurrak aipatu zituen, umeak ez. Eta umeak aipatzean direnean plano akademikoan erdiratzen gara, asko jota pobrezia larrian daudenen elikadura aipatzen dugu, eta hori garrantzitsua da, baina bada baita haiei subjektu aktibo bezala nola dauden galdetzea ere, nola sentitzen diren eta zein premia dituzten galdetzea. Premiak ase ezin arren, gutxienez galdetzea. Horregatik gure ikerketaren funtsa haurrak erdigunean jartzea izan da, galdetegi hori erantzuteak gurasoei esfortzu bat eskatuko dien arren, era bakarra baita ebidentzia zientifikoarekin haien ongizateari buruzko ondorioak ateratzeko.
Haurrentzat egoera hau zenbat denboran izan daiteke jasangarria?
Lehen esan bezala, haurrak oso erresilienteak dira. Halere “jasangarri” terminoa oso anitza izan daiteke. Aguantagarri baldin bada galdera ba suposatzen dut denbora luzez, jada luze izaten ari da eta. Baina “osasuntsu” bada galdera agian jada luzeegia ere bada, eta beste neurriak arintzen doazen heinean, beraiek ere erdigunean jartzeko momentua izango da.
Badaude, baita ere, egoerara nahiko ongi moldatzen ari diren haurrak. Harrigarria zaie guraso askori haurrak zeinen ongi ari diren moldatzen. Nola da posible? Etxeko giroa, etxearen baldintzak… zein dira faktoreak?
Lehen esan bezala, nik uste denok gaudela harrituta haurrak zein ausart eta “heldu” ari diren portatzen, haien rola nola ulertu duten. Baina horrek ez du esan nahi ongi daudenik edo ez guztiz ongi behintzat. Haserrealdiak, kasketaldiak, negarrak askoz ugariagoak ari dira izaten, normala den eran. Loan ere eragina ari da izaten, maila fisiologikoan. Aguantatuko dute gogorrak dira-eta, baina itxura horregatik haratago agian ez daude hain “ondo”. Horregatik garrantzitsua da gurea bezalako ikerketetan parte hartzea, “ondo” edo “txarto” gauden hori ebidentzia zientifikoz neurtzeko, eta gure mikroplano txikitik haratago plano orokor bat izateko.
Haurrak kalera ateratzeari dagokionez, badirudi gizartea ez dagoela prest haurrak modu ordenatuan kalera ateratzeko. Geure buruaz pertzepzio hori daukagula… Prest ikusten al duzu gizartea ardura kolektibo hau hartzeko? Horrek ez al luke antolaketa edo sare bat eskatuko?
Lehen esan bezala txakurren jabeak horretarako prest badaude, gurasoak zergatik ez? Ikasi egin behar genuke, bai. Kalean lagun bat ikusten badute baina ezin badira gerturatu, distantziatik hitz egin beharko dutela ikasiko dute. Edo ulertu beharko dute, baita ere, hasiera batean ezingo garela parkera joan baina bai bizikletan ibiltzera, paseatzera, patinetean ibiltzera… Etxean hainbeste egun egon behar direla ikasi baldin badute, helduotako asko baino askoz jarrera hobearekin aterako dira, zergatik ez dira gai izango horretarako? Sarea diozu, nik sarearen beharra ondorengo hilabeetan nabarmena izango dela deritzot zaintzei aurre egiteko, zeren eta badirudi haurrak eskoletara itzultzen azkenak izango direla, beraz nork zainduko ditu helduok lan-lekuetara itzuli behar garenean, nola gestionatuko da
Hau guztia? Egongo al da gizarte laguntza publikorik? Haurrek konfinatuta jarraitu behar badute familientzako politika sozialak ezinbesteko dira.
Zaintza-sare komunitarioek nola lagundu dezakete egoera zaurgarrian dauden familiei?
Zaintza-sare komunitarioak, orokorrean herriz herri sortzen ari direnak urregorria dira, jendartea zoriontzekoa da eta mila milioika esker ematekoa. Halere, berriro diot, politika publiko sozialek egin beharko liekete aurre egoera hauei, eta egiten ez dutenez, zaintza-sareak eratzea da bidea. Ume akok eskolako lanekin laguntza behar dute, ume askok gurasoak lanera itzultzean zaintzeko norbait beharko dute, etxean bakarrik umeekin dauden aita eta ama askok erosketetarako etab.-erako laguntza behar dute eta abar oso luzea da, zaintza-sareak, momentuz, egoera hauei aurre egiteko dugun auzolan instrumentu nagusiak dira.
Parte hartzeko esteka: https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLScu2SB4NZi5hvq-1YCwm_YUli8vcTwz-8V-rWAL1HMUcvbopA/viewform
Kideon elkartea: https://kideon.eus/