Naiara Beldarrain: “Jolas librea eta natura uztartu nahi ditugu”

Plentzia, Barrika eta Gorlizko 14 familiak Naturan Jolasteko Taldea sortu dute, haurren errutinak aztertu ostean, premia jakinak identifikatu dituztela-eta. Gurasoek kudeatuko dute proiektua eta horretarako formakuntzak jasoko dituzte.

Iturria:Guraso.eus

Naturara gerturatzeko taldea sortu duzue… Zein beharrek bultzatuta?

Sentitu dugun behar nagusiena haurrek naturarekin harremana estutzea izan da. Udan, naturan pasatzen dugu denbora gehiena –hondartzadun herrian bizi baikara–, baina udazkenetik aurrera, asko jaisten da harekiko dugun kontaktua. Normalean, eskolatik irten, eta, zuzenean, eskolaz kanpoko ekintzetara edo ludotekara joaten dira haurrak.

Hala ere, taldea sortu dugunean konturatu gara gutariko askok naturara jotzen genuela, baina bertan ez genuela norekin jolastu. Taldearen helburua, hortaz, bi behar hauek asetzea da: ingurumenarekin kontaktua areagotzea eta jolas libre eta autonomoan aritzea.

Zergatik da garrantzitsua haurrak naturarekin harremanetan heztea?

Jakina da aire librean jolasteak haurren osasun fisiko eta psikologikoari laguntzen diela. Horrela, haien ikasteko gaitasuna sustatatuz.

Zertan datza zehazki proiektua? 

Proiektuaren helbururik nagusiena, esan bezala, ingurumenarekin kontaktua ahalbidetzea da, jolas libre eta autonomoaren bitartez. Proiektua gurasoek kudeatuko dugu, eta, horretarako, lehenik eta behin, formakuntza jasoko dugu Lurmaitteko Maiderren eskutik: jolas librea zer den eta nola kudeatu behar den ikasiko dugu. 

Bi planteamendu ditugu. Lehenengoa, eskolak amaitu ostean, basoan elkartzea eta bertan jolasean aritzea, eta bestetik, pandemiak bultzatuta haurrak eskolara ez eramatea erabaki duten familiak basoan edo hondartzan elkartu ahal izatea, umeen soziabilizazioa ahalbidetzeko.

Zein puntutan zaudete?

Taldea sortu berri dugu, eta asteburuan formakuntza jasoko dugu. Gurasoek kudeatutako taldea izanik, –eta profesionalak ez garela kontuan izanda– formakuntza jarraia jasoko dugu: jolas librea, gatazken kudeaketa, errespetuzko heziketa, limiteen ezarpenean… Jarraian, ekimena martxan jarriko dugu.

Gauzak horrela, zein da hurrengo pausua?

Basoaren egoera aztertu behar dugu, garbiketak egin eta arriskuak dauden guneak identifikatu.

Naturan Jolasteko Taldeak aukeratutako txokoetako bat, haien proiektua gauzatzeko.