Mikel Garciak argia.eus atarian idatzitako artikulua argitaratu dugu hurrengo publikazioan.
Udaleku publikoak itxi zituzten uztailean Eusko Jaurlaritzaren aginduz, baina udaleku pribatuek ateak zabalik mantendu zituzten; orain Jaurlaritzak erabaki du kirol ez federatuko lehiaketak debekatzea, baina federazio pribatu bateko kide bazara, lehiatu zaitezke. Federazioetako kuota ordaindu dezaketenak ez al dira kutsatzen? Ala jarduera publikotarako baliabidetan inbertitzea baino erosoagoa da herritarrak eremu pribatura bideratzea?
Nafarroan, %30eko aforoarekin mantendu daitezke haur-parkeak, baina Iruñean zuzenean itxi egin ditu udalak, argudiatuz ezin dela parkeetako aforoa bermatu. Haurrentzako aisialdi pribatuak, horrek zabalik jarraitzen du, eta iradokitzen dena da kudeaketa publikoak bermatu ezin duen segurtasuna bermatzen duela pribatuak, edo bestela, kudeaketa pribatuari ez zaiola exijitzen publikoari exijitzen zaion bermea, eta pandemia garaian larria da hori.
Estrategia ona darabil administrazioak, ez bakarrik jarduera oro pribatizatzeko, baita eskuak garbitzeko ere. “Zerbait gertatzen bada, eremu pribatuan izan da, ez eskatu kontuak guri”. Arduragabekeriaz jokatzen ari da administrazioa, erakunde pribatuen bizkar uzten ari delako jarduera seguruak antolatzeko erantzukizuna.
COVIDaren aitzakian espazio eta eremu publikoa lapurtu digute, baita haurrei ere, pandemiaren gestio honetan agintariek behin eta berriz zigortuak. Arduratsu jokatzen ikusten ditut nik umeak, baina pandemiaren kudeatzaileek beren turko-burua hautatu duten gisan –parranda multitudinarioa egiten duen gaztea, kutsadura guztien iturri–, beren neurrien biktima isilak ere –ez bakarrak– aukeratu dituzte: haurrak.