Ikasturtea amaitu gabe batzuentzat edo amaitu berria egonik beste batzuentzat, "El Corte Inglesen” antzera, jada hurrengo ikasturtea dugu ahotan hezkuntza munduan
Ikasturtea amaitu gabe batzuentzat edo amaitu berria egonik beste batzuentzat, "El Corte Inglesen” antzera, jada hurrengo ikasturtea dugu ahotan hezkuntza munduan:
Hasiko ote gara? Zein baldintzatan? Berriz ere konfinatuko ote gaituzte?
Galdera hauek eta halako beste hainbat dabilzkigu hezitzaile artean, eta egoki antolatu nahian, heldu zaizkit hainbat proposamen eta pentsamendu honen inguruan.
Eta hauek aztertzen hasita, harriduraz ohartu naiz, proposamen gehientxuenak alde “sanitarioari” begira edota hari erantzuteko pentsatuak zeudela. Hau da, gure arloa, pedagogikoa, albo batera utzi eta soilikgarbitasuna, higienea edota halako kontuetaz pentsatu izan da . Gehienez jota, on-line emateko edukietaz aritu da baten bat.
Non geratzen da haurra? Non gaztea? Non haien beharrak? Pentsatu al dugu arlo pedagogikotik zein erantzun eman beharko ote diogun egoera honek sortu dituen gora-beherei?
Aipatzen dira beraz sartzeko neurriak (ate batetik sartu, bestetik atera), garbiketa kontuak (gel horiek noiz eman, zenbat aldiz garbitu eskuak…), distantziak nola mantendu patioan (txandak egin beharko?), gurasoen sarrera nola antolatu (ala debekatu?), …
Hala ere, ez dut jaso aipamen handirik haurren beharren inguruan:
Nola jaso haurrak sei hilabete eskola/ikastola joan gabe egon eta gero?
Sei hilabeteko etena oso luzea da, eta bitarte horretan gauza asko –eta batzuk oso larriak- gertatu zaizkie:
Jakin badakigu, haurren laurdenak antsietatea pairatu izan dutela (Save the Children erakundearen datuen arabera); aldi berean, tratu txarren deiak %60a igo egin ziren konfinamendu garaian; haur askoren konfinamendu egoera (hirietan bereziki) zaila izan da naturarekin kontaktu ezagatik; euskararen erabilpenean ere eragina izan du, eskola/ikastola baita aunitzentzat euskaraz hitz egiteko aukera bakarra…
Zerrenda luzea da, eta gehiago luzatu daiteke:
Nerabeen artean depresio kuadroak nabarmen igo dira, tristura nagusi izan da haur askoren artean “lagun gose baitziren”, behar handiak dituztenen kasuetan terapia askok bapateko mozketa izan dute, horrek ekarri dituen ondorio larriekin; zaurgarritasun egoeratan bizi diren haur-familien kopurua ere ez da makala, eta kontutan izan behar dugu haur hauek ikasturte berrian jaso beharko ditugula.
Beraz, aipatu ditugun kasu guzti hauen aurrean, zer neurri hartu beharko ditugu?
Argi izan behar dugu gure erabakiek ezin dutela berriz ere traumatizatu haurra, hau da, adi egon beharko dugu emozionalki nola jasotzen ditugun.
Bizi izan dugun egoera nahasi honetan zerbait argi bada, haurren arteko kutsatzea 0ra hurbiltzen dela zientifikoki baieztatua dago. Beraz, ez gaitezen itsutu haurren arteko distantzia edota halakoetaz.
Bestalde, haur askok bizi izan duten natura defizita dela eta (konfinamendu aurretik ere gure artean zabalduta genuen gaitza) eskola/ikastola erantzun egokia ematen saiatu beharko da: kanpoan proposamen gehiago eskainiz, material naturalekin jolasak proposatuz, irteera gehiago eginez…
Lehen aipatu dugun lez, euskarak ere bere lekua izan beharko du Euskal Herriko hainbat eremuetan, bere garrantzia emanik, ezin izanen baita asko aurreratu ikasgaietan hizkuntza galera handia izan dutenekin.
Inklusioari ere bere lekua eman beharko diogu, hainbat egoera gogorren aurrean erantzun duina emateko baikara.
Aipatu ditudan atal hauek, eta beste batzuk, kasualitatez (edo agian ez da hain kasuala) Oinherrik dituen printzipioekin bat datoz:
Haurren kulturaren aitortza beharrezkoa da, eta haien hitza entzunda izateko neurriak hartu behar ditugu eskoletan; eskola parte-hartzailea izan behar duela aldarrikatzen dugu, euskalduna, aniztasuna onartu eta bermatzen duena, ingurumen naturala eta kulturala sustatzen duena, komunitate-sarea sortu eta indartuz.
Txusma Azkona