Juntura kooperatibak gidatu ditu lanak, Usurbilgo Udalaren eskariz: joan-etorrirako ez ezik, bertan egoteko espazio atsegina sortzea izan dute helburu, komertzioz inguratutako Sagardo plazari bizitasuna eman asmoz.
Usurbilgo Udalak esku-hartzea egin berri du Sagardo plazan, tokiko komertzioa hirigintzaren bidez bultzatzeko asmoz. Juntura kooperatibari eskatu dio lana gidatzeko: ezohiko egitura bat jarri dute, hainbat eserleku eta biltegi bat dituena, eta pintaketa lanak egin dituzte. Lanok azaroan egitekoak ziren, baina azken hilabeteetan izandako hornidura arazoek atzeratzea eragin zuen; urtarrilean hasi eta orain bukatu dute, azkenik.
Hirigintza komertzialaren ildoari jarraitzen dio Sagardo plazako esku-hartzeak: komertzioak biltzen diren espazioak biziak izan daitezela bilatzen du, eta, horretarako, hirigintzaz baliatzea proposatu. Hala, Sagardo plaza, joan-etorrirako espazioa izateaz gain, egoteko leku atsegina eta bizia izan dadin jarri dute egitura, Ainhoa Arrozpide Landa Enplegu Sustapeneko eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez: “Gure ustez, egun, erabilera urria du espazio publiko honek, eta horregatik erabaki dugu hemen egitea esku-hartzea”. Egiturak esertzeko hainbat aukera ematen ditu, hamaka bat ere badu, baita armairu edo gordailu bat ere. Horrez gain, pintaketa lanak egin dituzte, plazarako arreta erakartzeko eta oinezkoen sarbideak markatzeko.
Esku-hartzea Beterri-Buruntza eskualdeak sustatutako Guztion Eskualdea programaren bidez egin du udalak, Arrozpidek azaldu duenez. “Proiektu horren baitan, bi lan-ildo nagusi jorratzen dira: batetik, lokal hutsen aktibazioa, eta, bestetik, espazio publikoaren aktibazioa. Sagardo plazako esku-hartzea bigarren horren barruan kokatzen da: izan ere, gure ustez, kaleko bizitza eta herri merkataritza banaezina den binomio bereko kideak dira; batak ezin du iraun bestea gabe”.
Egitura. Plazaren berritze handirik egin gabe, plazaren erabilera areagotu zezakeen esku-hartzea egiteko eskatu zion udalak Juntura Kooperatibari, Nagore Goñi Aranak azaldu duenez. “Egongela baten itxura hartu genion plazari, dituen ezaugarriengatik: oso bildua da, trafikotik babestua, lasaia, eta horri eutsi diogu egin dugun esku-hartzearekin”. Egoteko, esertzeko, etzateko edo mahaian biltzeko elementuekin lortu dute hori, Goñiren esanetan.
Kolore deigarriarekin margotu dituzte egitura bera eta kaleko altzari batzuk, herritarrak Sagardo plazara erakartzeko. “Hain bildua dago plaza, kanpotik ez dela ikusten barrukoa, eta koloreak arreta deitzeko funtzio hori betetzen du. Eta, horrez gain, egitura eta kaleko altzariak kolore horrekin margotzeak batasuna ematen dio guztiari”.
Gordailua. Egiturak berekin dakar gordailu txiki bat, plazari bizitza emateko beste elementu bat, Goñiren hitzetan. Gordailu hori irekita egongo da beti, eta denbora pasarako hainbat aukera izango dituzte herritarrek. Sutegi udal-liburutegiak, Gaztelekuak eta Bihurri ludotekak parte hartu dute gordailua hornitzeko langintzan, eta aurrerantzean ere elkarlanean jardungo dute.
Sutegi liburutegiak hainbat argitalpen utzi ditu gordailuan, liburutegiaren arduradun Bakartxo Iguaranek azaldu duenez. Bertan dagoen materiala hor egon bitartean kontsultatu edo begiratzeko helburuz jarri dute: aldizkariak, ipuin-liburuak, ilustrazio liburuak, olerkiak, ezagutzara bideratutakoak... “Argitalpenen arteko oreka bilatzen saiatu gara, adinari, genero literarioari eta bestelako aldagai batzuen arabera. Edonola ere, bizirik egongo den bilduma bat da, tarteka berritzen joango baikara”.
Era askotako argitalpenak ez ezik, jostailuak ere baditu gordailuak.
Ildo beretik egindakoak. Azken urteetan herrigunean egindako beste zenbait esku hartzeren filosofiari jarraitzen dio Sagardo plazakoak. Azkenak Olanoenea plazakoa eta Kale Nagusiko 10.zenbakiko pasabidean Irantzu Lekuek egindako murala dira, baina gehiago ere izan dira norabide horretan udalak bultzatutako lanak: Mikel Laboa plazara iristeko oinezko pasabideak hobetu ditu Zubiaurrenea-Errekatxikitik eta Artzabal-Olarriondotik; Mikel Laboa plaza oinezkoentzako egokitu du, eta handik Kale Nagusira iristen diren Irazu, Etxebeste eta Hirutasun kaleak eraberritu dira. Arrozpideren esanetan, udal-gobernuaren asmoa da herriko gune gehiagotan norabide berean eragiten jarraitzea.